Manex ALTUNA
EUSKARA, INGELES

ANIZTASUNAREN EDERTASUNA, INOR IZORRATZEKO ASMO BARIK

ESKERRIK ASKO, MUCHAS GRACIAS, THANK YOU SO MUCH». EUSKARA, GAZTELANIA ETA INGELESA ERABILIZ ESKERTU ZUEN URREZKO MASKORRA SARIA JAMES FRANCO ZINEMA ZUZENDARIAK. «ANIZTASUNAREN EDERTASUNA» IDEIA BERE EGINEZ, HIRU HIZKUNTZAK «NATURALTASUNEZ» UZTARTZEN SAIATZEN DIRA ZINEMALDIAN.

Jendaurreko egoeretan euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin udako ikastaroa antolatu dute EHUk Bilboko Abandoibarrean duen Bizkaia aretoan. Soziolinguistika Klusterreko Asier Basurtok eta EHUko irakaslea den Eduardo Apodakak zuzentzen dute, eta eredu praktiko bat ezagutarazteko asmoz, Donostiako Zinemaldian komunikazioaz arduratzen den Ruth Perez de Anucitak jaialdiarekin lotuta antolatzen dituzten ekitaldietan egiten duten hizkuntza kudeaketa azaldu zuen.

Gaur egun, euskara, gaztelania eta ingelesa dira Zinemaldiko hizkuntza ofizialak. 2009ra arte frantsesa ere erabiltzen zuten, baina aurrekontu faltagatik kendu egin behar izan zuten. 1953an sortu zen Donostiako zinema jaialdia eta hasieran behintzat, ez baitago inon jasota, ez zen euskararik erabiltzen. Perez de Anucitak azaldu zuenez, 1977an «iraultza txiki bat» izan zen festibalaren antolakuntza arloan eta euskara erabiltzen hasi ziren. Pixkanaka, izan ere, 90eko hamarkadara arte ez zegoen euskarazko itzultzailerik agerraldi guztietarako.

Galetan edo sare sozialetan txio asko bota behar dituztenean, hiru hizkuntzak tartekatzen saiatzen direla azaldu zuen. Datu bezala, 2017ko galetan %50 gaztelaniaz hitz egin zen, %40 euskaraz eta %10 ingelesez, aipatu zuenez.

«Ez da eredu perfektua, ziur asko oso urrun dago, baina lantzen ari gara», azaldu zuen Perez de Anucitak. Ildo horretan, Zinemaldiaren helburua ez dela euskara sustatzea esan zuen, baina «maitatzen» dutenez azken urteetan euskara indartzeko joera izan dela uste du, «gizartearekin bat eginez». «Aniztasunaren edertasuna» aipatu zuen ideia bezala, «inor izorratzeko asmorik gabe», eta zinema jaialdiak atzerrira begiratzen duen arren, inork ez duela pentsatzen euskara alboratu eta gaztelania eta ingelesa bakarrik erabiltzea. Adibide bezala jarri zuen James Franco zinema zuzendari estatubatuarrak Urrezko Maskorra jasotzerakoan hiru hizkuntzak erabili izana eskerrak emateko eta, baita ere “Handia” filmeko kideak sari berezia jaso zutenean egindako hitzaldia. Bestalde, filmak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin ikusteko oraindik zailtasunak daudela aipatu zuen: azken Zinemaldian 200 filmetatik 24tan bakarrik egon zen aukera hori.

SSIFF, logo berria

Ruth Perez de Anucitak Zinemaldiko logo berriaren inguruan orain dela hilabete batzuk egon zen eztabaida eta zergatia ere izan zituen hizpide. SSIFF, San Sebastian International Film Festivalen akronimoa aukeratu dute «sendotasun bisual» gehiago behar zutela uste zutelako. «Zinemaldia» bakarrik erabiltzeari hiri izaera falta zitzaiolako eta Donostia izendapena erabiltzeko ez zirela «indartsu» ikusi azaldu zuen. «Oker gaude, edo ez zen momentua, bost urte barru egoera aldatuko da agian», esan zuen.