Maitane ALDANONDO
Donostia

EKINTZAILEAK ETA INBERTSOREAK HARREMANETAN JARTZEKO EKIMENA

CITA Emprende egitasmoak ekintzailetza ekosistema indartzea helburu du. Horregatik, jardunaldi bat egin berri du enpresa gazteei behar duten finantzazioa edo bazkideak lortzen laguntzeko. Ekimenen artean, interes berezia piztu du «start-up» lehiaketak.

Proiektu bat gauzatzeko ideiak bezainbesteko garrantzia du beharrezko baliabideak izateak. Ekintzaileen kasuan, gako nagusia finantzazioa izan ohi da, askotariko bideetatik lor daitekeena: erakundeen diru laguntzak, prestaketarekin uztartu ohi diren bizkortze programak, maileguak, bazkideak... Funtsezko aldagai horretaz eta intereseko beste batzuez hausnartzeko aukera izan zuten enpresari berriek Tabakaleran egindako CITA Emprende jardunaldian. Baina ez hori bakarrik, kontaktu ugari egiteaz gain, batzuek dirua eskuratzeko parada ere izan baitzuten. Zehazki, start-up lehiaketan sariren bat irabazi zuten lau enpresek.

Norgehiagokak parte hartzeko aukera eman zien zibersegurtasuna, fabrikazio aurreratua, energia, ekonomia zirkularra, alor digitala, eta elikadura, finantza edo zuzenbide alorreko teknologiak lantzen dituzten enpresa berriei, betiere, baldintza batzuk beteta. Batetik, negozio eredua eskalagarria izatea, eta, bestetik, berritzailea izatea produktua edo teknologia bera edo merkatuko beharrei erantzuteko modua.

«Izena eman duten 50 proiektuak aztertzeko ardura izan du CITA Emprendek batzea lortu duen bazkide kolaboratzaile talde batek: inbertsio funtsak, bizkorgailu publikoak, pribatuak, zentro teknologikoak... Ehun guztia ordezkatzen dute, ekosistemako eragileak dira, ekintzailetzaren alorrean lehen lerroan daudenak», zehaztu zuen ekitaldia aurkeztu zuen Gipuzkoako Enpresen Elkarteko (ADEGI) ekintzailetza ataleko Josean Rodriguezek. Haiek hautatutako hamar finalistetatik zazpi, Hego Euskal Herrikoak dira; bi, Estatukoak; eta bat, Alemaniakoa.

Zozketa bidez erabakitako hurrenkeran irten ziren enpresen ordezkariak Tabakalerako agertokira. Bakoitzak 10 minutu zituen ekintzailetza alorreko profesionalen aurrean hitz egiteko, sei, mugarriak, helburuak eta beharrak azaltzeko; eta gainerakoak, epaileen galderei erantzuteko. Osasunari eta ongizateari lotutako proiektuak izan ziren nagusi. Diagnosia edo tratamendua hobetzen laguntzen dutenak, hala nola, 2 motako diabetesa –Patia–, biriketako minbizia –Indicate Solutions– edo iktusa izan duten gaixoen errehabilitazioa –Fesia–. Baita adinekoen estimulazio kognitiborako errealitate birtualeko edukiak –Oroi–, elikadura osagarri eraginkorrago egiteko estaldurak –Nucaps–, edo lan osasuna eta segurtasuna hobetzeko plataforma bat ere –WearHealth–. Kudeaketa eraginkorrerako bi sistema ere aurkeztu zituzten. Batak, Zapiens, langileen ezagutza modu eraginkorragoan baliatzen laguntzen du; besteak, Engineea, gauza bera egiten du ekipo nahiz prozesuekin. Beste bi proiektuak oposizioetarako material didaktiko digitala sortu duen Éxito Oposiciones eta Textia izan ziren. Azkenak, Varstiff zuntz adimentsua aurkeztu zuen, gogortu egiten dena geruza arteko airea kentzean.

Dirua baino gehiago

Ordu eta erdi luzeko saioa amaituta, lau izan ziren dirua eskuetan zutela joan zirenak. Zapiens, Engineea eta Patia izan ziren hiru proiektu onenak, 15.000 euro, 9.000 euro eta 6.000 euro jasoz, hurrenez hurren. La Caixak, aldiz, Textiari eman zion 2.000 euroko saria. Kopuruak ez dira inondik ere nahikoa izango adierazi zituzten helburuak lortzeko, nahiz eta lagungarri izan. Baita aretoan batu ziren inbertsoreek, eragileek nahiz bestelako profesionalek euren berri izatea ere. Horixe nabarmendu zuen iazko irabazle izan zen Blackbinder enpresako zuzendariak, eurek garatutako partitura irakurgailua baliatuta lehiaketa ixteko egin zuten musika erakustaldi laburraren aurretik.

Elkar ezagutu, sinergiak piztu eta ikasteko abagunea izan zuten egun osoko egitarauaren amaiera izan zen lehiaketa. Jardunaldiaren xedea hori baitzen, saretzea eta harreman berriak sortzea enpresa txiki eta ertain, start-up eta inbertsoreen artean. Hori ahalbidetzeko askotariko jarduerak aurrera eraman zituzten: aurkezpenak, mahai teknikoak, hitzaldiak, saretze luntxa... Datu gisa, speed meeting delakoetan –banakako bilera laburrak– «140 match» edo harreman sortu zirela nabarmendu zuten antolatzaileek.

Era berean, hitzordua erabili zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BIC zentroek lehenengo BIC Start Up Day topaketa egiteko. Erakunde horiek lagundutako Industria 4.0, Energia eta BioOsasun alorreko 30 enpresak parte hartu zuten, hiru atal tematiko horietan banatuta. Proiektuaren nondik norakoak argitu, eta mentoreen aholkuak entzun zituzten. Datozen urteei begira, topaketa hiru herrialdeetan txandaka egitea nahi dute.

CITA Emprende, ADEGI eta “El Diario Vasco”-k sortutako egitasmoa da, eta babesle ditu Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Sustapena, Euskaltel, Elkargi, Laboral Kutxa eta Caixabank.