Taldekako eredu berriari esker, inoizko Xilaba jendetsuena abiatuko da urrian

Formula berriarekin helduko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketa urriaren 12an. Abenduaren 1era bitarte ohiko banakoaren ordez, taldeka jokatuko da Xilaba. Hiru lurraldeetako 11 taldek eman dute izena, eta 43 bertsolari eta 15 gai-jartzaile eta antolatzaile arituko dira. Gazteei txapelketara jauzi egiteko urratsa erraztea, parte-hartzaileagoa izatea eta bertsolaritza gune eta jende berriengana helaraztea du xede.

Idoia ERASO | AZKAINE

«Antolaketa berri honekin ikusi da badela mugimendu pixka bat Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bertsolaritzaren inguruan. Antolatu izan den txapelketa jendetsuena da, eta parte-hartzeak konfirmatu digu aldaketa egin behar zela», baieztatu du Xumai Murua Berra Bertsularien Lagunak elkarteko presidenteak.

Hiru lurraldeetatik heldu dira taldeak, Maule-Zuberoatik Kantiniersak taldeak hartuko du parte, eta Nafarroa Beheretik Eskukula (Amikuze), Tirrit (Baigorri, Itsasu) eta Otsoaren 7 Umeak (Donibane Garazi). Gehiengoak Lapurdi izanen du jatorri: Dilindan (Makea eta Hazparne), Ezkorbrutak (Hiriburu), Sasi Bertsolariak (Hendaia eta Ziburu), Ostatu Batuak (Hendaia eta Urruña), Mattinsalto (Azkaine eta Sara), Kontrabanda (Azkaine eta Sara) eta Kosta ala Kosta (Hendaia).

Antolatzaileek aldaketarekin parte-hartzaile gehiago izanen zirela espero bazuten ere, izena eman dutenen kopurua «sorpresaño» bat izan zela aitortu zuen elkarteko buruak. Adin guztietako jendea biltzea ere lortu dutela azpimarratu zuen.

Lurralde bakoitzak bere berezitasunak agertu baditu ere, oro har taldeak bailaraka antolatu dira. Hala ere, Ipar Euskal Herriko lurralde populatuenak eta biztanle gutxien dauzkatenak taldeen osaketan ere islatzen dira. Ekialdean lurralde osoa hartzen duen taldea da Maule-Zuberoakoa. Kostaldean, aldiz, Hego Lapurdi aldean, herri batzuek talde bat baino gehiago dituzte. Gaztetxeen inguruan taldeak osatu direla ere nabarmendu zuen Muruak; Donapaleun eta Hendaian, esaterako, bertatik abiatu da dinamika.

Lehen fasea urriaren 12an hasi eta azaroaren 4an bukatuko da, baina egun zehatzak eta tokiak oraindik ez dira erabakiak izan. Horren arrazoia antolaketa berriaren eredua da; izan ere, talde bakoitzak lan ezberdinak hartu beharko ditu bere gain, eta horien artean dago bakoitzak bere herrian saio bat antolatzea.

Orain taldeek dagozkien asteburuak zeintzuk diren jakinik, ze egunetan eta ze tokitan eginen duten erabaki beharko dute. «Lehen fasean ez da taula gainean izanen bortxaz, ostatu edo gaztetxeetan izan daiteke, herri bakoitzak ikusiko du antolakuntza egokiena zein den», azaldu du Muruak. Antolakuntzan askatasun hori utzi nahi dute, txapelketa «parte-hartzaileagoa» izan dadin. Izan ere, antolaketan ere ardurak partekatzea dakar formula berri honek, emanaldiak «auto-antolatuak» izanen baitira hein handi batean, talde bakoitzak daukan inguruaren ezagutzak arrakasta handiagoa lortzea ekar dezakeen esperoan.

«Urrats honek manera ematen du jende berriarengana eta leku berrietara heltzeko», gaineratu du lehendakariak. Hori da, hain zuzen, eraldaketa honen arrazoietako bat, horren gibelean «berritzearen beharra» eta «aniztasunaren nahia» aurki baititzakegu.

Bakarkakora aurkeztuko ez liratekeen gazteak hurbilarazi nahi dituzte, eta bertsolaritza-ren munduan ibili arren kantuan ari ez diren pertsonek ere aurkezteko aukera izanen dute horrela, gai-jartzaile edo epaile gisa. Talde bakoitzak bere herrian saio bat antolatu, bitan kantatu eta beste batean epaile gisa aritzeko engaiamendua hartuko du. Saio bakoitzean lau talde ariko dira norgehiagokan. Irailean emanen da ezagutzera egutegi zehatza.

Berritzearen arrazoiak

«Aldaketarako gogoa» izan da formula berrira mugitzearen arrazoi nagusia; duela bi urteko lehiaren ondoren bilana egin eta agerian gelditu zen nahia izan zen. «Berritzeko beharra» ere aipatu zuen presidenteak, mendearen hasieran antolatzen hasi ziren Xanpionaren ostean.

Ororen buru aldaketa honek «giroa du xede, eta elkarrekin gozatzeko parada eskaintzea» bertsolaritzaren inguruko pertsonen artean. Muruak «ludikotasuna» aipatu zuen helburu gisa, eta hori lortzeko talde bakoitzean izanen diren hiru bertsolariek zein ariketatan parte hartu nahi duten hautatzen ahalko dute.

Sailkapen faseetan hamaika ariketa izanen dira, eta horiei emanen zaien puntuazioa bukaeran baizik ez da zabalduko. «Funtsean, xedea presio gutxiago izatea eta gozamenerako izatea da», zehaztu zuen Bertsularien Elkarteko kideak, eta gaineratu zuen: «Bertsolaritza sustatzea du xede, eta bereziki horrelako bertsolaritza».

Txapelketa Nagusia

Beste lurraldeetan ezagunak diren taldekako txapelketen eredura igaroko da Xilaba aurten, baina besteekiko ezberdin egiten duena, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako iparraldeko hiru lurraldeetako sailkapen ofizialerako hitzordua dela da. Hori dela-eta, aurten eredu berria abian jarriko bada ere, 2020an banakako ereduan antolatuko da berriz.