2018/07/14

XABIER MENDIGUREN
EDITOREA ETA IDAZLEA

Hiru ipuin, emakumezkoen ahotsetik idatzitako hiru narrazio, bildu ditu Mendigurenek (Beasain, 1964) «Zu entzuteko gaude» (Elkar) liburuan. Fokua iparraren bila dabiltzan pertsonaiengan jarrita, harremanez, albokoari begiratzeaz, mintzatzen zaigu idazle eta editore beasaindarra.

«Euskal literaturan azken urteetako ahots interesgarrienak emakumezkoenak izan dira»
Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0714_kul_mendiguren1

Has gaitezen izenburutik. «Zu entzuteko gaude» izendatu duzu liburua. Zergatik?

Idazleok askotan zalantza izaten dugu. Kasu honetan, hirugarren ipuinaren izenburuaren alde egin nuen, lekuak baino inportanteagoak pertsonak direlakoan. Liburu honetakoak pertsonaietan zentratutako ipuinak dira, eta elkarren arteko komunikazioa edo komunikazio falta, horrelako gaiak inportanteak zirelakoan hautatu nuen.

Gatazka, sentimenduak, sexua… izan dira zure literaturgintzan erreferente. Orain, beste bide bat jorratu duzu. Zer aldatu da?

Igual izango dira idazleak, nola esan, zerebralki lan egiten dutenak, ‘hurrengo liburua honetaz egingo dut, gaia hau izango da eta tratamendua hau’ esaten dutenak, baina nik gehiago funtzionatzen dut intuizioz edo bulkadaz. Ez nuen liburu bat planteatu, baizik eta ipuin bakoitza, eta konturatu nintzen banituela ipuin batzuk bazutenak komunean giro bat, begirada, gaia, desberdinak zirela lehengoen aldean. Eta zergatiak izango dira, ziur asko, bizitzan tokatzen zaizkigunak, norberaren ingurua ere aldatuz doalako.

Hiru ipuin, eta hiruretan da protagonista emakumea. Kasualitatea da bestelako tonu batean idatzi izana eta protagonistak emakumeak izatea?

Ba, ez dakit... ez da erabaki kontziente bat izan. Idazten hasi nintzenean, orain 30 urte, protagonistak beti izaten ziren nire adin bertsukoak, nire generokoak eta nire antzeko ezaugarriak zituztenak. Gero joaten zara pertsonaiak eraikitzen eta, azken liburuetan, gizonezko nahiz emakumezko, bietatik egon da. Liburu honetan hala tokatu da. Izan daiteke kasualitatea edo izan daiteke ere, nola esan... zu joaten zara gizonezkoak bakarrik egoten diren taberna batera eta barran entzuten dituzu konbertsazio batzuk, eta batez ere emakumeak egoten diren beste kafetegi klase batera joaten bazara konbertsazio oso diferenteak entzuten dituzu, eta esango nuke interes handiagoa neukala bigarrenekiko.

Eta joan zara konbertsazio horien bila?

Ez, ez dut horrelako ariketarik egin, baina gogoratzen naiz txikitan familia bazkari handi horietan emakumeak entzuten egoten nintzela, ze nahiz eta niri inporta ez zitzaizkidan gai asko aipatu, konturatzen nintzen oro har konbertsazioak benetakoagoak zirela, azalkeria eta fanfarroikeria gutxiagokoak. Hori geratu zitzaidan buruan.

Hiru pertsonaiek dute bularraldea estutzen dien zerbait, itolarria, ezer aldatu beharra.

Bai. Badute. Argi-ilunak direla esango nuke, pertsona batzuen bizitzako momentu ilunak erretratatzen dituzte, baina ipuinen bukaeran badago esperantzara zabaltzen den leiho bat.

Hirugarren ipuinean bada esaldi bat, azaltzea nahi nukeena: «Zaintza da gure iraultza».

