Patxi GAZTELUMENDI
EAKO POESIA EGUNAK

EAN ORRIETATIK ERORITAKO LETRAK POESIA DIRA LURREAN

UZTAILEKO ASTEBURU BATEZ, EGUZKIA LAGUN, JENDEAK ATSEGIN HARTZEN DU POESIA ETA LITERATURA ARTEAN. ERREKAK ETA ITSASOAK BAT EGITEN DUTEN LEKU BEREAN, EUSKAL LITERATURA HIZPIDE HARTUTA, POEMA ERREZITATUEZ, MUSIKAZ ETA ANTZERKIAZ GOZATZEKO ETA LAGUNEKIN ELKARTZEKO TOKI APROPOSA DA EA.

Gogoetan sakontzeko uneak dira goizean goizetik Eako Eskolondon sortzen direnak. Urtero bi hitzaldi badira, aktualitateko kultur eztabaidetan sakontzeko modukoak. Aurten Ibai Atutxak eta Mari Luz Estebanek lurraldea, eremu intimoak eta emakumearen papera hartu dituzte hizketagai beren aurkezpenetan. Atutxak “Immolazio intimoak” izenburua eman zion azken orduan bere ikergaiari. Eider Rodriguezen “Bihotz handiegia” ipuin liburuko pertsonaiak aztertuz, Uxue Alberdiren “Jenisjoplin” nobelako pertsonaia nagusi Nagore Vargasen bizitza eta Danele Sarriugarteren Jon eta Miren protagonistak aztertuz eman zuen goiza New Yorketik Euskal Herriratu den literatur kritikariak. «Mikroportaerak aztertzen ditut» esanez aurkeztu zuen bere gaia Ibai Atutxak, eta bere hipotesia hasieran bota zuen: «Protagonista bakoitza intimitatetik immolatu egiten da hiru liburu hauetan, eta lurralde berriak eraikitzeko gai dira». Lurraldea, euskaldun normatiboak eta intimitatea aztertu gura izan zituen, eta horretarako Jorge Oteiza eta Iñigo Urkulluren irudiak baliatu zituen, hitzaldian zehar, pantailan behin eta berriro agertuko ziren figurak, patriarkatua eta neoliberalismoa irudikatzeko orduan. Youtubetik jaitsitako irudiekin, Iñigo Urkullu Athleticen kamisetarekin eta Kutxabanken publizitatearekin mozorrotu zuen, Euskal Herriak bere burua hobeto kudeatzen duela adierazteko. Oteiza Euskal Herria Neolitotik dakarren teoriaren sortzaile gisa agertu zuen, eta “Mikelen heriotza” filmaren spoilerra egin zuen, Mikelen hiltzaile –independentista gay-arena, alegia– bere ama eginez, ama Oteiza bilakatuko da Atutxaren sorkuntza laburrean.

Legeez, gay-en ezkontzez, etorkin ekonomikoen onarpenaz, lurraldetasun berriez eta bestelakoez teorizatu ostean murgildu zen Atutxa hiru euskal idazleen liburuetan barna. Itxaro Bordak ireki zion horretarako bidea, «intimitatearen erabilpena, euskaraz idazten duten emakumeentzat» aipatu zuenean 2013. urtean. Itxaro Bordaren gogoeta horretatik abiatuta, hiru liburuotako pertsonaia nagusi bakoitza nola immolatu den azaltzen saiatu zen hizlaria. Eider Rodriguezen “Bihotz handiegia” ipuineko Ixabel pertsonaia aztertu zuen lehenbizi. Ipuin horretan lurralde eremuak Estatuak gainditzen dituela ohartarazi zuen lehenbizi, «Donostia eta Hendaia artean gertatzen da guztia eta intimitate normatiboaren distopia bat ematen da». Silvia Federici pentsalaria Eara ekarri zuen, Ixabel aipatzean, langilea eta emakumea izanik esplotazio bikoitza ere agerian geratzen delako pertsonaia nagusian. Ipuinaren amaieran, gaixorik den senar ohia zaintzen ematen duen denbora horretan, txakurra ere zaindu beharra dauka eta hilobia izan daitekeen zulo bat egiten du Ixabelek jardinean, bere heriotza sinbolikoa irudikatuz. Horra hor, Atutxaren lehen emakume immolazioa literatura garaikidean.

