GARA
BILBO

Merkataritzan neurrizko hazkundeak jarraitzea espero du Euskomerrek

Euskal Merkatarien Konfederazioak emandako datuen arabera, 2018rako merkataritzaren BPGan %3ko hazkundea aurreikusten dute. 2017ari erreparatuta, itxitako saltoki kopuruak %1,93 egin du gora, batez ere landa inguruetan eta merkatari autonomoen kasuan.

Euskal Merkatarien Konfederazioak (Euskomer) atzo aurkeztu zituen merkataritzaren sektoreak 2017an eman dituen datu ekonomikoak, eta iaz izandako hazkundea aurten mantentzea espero dute, baina neurrian.

Urteko batzarraren harira eman zuen prentsaurrekoa Euskomerreko lehendakari Jon Andoni Aspuruk, eta, adierazi zuenez, EAEko komertzioaren eboluzioa positibo «samarra» izan zen iaz; orokorrean salmentak %1,7 igo arren, azpisektoreetan eboluzioa nahiko aldakorra izan baitzen.

Zehaztu zuen salmenten igoera bi sektoretan bakarrik gertatu zela. Batetik, etxe hornidurako saltokietan %1,7ko igoera izan zen eta, bestetik, elikagaiak gailentzen diren espezializatu gabe dauden dendetan %5,6ko hazkundea erregistratu zen. Merkataritza guneek ere indartsu jarraitu dutela gaineratu zuen, azalera txiki zein handikoek.

Itxierek, goranzko joera

Aldiz, itxierek goranzko joerarekin jarraitzen dutela ohartarazi zuen. Iaz, esaterako, %1,93 egin zuen gora, eta gehiengoa landa eremuetan itxi zela jakinarazi zuen. Horregatik, ekintzailetza sustatzea ezinbestekoa iruditzen zaio Aspururi.

Euskomerren datuen arabera, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 5.000 merkatari autonomo «galdu» dituzte azken hamar urteetan eta, honen ondorioz, estatu mailan, ekintzailetzaren sailkapenean atzean geratzen ari da EAE: «Ekintzaile gehien zituen lurraldea izatetik, sailkapenaren azken postuetatik hurbil egotera igaro da».

Txikizkako merkatarien enplegu tasan, ordea, hazkundea izan zen 2017an (%1,28), baina Aspururen ustetan, datu kontraesankor hauek sortzen dira euskal merkatarien sektoreak ez duelako kontuan hartzen autonomoen gainbehera, «eta EAEko sare komertzialaren ia erdia autonomoek osatzen dute».

2018ko aurreneko hiruhilekoari dagokionez ere hazten jarraitu du enpleguak, igoera %0,2koa izan bada ere. Hauen gehiengoa kontratazio bidezkoa izan da, autoenpleguaren eredua indarra galtzen ari den seinale.

Merkataritza gune handien indarraz jabetzeko, urtarrila eta martxoa bitartean, %2,5 gehiago saldu dute aurten, iazko sasoi berdinarekin alderatuz.