Maider IANTZI
USURBIL

Zirrara, diru laguntza publikoen eragin soziala neurtzeko tresna

Usurbilgo eta Oñatiko udalek ezuste atsegina hartu dute Zirrara metodologia probatuta: uste zuten baino jende gehiagorengana ailegatzen dira diru laguntzekin. Eragileak ere kontent gelditu dira emaitzarekin, euren lanaren garrantzia ere bistaratu baita. Bi aldeentzat izan da egitasmo interesgarria, egiten dutena balioan jartzeko.

Zirrara metodologiak diru laguntza publikoen inpaktu soziala neurtzen du. Elhuyar eta Sinnple aholkularitzek gidatu dute proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren laguntzaz. Bi aldeetan dagoen kezka bati erantzun diote: batetik, laguntza ematen duenak, udalak eta administrazio publikoak oro har, aunitzetan ez daki eraginkortasun guztiarekin erabiltzen den dirua, xedea lortzen ari den.

Bertzetik, laguntzak jasotzen dituzten eragileek kasik jendartearen aitzinean justifikatu beharra dute. «Ematen du diru laguntzetatik bizi direla eta ez da egia. Diru laguntzak jasotzen dituzte, proiektu batzuk eta guztiz lehiakorrak izaten diren deialdiak garatu ahal izateko eta herriari izugarrizko ekarpena egiteko», azpimarratu du Jon Abril Elhuyarreko aholkulariak.

Helburua metodologia bera diseinatzea eta aplikatzea zen. Usurbilgo eta Oñatiko udalekin paraleloan lan egin dute. Lehenbizi estrategia eta legegintzaldirako asmoak aztertu zituzten, eta ondotik diru laguntza programak. Bi diru laguntza deialdi aukeratu zituzten: Usurbilen kulturakoa eta kiroletakoa, eta Oñatin kulturakoa eta auzoetako programakoa. Arlo horietako teknikariak inplikatu zituzten prozesuan.

2017an egin zuten lana, baina 2016ko diru laguntza deialdia ikertu zuten, hasi eta bukatua zegoen prozesu oso bat behatu nahi zutelako. «Eragileek aurkeztutako dokumentazioa aztertu genuen, zer erran zuten eginen zutela eta benetan zer egin zuten, eta herrian zer eragin izan zuen. Deialdiak berak zer informazio ematen zuen ere begiratu genuen, eta zein helburu zuen eta zein izan beharko zukeen landu genuen eurekin batera», kontatu du Abrilek. «Horrek ekarri zuen aitzinera begira helburua birformulatu beharra, sarri buruan duguna eta paperean biltzen duguna ez datozelako bat. Helburua argi eduki behar da, deialdia ahalik eta eraginkorrena izan dadin».

Deialdi horrek zein aldaketa eragin beharko lituzkeen aztertu zuten, bai herrian bai eragileengan, ariketa praktiko batzuen bidez. «Helburu hori lortu nahi badugu, gaur egun egiten dugunetik zer egin beharko dugu desberdin?».

Gauza aunitz atera zirenez, batzuk lehenetsi zituzten, eta arlo batzuk zehaztu. Deialdi bakoitzean hamarren bat adierazle aukeratu zituzten, bi faktore kontuan hartuta: batetik, neurtzeko erraza izatea; bertzetik, eragin nahi zuten aldaketa hori ahalik eta hobekien neurtuko zuten adierazleak aukeratzea. «Ez genuen erreminta konplexurik sortu nahi. Erabilgarria izatea nahi genuen».

Udal eta eragileen erantzuna

Datuak bildu, aztertu, eta ondorioak atera zituzten. Bi udalen erantzuna «izugarria» izan da. Ezuste atsegina hartu zuten: diru laguntzekin uste zuten baino jende gehiagorengana ailegatzen ari ziren.

