GARA
GASTEIZ

Etxeko salmenten aitzinean arretaz ibiltzea aholkatu du Kontsumobidek

Aurtengo lehen seihilekoan jada 1.464 erreklamazio jaso dituzte EAEn etxeko salmentekin lotuta, horietatik 262 Araban. Kontsumobidek kanpaina aurkeztu du Gasteizen, kontsumitzaileek beren eskubideak ezagutzeko eta praktika engainagarriei aurre hartzeko.

Kontsumobidek etxeko salmentei buruzko informazio kanpaina aurkeztu zuen atzo Gasteizen. Jakinarazi zuenez, EAEn lehen sei hilabete hauetan gai honen inguruan jaso diren 1.400 erreklamazioetatik 262 Arabakoak izan dira.

Nora Abete Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendariak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikita dagoen Zuzendaritzakoak, dendetatik kanpoko salmenten inguruan hasi berri den informazio kanpaina azaldu zuen. Peio Lopez de Munain Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako eta Osasun Publikoko Saileko zinegotzi ordezkaria izan zuen lagun. Kanpainaren helburua da kontsumitzaileen eskubideen berri ematea, eta etxeak bisitatzen dituzten merkatariek izan ditzaketen praktika ilunak edo engainagarriak prebenitzea.

Iaz, EAEn 2.934 erreklamazio jaso zituzten etxeko salmentekin lotutako gaien inguruan. Horietatik, 534 Arabakoak izan ziren. Gai horren inguruko kexak erreklamazio guztien %12 dira. Abetek adierazi zuenez, etxeko salmenta ez da legez kanpoko jarduera, baina praktika erasokorrak antzeman dituzte, adibidez ustezko mirarizko produktuekin, eraginkortasuna frogatua ez dutenekin.

Etxeko bisitetan gerta daitezkeen lau egoeraren berri ematen duen liburuxkan oinarritzen da kanpaina: osasunarekin lotuta dauden produktuen salmenta; beste produktu batzuena, besteak beste, entziklopediak, liburu bildumak eta led bonbillak; elektrizitate eta gas hornikuntzak; eta gas berrikuspen faltsuak.

Lopez de Munainek ohartarazi zuen adinekoak, sarritan, horrelako gehiegizko salmenta moten helmuga izaten direla, pertsona ahul eta manipulatzeko errazak direlakoan. Kontsumobidek arretaz ibiltzea eta merkataritza presioa saihestea gomendatu zuen. «Ezer erosi edo sinatu aurretik, benetan behar den pentsatu behar da eta, hala bada, merkatuko beste aukera batzuekin alderatu». Behin erosi edo kontratua sinatuta kontsumitzaileak atzera egiteko eskubidea baduela ere jakinarazi zuen. Epe orokorra 14 egunekoa da. Kontsumobide, udal kontsumo bulego edo elkarteak laguntzeko prest gaude.