Arnaitz GORRITI
ARRAUNA - EUSKO LABEL LIGA

Urdaibaik inon ere ez du mugarik

Lau traineruko aldea atera zien «Bou Bizkaia»-k Hondarribiari eta Oriori Castro Urdialesen. Kaikuk San Juani aurrea hartu zion atzean.

Zazpi estropadatik sei eraman ditu Urdaibaik eta dagoeneko zortzi puntuko aldea ateratzen dio Hondarribiari, Eusko Label Ligako bigarren sailkatuari. Castron jokatu zen atzo VI. Caixabank bandera eta Bermeokoek airean eraman zuten estropada, Hondarribiari eta Oriori 12 segundoko aldea aterata; hau da, lau trainerako aldea. Uneotan badirudi “Bou Bizkaia”-k mugarik ez duela.

Haizea bizi zebilen eta metro erdiko olatu luzeak zebiltzan Castro Urdialesen. Ezin esan itsaso bizirik zegoenik, baina ezta platera bezain ur putzu leuna zenik ere. Hala, bakar batek ere ez zuen 20 minutuko muga haustea lortu, ezta Urdaibaik ere. Bermeotarrek lasai antzean ekin zioten txandari, Hondarribia hurbiletik zainduz. Aurreneko ziabogako buru “Ama Guadalupekoa” izan zen, baina bigarren luzearekin batera bizkaitarrek buruzagitza hartu eta agur esan zieten aurkariei.

Luzeek aurrera egin ahala, Bermeoko ontziak aldea ireki baizik ez zuen egiten, eta azken palakadetan lau traineruko abantaila ere zabaldu zuen, Eusko Label Ligako nagusi zein den erakusteko edo.

«Asteburu paregabea izan dugu eta ezin dugu gehiago eskatu», onartu zuen Urdaibaiko arraunlari Carlos Mañasek. «Baina horrek ez du beste ezer esan nahi. Gure bidean jarraitu behar dugu, pixkanaka eta gelditu gabe», ohartarazi zuen.

Irabazle eta galtzaileak

Hondarribiak, ederki ekin arren, bigarren lekuari eustearekin nahikoa lan izan zuen. Oriok zerikusirik izan zuen gatazka horretan, Zierbena atzo nahi baino eskasago aritu baitzen. “Ama Guadalupekoa”-k postuari eutsi zion azkenean, nahiz eta 42 ehuneneko eskasen aldeagatik izan. Urdaibai zer-nola dabilen aintzat hartuta, gaitz erdi, pentsatuko zuten «bikingoek», bestela ere nahikoa urrun baitute sailkapen nagusiko burua.

Oriok, bestalde, pixkanaka gorantz ari dela erakutsi zuen. Zierbenari aise hartu zion aurre, eta Hondarribiarekin borroka ederra izan zuen, nahiz eta azkenean hirugarren postuan konformatu behar. Dena dela, Jon Salsamendirenek, sailkapen nagusian laugarren postua berresteaz gain, egutegi plangintza behar bezala betetzen ari diren sentsazioa erakutsi zuten.

Aurreneko txandatik izan ziren estropada arretaz jarraitzeko arrazoiak. Kaikuk behetik gora doala nabarmen erakutsi zuen, txanda bere aldera bideratuz, eta ez hori bakarrik, Eusko Label Ligan azken postuan doan Tirani bost puntu sartzeaz gain, San Juani aurrea hartzea lortu zuen, Pasai Donibanek egun benetan beltza izan baitzuen.

Lehenengo kalea ei zen egokiena atzo, baina bigarren kaletik lan aparta egin zuten Vicente Carpintero patroiak eta bere mutilek. San Pedroren irteerari eusten jakin zuten eta luzeek aurrera egin ahala aurrea hartu zieten “Libia”-koei. Sanjuandarrei, aldiz, batekoz bestera atera zitzaien dena. Esan liteke San Juan izan zela eguneko galtzaile nagusia, sekula baino gehiago beherantz begira ikusten baitu bere burua, jaitsierako play off-ak saihesteko nahikoa lanekin.