“Azala erre” nobela aztertu zuen gero, eta Danele Sarriugartek sortutako lanean Jon eta Mirenen arteko afera berak landutako bi teorien uztarketan ikusarazi zuen. Biolentzia patriarkala batetik –non Oteizaren figura gogora ekarriko duen– eta ikuspegi neoliberala edo Urkulluren irudia bestetik, Jon protagonistak Mirenek oparitutako argazki batzuk lehiaketara aurkezten dituenean. «Orduan Mirenek ihes egingo du Euskal Herritik, eta lurraldea eta intimitatearen alorrean sartzen da oso-osorik protagonista», Atutxak ezagutzera eman zuenez. Pertsonaia nagusia bere itxura guztiz aldatzen hasiko da, azala erreko du, ilea moztu, eta «zen emakumea hiltzen du horrela», ikertzailearen aburuz. Bigarren immolazioa izango da azkenaldiko emakume idazle hauen obran.

Azkenerako utzi zuen Uxue Alberdiren “Jenisjoplin” nobelako Nagore pertsonaia. «Nobelaren hasieratik militante engaiatua da Nagore, sutsua baina oso gogoeta interesgarriak egiten dituena liburuan zehar». Eta pertsonaiak zalantzan jarriko ditu euskalduntasunaren diskurtso hegemonikoak. «Batetik, bera ez delako odolez euskalduna, jatorriz, belaunaldiz belaunaldi, eta bestetik, esplotazioari buruzko eta pobre izateari buruzko burutapenak botatzen ditu nobelan zehar». Atutxaren ustez, Nagore Vargas pertsonaiak ere Urkullu eta Oteizaren euskalduntasunarekin aurrez aurre tupust egingo du.

Ibai Atutxaren aburuz, hiru liburuetan pertsonaiak intimitate berri batzuk sortzen ari dira, gorputza ardatz hartuta, bestelako lurraldeetan murgiltzen ari da egungo literatura gurean.

Lurrak eta itsasoak bat egiten duten lekua da Ea. Eta moilan urtero legez, poesiak eta musikak ere bat egin zuten. Trizak jazz hirukotearen doinuek eta Juanjo Olasagarrek eta Martin Bidaurrek jendaurrean irakurritako poemek izugarri atsegina egin zuten kresal usaineko errezitaldia. Eneritz Artetxe aktorearen aurkezpenaren ostean, bi poetek banaka eta txandaka irakurri zituzten beren azken uztako sorkuntzak. Une batean, batera aritu ziren Olasagarre eta Bidaur eta ikusleekin konektatu zuten. Aurten ere oso une berezia bilakatu da Moilako errezitaldia.

Metrokoadroka

Moilako urpetik atera ziren arratsaldean Metrokoadroka sormen laborategiko aktoreak. Itsasotik lurreratu ziren, aste osoa Ean eman ostean sortu duten obra publikoaren aurrean jokatzeko. Hondartzan, frontoian, errekan, zubietan, inguruko etxebizitzetako soto eta leihoetan… Eako toki ugari antzeztoki bilakatu zituzten. «Bitan batua dago Ea, lur eta itsasoaren tentsioan bizi da herria», bota zuen ozen Oier Guillan aktore eta poetak. «Itsasoa eta lehorra, gizonak eta emakumeak» izan ziren “Zanbuia!” obra berezi honetako protagonistak. Itsasgizonak eta herrian zain zeuden emakumeak. Erreka eta itsasoa. Kantua, dantza, musika, margoak, akrobazia, dantza, deklamazioa, oihuak eta uretan sortutako jokoak…. eta publikoa adi-adi, batetik bestera mugitu zuten. Itsasoan sortu, lehorreratu, herrian murgildu, herria alderik alde zeharkatu, errekara jauzi egin, behin portuan jendetzaren aurrean “Zanbuia!” oihu egin eta itsasoan murgiltzeko. Earako eta Ean bertan beren-beregi prestatutako antzezlanak erreka, harriak, lurra eta herria batu zituen.

Iluntzean ere Portusolon Josu Landak eta Ane Garciak Nicanor eta Violeta Parra neba-arreben kantu eta poemak jendaurrean euskaraz agertu zituzten, “Parrapean” deitutako ikuskizunaren ardatz. Hemengo lurrean, ondo sustraituta dago letren mundua. Literaturaren orrietatik datorren poesia giro berezia sortu da beste behin ere hemen. Lurrak eta itsasoak bat egiten duten eremu honetan.