Xole ARAMENDI
ADARRA SARIA JASO DU ANARIK

GAUA DA, KOTXEAN SARTU NAIZ...

OSPAKIZUN GAUA IZAN ZEN OSTEGUNEKOA ANARIRENTZAT. BI HAMARKADA HAUETAN BIDAIDE IZAN DITUEN MUSIKARIEZ, LAGUNEZ ETA ETXEKOEZ INGURATUTA JASO ZUEN ADARRA SARIA. BI ORDUZ BERETZAT ESANGURATSUENAK DIREN KANTUAK ALETU ZITUEN, ZALEEN GOZAMENERAKO.

«Gaua da, kotxean sartzen naiz, euri malkoak parabrisan eta ilargiak ez dit esaten ez non, norekin ikusten zaituen gau hontan». «Horrela hasi zen dena», esan du Anari Alberdik 1997 urrun hartan argia ikusi zuen “Anari” diskoa gogoan. Bere ibilbide emankorrari hasiera eman moduan, hitzokin, ekin dio azkoitiarrak kontzertuari.

“Gure mundua” kantuaren atzetik beste makina bat kantu datoz, kronologikoki eskainiak. Bere biografia musikala osatuz, agertoki gainean zein kanpo izandako garapenaren isla. “(H)erra kanta”, “Minaren funtsa”, “Bihotza galdu dut”, “Aztarnak”, “Habiak”, “Denbora”, “Aingura hegodunak”, “Zure ertza”, “Isla”, “Harriak”, “Amua”, “Ametsen eraiste neurtua”, “Orfidentalak”; “Oreinak”, “Piromania”, “Epilogoa”.... argitaratutako bederatzi diskoen lekuko.

Eta Victoria Eugenian elkartu zirenek zeharkatu dituzte basamortuak eta basoak, igeri egin dute ur abisaletan zein errekatan, amildegiaren ertzean ikusi dute euren burua... Eta oreinak, arrainak, zebrak eta txori beltzak ere, Anariren unibertso partikularraren ikurrak, batu dira ospakizunera.

Amari eskaini zion bere lehen disko hura eta Victoria Eugeniako saioa ere bereziki harentzako da. Baina ez harentzako bakarrik. Oparien gaua da. Anarik, hogei urteotan bidaide izan dituen musikariek eta zaleek –antzokia lepo betez, sarrerak ziztu batean agortu ziren–, denek, elkarri egindako oparia.

Lagun artean doa gaua eta Anarik ondoan izan zituen, abestietan txandakatuz, Xabi Strubell, Pello Ramirez, Jomes, Maite Mursego, Petti, Borja Iglesias, Txap, Ager Insunza eta Beñardo Goietxe. Eta nola ez, bere taldekideak: Drake, Mariano Hurtado, Mikel Txopeitia, eta Ander Mujika. Guztiak konplizitate keinuz betetako festa giroan, elkarrekin saria partekatuz. «Kostako zaizue berriz saria pertsona bati eman eta hainbesteri ematea batera. Saria askoren artean banatzekoa da. Inoiz baino gehiago Anari gara gaur pilo bat», nabarmendu zuen.

Entzuleen artean euskal kulturgintzako aurpegi ezagun ugari ikus zitezkeen eta Anarik aipamen berezia egin nahi izan zien batzuei: Bernardo Atxaga, Jon Maia eta Iñigo Aranbarri, besteak beste. Amaia Apaolaza eta Mikel Laboa ere Victoria Eugenian izan ziren gau batez. Antiguako musikaria izan zen Adarra saria jasotzen lehena –gero etorri ziren Benito Lertxundi eta Fermin Muguruza– eta Anari izan da lehen emakumea. «Ez dugu emakumea saritu, artista saritu dugu», nabarmendu zuen Eneko Goia Donostiako alkateak saria ematerakoan txalo artean.

Atzean geratu dira, selektibitatea gainditu berri, bigarren eskuko bateria eskuratu eta jotzen ikasi zueneko garaiak. Bi hamarkadotan gizonezkoena den munduan –oholtzan ondoan zituenak ikustea besterik ez zegoen, Mursego izan ezik denak baitziren gizonezkoak– erreferentzia izatea lortu du Anarik.

Une batez Anari bakarrik dago agertoki gainean, biluzik, gitarra lagun. “Iparraldeko neska”, Bob Dylanen bertsioaren txanda. Joseba Sarrionandiak ere badu bere tokia “Lagun izoztua” abestiarekin.

Oholtzaren azken irudia, hamalau lagun musikari elkarrekin eta publikoa zutik. «Izugarria da 50 urte betetzear eta politena orain bizitzea», entzun diogu Anariri aurreko egunetan. Nostalgiarik ez, onena iristear dago.