Ipuin hori 2017 bukaeran idatzi nuen eta sasoi hartan tokatu zitzaidan “zaintza da gure iraultza” leitmotiv edo aldarri moduan asko entzutea, eta iruditzen zitzaidan askotan azalkeriaz esaten zela. Tokatu zaizkit lagunak gaixotasun larria dutenak, esklerosia adibidez. Beste bat minbiziaren kontrako tratamendua hartzen ari da eta kontatu zidan tratamenduak ekarri diola esfinterrak ez kontrolatzea eta horrek zenbaterainoko umiliazioa ekarri dion. Pertsona horrek ez lizuke esango “zaintza da gure iraultza” zerbait guaya balitz bezala, zeren sufrimendua errealitate bat da eta jende asko dago gauza batengatik edo besteagatik sufritzen duena. Gai horiek humanoak dira, sakonak; gizatasunaz, zure izateaz eta zure lekuaz galdearazten eta pentsarazten dizute, ez dira azalkeriak. Zaintza oso gauza inportantea da eta esaldi horren atzean egon daiteke asmo on bat, baina esaldia bera iruditu zitzaidan azalekoa, fribolizazioa, eta sartu nuen azken ipuinean broma bat egiteko.

Ze, nik pentsatua nuen liburuaren atarian zaintzari buruzko zitaren bat jartzea, baina gero konturatu nintzen zopatan ere zaintza agertuko zaigula laster.

Zaintzaren inguruko zita bat eraman behar zenuen atarira, baina hala ere prentsaurrekoan nabarmendu zenuen «Zu entzuteko gaude» ez dela zaintzaren inguruko liburu bat.

Zaintza oso presente dago, baina konturatzen naiz ez dela zaintzaren ingurukoa. Beti egon da jendea beste batzuen premia duena, baita ere profesionalki edo eskuzabaltasunez edo familiako zirkunstantziak hala ekarrita, beste batzuei kasu egin diena. Horrek ematen du jokoa, literaturarako gai interesgarri bat da, ez dena gehiegi tratatu. Baina aldi berean iruditzen zait gure bizitzetan horren presente egon den gai bat modan jartzen ari dela eta horrek beldurra eman zidan, idazten duzunean irakurria izan nahi duzulako, baina beldur handia diozu modako bihurtzeari, horrek esan nahi baitu une batean modatik pasako zarela. Idazten duzunean nahi duzu zerbait sakonagoa esan, eguneroko komunikabideetan dagoen kalaka etengabeaz harago joango dena eta, zortearekin, iraungo duena. Hori neukan buruan, horregatik ez dut enfokatu nahi izan zaintzatik.

Gure bizitzetan zaintza horren presente egonda, zeri egozten diozu literaturara horren gutxi eraman izana?

Hor nik uste bi arrazoi daudela. Bat, oso begi-bistakoa, gizarte eta kultura matxista batean bizi garela; are gehiago, lehenago, eta zaintza kontuak emakumeen bizkar egon dira, izan umeen, zaharren edo gaixoena, eta profesionalki zein familia barruko zeregin bezala. Eta, aldiz, pelikulak egin dituztenak, liburuak asmatu dituztenak, gizonezkoak izan dira; zaintza ez da errealitate maskulino bat izan eta normalean kulturan ikuspuntu maskulinoak izan dira nagusi. Hori perspektiba historikotik begiratuta. Bigarrena, neurri batean aurrekoaren ondorio izan daitekeena, izango litzateke pertsonen arteko intimitatea presenteago dagoela gaur egungo kulturan. Lehen generoaren aldetik esan dudan bezala, esan daiteke gazteak ez direla gai hauetaz kezkatzen, krisi existentzial handiak izan ditzakete, baina horrelako gaiak ez dira gazteen eguneroko kezka. Nik jada urte batzuk baditut eta adinak izango du zerikusia.

Dena den, emakumeak literatur mundu horretan sartu izanak aldatu ditu tonuak eta gaiak.

