Asier AIESTARAN
Arrauna

Urdaibai garaile, nahiz eta igo berriek langa igo duten

Urdaibaik iaz amaitu bezala ekin dio aurtengo Ligari:garaipena ospatzen. Bermeotarrek, ordea, azkenunera arte sufritu behar izan dute, tarteak estuakizan direlako oso: sei ontzi 10 segundoren barruan.

Eusko Label Ligaren 16. ekitaldiak hasiera ezin hobea izan zuen atzo Bilbon. Eguraldi aparta, giro bikaina ibaiaren bi alboetan eta goi-mailako ikuskizuna uretan. Eta estropadak irabazle eta galtzaile bat baino gehiago utzi zituen arren, guztien gainetik Urdaibai nabarmendu behar. Egungo txapeldunak argi utzi zuen ez dagoela ezer barkatzeko eta aurreneko egunetik bideratu nahi duela segidan lortutako bere hirugarren titulua litzatekeena, zazpigarrena guztira.

Bermeotarrek 19.34.54ko denborarekin lortu zuten garaipena, eta aipagarria da ontzi onenen artean izandako tarte estua. Hondarribia bigarren izan zen, baina irabazlearengandik 2,02 segundora baino ez; eta bigarrenaren eta hirugarrenaren artean 32 ehuneneko bakarrik egon ziren. Aurreneko sei ontziak 1o segundoren barruan sartu ziren.

Emozio bete-betea

Erlojupekoak normalean oso ikusgarriak izaten ez diren arren, atzoko estropadak sekulako emozioa izan zuen. Irteera ordena erabakitzeko iazko sailkapena errespetatzea erabaki zenez, Donostiarra eta Santurtzi, talde bikainak dituzten bi igo berriak, aurreneko txandan irten ziren. Baita asko berrindartu den Cabo eta beti txukun aritzen den San Pedro ere.

Oso indartsu ekin zioten guztiek estropadari eta hasieratik ikusi zen bi igo berriak koska bat gorago daudela. Lehen bi ziabogetan ia denbora berdina egin ostean, hirugarren txandan Santurtziko “Sotera” aldeak ateratzen hasi zen, eta amaieran kontuan hartzeko denbora ezarri zuen: 19.36.88. Donostiarra sei segundora heldu zen, eta, Cabo, behetik gora eginez, 13ra.

Erreferentzia balekoa zen edo ez bigarren txandan ikusiko zen, eta Ondarroa, Tiran, Pasai Donibane eta Zierbena horren jakitun ziren. Ondarroak hortxe-hortxe eutsi zion demari lehen bi luzeetan, baina hirugarrenetik aurrera Zierbena bakarrik izan zen Santurtziren denboretara hurbiltzeko gai. Azken luzean saiatu ziren barruan zeramaten dena ematen, baina, hala ere, Juan Zunzuneguiren mutilek ez zuten lortu santurtziarren marka hobetzea: 1,90 segundora geratu ziren. Ondarroak denbora dezente galdu zuen azken bi luze horietan eta San Juan nahiz Tiran beheko borrokari begira geratu ziren.

Horiek horrela, dena hirugarren txandako oilarren esku geratu zen: Kaiku, Orio, Hondarribia eta Urdaibai. Hemen ere hasieratik ikusi zen Kaiku jada ez dagoela sailkapen nagusiko onenekin lehiatzeko moduan, baina beste hirurek ere harrokeria gutxi lehen txandako ontziekiko: Hondarribiak larri-larri berdindu zuen Santurtziren 9.39koa, Urdaibai bi segundo atzetik zen eta Orio jada bostera. Gainera, haizearen indarrak ere apurtxo bat gora egin zuen eta estropadaren bigarren zatia emozio handikoa izan zen.

Erreferentziak izatearen abantailarekin, eta sekulako maila daukatelako noski, Hondarribiak eta Urdaibaik lortu zuten Santurtziren denbora hobetzea. Lehenik gipuzkoarrak sartu ziren, moreen denbora 32 ehunenekotan hobetuz, eta azkenik bermeotarrak iritsi ziren, sekulako azken txanpa jo eta garaipen bikaina eskuratuz.

Txanponaren beste aldea Orio eta Kaiku izan ziren. Segundoei begiratuta tarteak txikiak izan arren, oriotarrak seigarren posturaino jaitsi ziren amaieran, galera dezentea sailkapen nagusia begiz jota duen talde batentzat. Eta zer esanik ez Kaikuren porrotaren inguruan. Sestaokoek denborarik txarrena egin zuten helmugan. Gainera, hiru segundoko zigor bat ere jaso zuten, antza denez, irten aurretik uretara zerbait botatzeagatik. Horrez gain, arraunlari batek (Iñigo Pelayo etxeko gaztea) ondoezik amaitu zuen proba.

Behin karta (ia) guztiak mahai gainean ipinita, datorren asteburuan Portugaleten eta Zierbenan jakingo dugu atzo ikusitako zertzeladak denboran luzatuko diren joerak diren ala ez.

 

Beroak eta emozioak «gogortu» dute eguna

«Oso gogorra izan da. Hogei minutu izan dira, etengabe segundo bat aurretik edo segundo bat atzetik gindoazela jakinda. Eta egiten zuen beroak ere asko gogortu du estropada», onartzen zuen Eneko Bilbao Urdaibaiko patroi gazteak amaieran. «Horrela hastea oso garrantzitsua da. Garaipen honek konfiantza handia emango digu aurrera begira eta ea denak bide onetik jarraitzen duen», gaineratu zuen bermeotarrak hurrengo hitzorduetara begira jarriz.

Hondarribiko arraunlariak ere ez ziren haserre, nahiz eta azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan. «Espero bezala, egun oso gogorra izan da. Beroa alde batetik, erlojupekoa... Bagenekien tarteak oso txikiak izango zirela eta halaxe izan da. Ontzi asko sartu gara oso segundo gutxiren barruan, eta horregatik bigarren postuarekin oso pozik amaitu dugu», izan ziren Gorka Egiazu debutariaren hitzak Eusko Label Ligari eginiko adierazpenetan. «Oso urduri nengoen irteeran, baina oso pozik amaitu dut», zihoen bere esperientziari buruz.

Eta beste garaile handi bat Santurtzi izan zen, hirugarren sailkatuta. «Oso pozik gaude. Santurtzi bezalako talde bat berriz ere goiko mailan ikustea, eta horren lan ona eginez... Agonia hutsa izan da beste emaitzen zain egon beharra bi txanda oso. Sekulakoa zatekeen bandera irabaztea, baina hirugarren postuarekin ere oso pozik gaude», aitortu zuen Asier Zurinaga patroi bizkaitarrak.

Jon Lecanda Zierbenako arraunlaria eta Arkaitz Diaz Donostiarraren patroia ere oso gustura agertu ziren lortutako laugarren eta bosgarren postuekin.A.A.