Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Barrutik

Ez ezazu zelaiaz hitz egin, ezagutzen ez baduzu” esaten duen grafitiaren argazkia azaltzen da “Shatila Stories” (2018, “Shatilako istorioak”) bildumako lehen orrian. Azken horren osaketan parte hartu duten bederatzi idazleek –haietako batzuek Siriako gerratik ihes egin zuten; beste batzuk zelaian bertan jaioak dira– Shatilaren gaineko ezagutza sakona dute eta hala azaltzen dute nazioarteak eta iritzi publikoak zelaiaz duen irudi okerra aldatzea xede duten beren ipuinetan.

1942an zabaldu zuen Gurutze Gorriak Beiruten, Libanon, kokaturik dagoen Shatila errefuxiatu zelaia, Israelen kontrako gerraren ondorioz Palestinatik ihes egindakoak jasotzeko. Datuak behin-behinekoak dira, baina zelaia Siriako gerra k eragindako errefuxiatuak jasotzen hasi denetik 22.000 eta 40.000 pertsona artean bizi dira bertan kilometro koadroko. 1982an sarraski odoltsu baten leku izan zen Shatila, Israelgo indar armatuen aliatu zen Libanoko kristau-milizia batek 700 eta 3.500 pertsona artean akabatu zituenean zelaiaren eta handik gertu kokaturik dagoen Sabra auzoaren artean.

Kokalekua eta gai nagusia komunean izan arren, istorioek ez dute “errefuxiatu esperientziaren” gaineko ikuspegi homogeneorik eskaintzen. Aitzitik, egoeraren konplexutasuna azaltzen dute maitasunaz, traizioaz, konponbideez, eta nork bere helburuak betetzearen gainean diharduten ipuinetan. Tragedia zelatan dute une oro eta jo gogor jotzen ditu zelaiko biztanleak, baina bizitzak aurrera jarraitzen du espero den bezala bazterrean utzitakoentzat.