Dudarik gabe. Alice Munro, Wislawa Szymborska, Anne Sexton, baita Lucia Berlin ere, niretzat deskubrimentu handia izan dena. Ahots berri eta freskoa eta beste sentsibilitate bat ekarri dute emakumeek literaturara, lehen ez zegoena. Euskal literaturan ere, bistan dago azken urteetako ahots berri eta interesgarrienak emakumezkoenak izan direla, Karmele Jaio, Eider Rodriguez, Katixa Agirre... Ni baino gazteagoak diren idazleen artean emakumezko aportazioa izan da interesanteena, ahotsez, tonuz, gaiz… eta horrek ere izango zuen zerikusia nire begirada aldatzerakoan.

Izenik gabeko herri industrialetan kokatu izan dituzu ipuinak. Orain, Donostian. Zerk eraman zaitu hiriburura?

Ba, ez dakit. Aurreko liburuetan, buruan herri handi edo hiri txiki bat nuen, erdaldunak eta euskaldunak nahasian daudena, baserriak eta fabrikak, nik ezagutu dudan neurrikoa. Kasu honetan, bururatu zitzaidan Donostia izan zitekeela. Normalean literaturan sinesgarriagoak dira istorioak, zuk ezagutzen dituzun errealitateak kontatzen badituzu, eta, gainera, horrela gehiago fijatuko zara inportanteak diren gauzetan: pertsonaiak nola mugitzen diren, nola hitz egiten duten, dialogoak nolakoak diren eta abar. Aldiz, hasten bazara asmatzen pertsonaia berberen istorioa Logroñoko tabernetan, gehiago egongo zara pentsatzen ea han pintxoak barran dauden edo eskatu egin behar diren. Inportanteak ez diren gauzetara joaten zaizu burua.

Editorea ere bazara. Idaztean, zein punturaino duzu zure barneko editore hori zelatan?

Neurri batean, bai. Idazten ari naizenean ez dut esaten ‘editore batek zer esango lidake’, istorioaren korapiloak dira inporta zaizkidanak. Gertaera honen ondoren zer gertatuko den edo hemen deskribapena edo elkarrizketa sartuko dudan, idazlearen kezkak dira idaztean ditudanak, baina egia da argitasunez eta zehaztasunez idazteko hautu hori, ze aukera bat da, hor beharbada editorearen begiradak ere badu zerikusia.

Zer ematen du editore izateak?

Jo, ba gauza asko. Pasioz bizi dudan lanbidea da. Batetik, irakurriz giza paisaiak ezagutzen dituzula esango nuke, hau da, beste batzuen sentimenduak, gogoetak, pasioak... Irakurriz, zure begirada aberastu egiten da. Eta testu on bat beste inork baino lehenago irakurtzea pribilegio bat da. Beste alde batetik, ezagutzen duzu jende interesgarri asko; idazleak normalean kulturarekin kezka duten pertsonak izaten dira, inteligenteak eta munduaren ikuspuntu zabal bat dutenak, topikoetatik haraxeago joateko joera bat izaten dutenak. Eta, adibidez, idazle berri bat deskubritzeak, lana bidali dizulako edo lehiaketa batean ikusi duzulako, horrek ematen du satisfakzio handi bat.

Ahots fresko horien bila irten ere egiten zara, beraz.

Gehienetan lanak jaso egiten ditugu, eta jasotzen dugun gehiena ez da ona izaten. Gure lanak daukan alderdirik gogorrena, hain zuzen ere, ezezkoak ematea da. Baina jasotzeaz aparte guk bilatu ere egiten dugu. Adibidez, gogoratzen naiz “SPrako tranbia”-ren proiektua bidali zuela idazleak [Unai Elorriaga] Igartzara eta ez zuen saria irabazi, baina niri iruditu zitzaidan hor zerbait guztiz desberdina, mamitsua eta originala zegoela eta jarri nintzen berarekin harremanetan. ‘Ez duzu saria irabazi, ez duzulako oso ondo azaltzen nobelan zer kontatuko duzun eta arraroa ematen duelako, baina asko gustatzen zait estiloa, nire konfiantza osoa duzu’ esan nion. Holako deskubrimentuek beti ematen dute poza.

Eta narratiba sari espainiarra.

