GARA
BILBO

EHUn ordubeteko lanuztea egin dute, ostiralean hildako lankidea gogoratzeko

Maiatzaren 21ean Bilboko Ingeniaritza Eskolan langile batek istripua izan zuen eskailera batzuetatik erortzean. Ordutik koma egoeran zegoen, pasa den ostiralean haren heriotzaren berri eman zuten arte.

EHUko sindikatuetako ordezkariak campus guztietan elkarretaratu ziren atzo eguerdian lan istripu baten ondotik ostiralean zendu zen lankidea gogoratu eta laneko ezbeharrak gaitzesteko.

Gehiengo sindikalak deituta, (LAB, ELA, Steilas, UGT, CCOO) langile zein ordezkariek ordubeteko lanuztea egin zuten 12.00etatik 13.00etara eta, tarte horretan, ordu erdiz mobilizatu ziren. Istripua gertatu zen Ingeniaritza Eskolaren parean batzeaz gain, Leioan, Donostian eta Gasteizen ere egin zituzten elkarretaratzeak.

Unibertsitateko Administrazio eta Zerbitzuetako langilea zen ostiralean zendu zena, hilabete eta erdi koman egon ostean. Istripua maiatzaren 21ean jazo zen Bilboko Ingeniaritza Eskola barnean. Larrialdi egoeretarako kokatuta dauden eskaileretatik erori zen langilea eta buruan kolpea hartu zuen.

«Unibertsitateko langileek bizitza galtzerainoko istripuak gertatzen jarraitzea salatzeko» asmoz deitu zuten sindikatuek elkarretaratze bateratua. LABek jakinarazi zuenez, Hego Euskal Herrian urtea hasi zenetik 25 langile hil dira lan istripuetan; astean heriotza bat, kasik (0,92).

ELA, bide batez, «gertaera samingarri» honek Unibertsitateak daukan prebentzio politikan hausnarketa eta aldaketa sortu behar lituzkeelakoan dago. Laneko Osasun eta Segurtasun batzordeen mahaiburuetan, Prebentzio Zerbitzuaren zuzendaritzan eta arrisku prebentzioaren alorrean Unibertsitateak berak izan behar duen jarreran aldaketak exijitu zituen.

Udaletxean ere geldialdia

Bilboko Udalak ere bat egin zuen EHUko langilea gogoratzeko deitutako mobilizazioekin eta Udalean dauden alderdi politiko guztien ordezkariak eraikinaren aurrean elkarretaratu ziren atzo, goizeko 11.30ean.

Gertatutako guztia argitzeko behar adinako bitartekoak martxan jartzeko exijitu zioten Osalani astelehenean helarazitako prentsa oharrean.