Asier ROBLES
BILBO

Aro Garaikideko 105 artelan, «Glutinum Mundi» esposizioan

Aro Garaikideko artista ezagunen 105 artelan egongo dira ikusgai uda honetan «Glutinum Mundi» izeneko erakusketan, Bilboko Rekalde Aretoan. Erakusketa 40 urtetan zehar Fernando Garatek osatutako bilduma handiago bateko obren aukeraketa da.

Euskal Herriko arte garaikideko artelanen bilduma pribaturik garrantzitsuenetariko bat da “Glutinum Mundi” erakusketa. Bertan Euskal Herriko eta nazioarteko artisten obrak egongo dira ikusgai; Pablo Picasso, Francis Bacon, Tacita Dean, Cristina Iglesias, Ana Laura Alaez, Luis Gordillo eta Angela de la Cruz-enak, besteak beste. Bizkaiko Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbaok eta Jose Ramon Amondarain margolari eta erakusketa honen komisarioak aurkeztu zuten esposizioa Bilboko Rekalde Aretoan.

Bilduma handiago bat

Bertan Fernando Garateren “Modus vivendi” bildumatik hautatutako 105 obra ikusi ahal izango dira urriaren 14ra bitarte. Mota askotako obrak daude: eskulturak, pinturak eta bereziki argazkiak.

Garateren “Modus vivendi” bilduma ia 40 urtetan zehar osatutako 700 artelanetik gorako bilduma da. Jose Ramon Amondarain komisarioak, aurretik bilduma osoa ezagutzen zuenak, artelan guztiak ez egotea pena dela eta aukeraketan «obra batzuk esposiziotik kanpo uztea» zaila izan dela adierazi zuen.

Erakusketa atalka banatuta dago, eta atal bakoitzean konexio bat dago artelanen artean. Ibilbidean zehar, bisitariak obren artean sortzen diren erlazio ikonografiko, estetiko, formal eta kontzeptualez ohartu ahal dira.

Amondarainek erakusketaren aurkezpenean aditzera eman zuenez, «erakusketaren helburua obren artean loturak sortzea da, normalean obrek eskatzen dituzten distantziak derrigortuz. Modu horretan, erakusketaren osotasunari ekarpena egiten dion ezkutuko atal bat erakusten du lan bakoitzak: obra bakoitzak bere horretan ez duen zerbait, estratu desberdinak zeharkatuz azaleratzen eta gainerako obrekin bat egiten doazen geruzak».

Aurten Kultura Ondarearen Europako urtea ospatzen ari da, eta horren harira, ezkutuko ondareen inguruan «jardun berezi asko» antolatu direla esan zuen Lorea Bilbaok.

Ildo horretatik, “Glutinum Mundi” erakusketaren helburua «bilduma pribatu bateko ondare ezkutua edo ezezaguna jendaurrean plazaratzea» dela adierazi zuen foru diputatuak. Eta horrela, Aro Garaikideko «obra bikainez» aparte, Euskal Herriko bildumagileen jarduna bera ezagutarazteko aukera ematen da.

Lorea Bilbaok Fernando Garateri eskerrak eman zizkion erakusketa «antolatzen uzteagatik» eta horrela «herritarrei bildumaz gozatzeko aukera emateagatik».

Bilduma Bizkaiko Foru Aldundiaren Rekalde Aretoan dago ikusgai, Bilbon, Rekalde zumardiko 30. zenbakian. Aretoa asteartetik larunbatera 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.30etara dago zabalik eta igandeetan eta jaiegunetan 10.00etatik 14.00etara. Aro Garaikideko artelanekin gozatzeko aukera aparta.

Munduaren itsasgarri

Erakusketaren izena “Glutinum Mundi” da, latinezko esamolde bat. Erdi Aroko alkimisten arabera, munduaren itsasgarri bat da, zeinak edozein egoeratan indar inpertsonal bat eragiten baituen. Bizi-fluxu bat, non guzti-guztiek elkarrekikotasun misteriotsu batean parte hartzen duten.

Ideia hau da erakusketan irudikatzen dena. Artista desberdinen 105 artelan agertzen dira, herri eta garai desberdinetakoak, eta hala ere, obrak euren artean uztartzeko moduak konexio bat sortzen du beren artean. Jose Ramon Amondarain komisarioaren hitzetan, «emaitza heterogeneo eta kolektibo bat» ematen du. Bildumak eta interrelazioek ere erakusketa eremuak, eszenaratzeak eta publikoari obra ikusgai jartzeak eragiten duen kontaminazioaren ondoriozko aldaketak jasaten dituzte.

Rekalde Aretoak duen zabalera lagungarria da erakusketaren konexio hauek ikusteko.