Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

«Larrun 2020» egitasmoari buruzko ingurumen txostena agindu du Pauek

Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentearen etxera, Bidaxunera, eraman du Larrun ez Hunki! kolektiboak proiektuaren gainean dagoen informazio faltari buruzko salaketa.

Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Biriatuko kabinete bati agindu dio Larhun mendian garatu nahi duen egitasmoari buruzko ingurumen txostena egitea. Tren ttipiaren zerbitzua berritzea xede duen proiektuaren azterketa Simethis bulegoarekin lankidetzan jarduten duen Joseph Andueza-Maia Agor kabineteak eginen du. Departamenduak prentsa ohar baten bidez baieztatu zuenez, aipaturiko agentziak «Larhuneko eremuarekin lotura duten eragile ezberdinekin» harremanak sustatuko ditu bere txostena osatzeko.

Iazko ekainean aurkeztu zuten “Larrun 2020” izeneko proiektua, Larhun mendira igotzeko trena, turisten harrera gunea eta aparkalekuak eta tontorreko eraikinak egokitzeko asmoz, eta harrabots handia eragin du eremu horren inguruan bizi diren herritarren artean. Proiektua ezagutu eta berehala Larrun Ez Hunki! kolektiboa sortu zen. Hainbat informazio ekimen sustatu du taldeak geroztik proiektuaren argi-ilunak azaleratu eta mendi eremu horren geroari buruzko gogoeta sustatzeko xedez.

Ildo beretik, joan den larunbatean Jean-Jacques Lasserre departamenduko buruaren etxe aurrean, Bidaxunen, protesta egin zuten berriro kolektibo horretako 30 bat lagunek. “Larrun 2020” egitasmoari buruz informazioa lortzeko egin dituzten eskaerek erantzunik ez dutenez jaso, Lasserrerekin hitzordua eskatuz gutun erraldoia utzi zuten agintariaren baratzean.

10.000 sinadura

Heldu den udazkenean abiatzekotan den «kontzertazio prozesuari» dagokionez, kolektiboak argi azaldu du oinarrizko proiektuaren gainean adostasuna bilatzea zaila izanen dela.

Larrun ez Hunki-k onartzen du beharrezkoa dela tren zerbitzuaren segurtasuna bermatzea eta mendi tontorrean dagoen eremua berritzea. Alta, dagoeneko 10.000 lagunek sinatu duten eskaera batean nabarmendu duenez, ez du onartzen ez Larhungo tontorrean dagoen eremua zabaltzea ez tren ttipiaren bidaia kopuru handitzea, esku-hartze horiek turistifikazio arriskua areagotuko luketelako.