«Zenbat gauza lortzen diren eta zer ahalegin dagoen gibelean ikusteko balio izan zuen. Gabeziak, normalean ezagunak zirenak, dimentsionatzeko ere bai. Adibidez, elkarteen arteko harremana sustatzeaz hitz egiten dugu baina gero ez da baliabiderik jartzen. Hori hobetzeko proposamenak luzatu dizkiegu: elkarlanari puntuazio altuagoa ematea, egitasmoak saritzea, giza baliabideak jartzea...».

Hobetzeko gomendio sorta zabal bat eman zieten. «Usurbilen badakit zenbait gauza aplikatzen hasiak direla. Adibidez, dirutan ematen den laguntza neurtu ohi dugu. Udalean bazegoen behar bat ikusarazteko badaudela bertzelako baliabide batzuk, aunitzetan horiek bezain garrantzitsuak, ekitaldiak antolatzeko azpiegiturak eta pertsonak jartzea kasu».

Atera duten ondorioetako bat da hor inbertitzen den diruak sekulako eragina duela bizitza sozialean. «Itzulera ekonomikoa neurtzetik ihes egin, eta inpaktu sozialari erreparatu diogu. Zer gertatuko litzateke herri batean ez balitz diru hori bideratuko? Dinamismoan eta herritarren arteko harremanetan duen eragina izugarria da. Oñatin 200 bat herritar aktibo daude urte osoan lanean eta hori izugarrizko aberastasuna da. Herriari ematen dion bizitza, bizi kalitatea, harreman osasungarriagoak, benetako kultur eskaintza aberats bat, anitza… Ikusarazi ahal izan dugu zeinen garrantzitsua den halako sareak eraikitzea, elkartegintza hori suspertzea eta elikatzea», nabarmendu du aholkulariak.

Eragileak ere kontent gelditu dira emaitzarekin, euren lanaren garrantzia ere bistaratu baita. Bi aldeentzat izan da proiektu hagitz interesgarria, egiten dutena balioan jartzeko.

Nahi duten udalei eskaintza

Orain bertze udal batzuetan eta Gipuzkoako Foru Aldundian bertan ere probatu nahi dute Zirrara metodologia, egiten duten horri dimentsioa emateko eta hobetzeko hagitz interesgarria dela uste dutelako.

«Ikasgai aunitz ateratzen da halako tresna batekin, eta egiten duguna komunikatzeko ere baliagarria da. Bide bat egitea nahi genuke izugarrizko potentzialitatea ikusten diogulako». Edozein udalek interesa izanez gero Elhuyar Aholkularitzarekin harremanetan jarri bertzerik ez du.

El dinamismo cultural de Oñati y Usurbil, en una simple mirada

En el Ayuntamiento de Oñati se sorprendieron al percatarse de que casi 200 personas trabajan activamente durante todo el año en la cultura, o al saber que ofrecieron 70 espectáculos en un año. Valoran mucho el trabajo en común y comprobaron que nueve actividades se organizaron gracias a la colaboración de diferentes asociaciones. No quieren que la ciudadanía sea mera consumidora de la cultura; lo que buscan es que el mismo público participe y vieron que han llevado a cabo quince actos de estas características.

Por su parte, en el Ayuntamiento de Usurbil estaban preocupados con el patrimonio, no sabían si llegaban a la gente con los actos relacionados con el patrimonio, y vieron cómo participaron 800 personas. Desde la perspectiva del idioma, querían saber cuánto se utilizaba el euskara en los actos y comprobaron que todas las actividades se realizaron en esta lengua. Otra inquietud era cómo se repartía el dinero entre el entretenimiento, el ocio cultural, la educación cultural y el patrimonio y cuántas actividades se organizaban en cada ámbito. Los resultados de la metodología Zirrara les mostraron que los desequilibrios eran menores de los esperados y también les dieron pistas para saber dónde hacer un mayor esfuerzo para equilibrar más la balanza. En las imágenes se visualizan los resultados en una simple mirada. Es una buena manera de comunicar.M. I.