Hori izan zen ja aparte etorri zen beste... ez dakit, propina bat. Idazlearentzat batez ere oso inportantea izan zena. Baina inportanteena izaten da berarekin egon eta sinpatia uhin hori sortzea idazlearen eta editorearen artean, konfiantza bat, horrek gero ekarriko dituelako testu eta liburu mamitsuak.

«Euskaldun hazi direnek ere errazago jotzen dute erdarazko liburuetara, propaganda iristen zaielako»

Editore batekin ari garenez, derrigorrezko galdera: nola ikusten duzu euskal literatura?

Ez dakit. Unearen arabera erantzungo dizut gauza bat edo bestea. Adibidez, kexatzen naiz ze prekarioa den idazlearen lana. Liburuaren produkzio katean azala egiten duenak kobratzen du, maketazioa egiten duenak, inprentak, dendariek, banatzaileek, editoreek, fotografoak… eta idazleak jasotzen du portzentaje irrigarri bat. Pasa dezake urte oso bat liburu bat idazten eta salmentetatik igual mila euro kobratzen ditu batez beste, eta hortik aparte hitzaldiak eta lortzen baditu, eman dezagun beste mila ateratzen dituela. Idaztetik bizi nahi badu, saiatu behar du enkarguak bilatzen handik eta hemendik, zoro moduan ibili. Panorama tristea da. Jendea ez da konturatzen idazleak egiten duela lan ia-ia debalde. Baina sortzailearen aldetik esango nuke ez dagoela krisirik: etengabe segitzen dugu lanak jasotzen, badago sortzeko grina, beharra, gogoa edo dena delakoa, eta sormen hori bide desberdinetatik doa, ahots diferenteak daude. Baina baditu bere itzalak ere, adibidez, irakurtzeko modua aldatu izana.

Zein zentzutan?

Garai batean esaten zen paperezko liburua krisian zegoela eta liburu elektronikoak ordezkatuko zuela. Hori ikusi da ez dela horrela, baina orain irakurketa zatikatua egiten dugu. Asko irakurtzen dugu, baina irakurtzen ditugu oso testu laburrak edo gehienez ere norbaitek gomendatzen duen artikulu bat, txio bat edo komentario labur bat. Irakurketa eta idazketa inoiz baino presenteago daude gure gizartean, baina irakurketa patxadatsu luzea, kontzentratuta egotea eskatzen duena, gutxiago gertatzen da. Horrek eragiten du liburuen salmentak pixka bat behera egitea, eta hori lotuta dago euskal kulturak eta euskarak izango duten bilakaerarekin. Azken batean, hizkuntza gutxitu batean bizi gara, herri zapaldu batean, hiztun askoko herria ez gara eta ez dauzkagu estatu baten ahalak gure hizkuntza defendatu ahal izateko. Zirkunstantzia horietan euskaldun hazi direnek ere errazago jotzen dute erdarazko liburuetara, horien gaineko propaganda iristen zaielako leku guztietatik. Euskarazkoak ez du halako hotsik, eta badirudi jarrera militante bat eskatzen duela kontsumitzailearen aldetik. Baina ni baikor naiz: idazleek eta euskal kulturagileek ez zuten errazago orain ehun urte eta, hala ere, aurrera segitu zuten, haiei esker gaude gu hemen, eta espero dezagun ehun urte barru ere beste batzuk egotea euskal kulturaren gurdiari tiraka. Hauek ere kexatuko dira seguru asko, baina bueno, ez da seinale txarra izango.A.A.

EMAKUMEAK


«Alice Munro, Anne Sexton, Lucia Berlin... Ahots berri eta freskoa, beste sentsibilitate bat ekarri dute emakumeek literaturara, lehen ez zegoena»

MODAKOA


«Idazten duzunean irakurria izan nahi duzu, baina beldur handia diozu modako bihurtzeari, horrek esan nahi baitu une batean modaz pasako zarela»

EDITOREA


«Pasioz bizi dudan lanbidea da. Irakurriz giza paisaiak ezagutzen dituzula esango nuke; hau da, beste batzuen sentimenduak, gogoetak, pasioak... Irakurriz, zure begirada aberastu egiten da»