Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Euskal Elkargoak tokiko moneta kudeatzen duen elkartearekin bat egin du

Baionako Herriko Etxeak ekain hasieran zabalduriko bideari jarraituz, Hendaiako Udalak, lehenik, eta horren ondotik Bastidakoak, hainbat zerbitzu euskotan ordaindu ahal izateko erabakia hartu berri dute.

Euskal Moneta elkarteak sostengu garrantzitsuak jaso ditu azkeneko asteotan. Baionako Herriko Etxeak euskoa baliatzeko zabalduriko bideari segida emanez, Lapurdiko beste hiri handi batek, Hendaiak, zerbitzuak tokiko moneta baliatuz ordaintzeko aukera zabaldu berri du. Euskal Elkargoak, bere aldetik, Euskal Moneta elkartearekin bat egiteko deliberoa hartu du, era horretan euskoa sustatzeko lehen urratsa eginez.

Estatuarekin izandako auzia itxitzat eman ondoren, Baionako Udalak bai zinegotzien soldatak bai hainbat zerbitzu publiko euskotan ordaintzeko bidea zabaldu zuen.

Hain zuzen ere, iragan ekainaren 5ean eginiko osoko bilkuraren bidez Lapurdiko hiriburuko udalak aitzinetik onarturiko hitzarmena egokitu zuen, prefetak eginiko eskaerari erantzuteko. Zehazki, Euskal Monetak ez duela kontulari publikoaren papera beteko zehaztu zuen udalak hitzarmen berri horretan.

Iragan ekainaren 27an Hendaiako Herriko Etxeak Euskal Monetarekin izenpeturiko hitzarmenari gehigarri bat sartzea onartu zuen aho batez, era horretan hautetsien gastuak, elkarteen diru-laguntzak eta ordainketa oro euskotan egin ahal izateko eskaintza zabalduz.

Leihatila Bakarra

Hendaiako Udalak jakitera eman zuenez, herritarrek Leihatila Bakarra izeneko konpainiak kudeatzen dituen zerbitzu publikoak –hala nola eskolako jantegia, harrera eta aisialdi zentroak– tokiko monetaren bidez ordaindu ahal izango dituzte. Hendaiako alkateorde Richard Irazustak erran zuenez, «euskoa bigarren garatze fasean sartu da eta guretzat tokiko monetaren alde harturiko engaiamendua azkartzeko parada emanen du hitzarmen berriak». Bere ustez, Herriko Etxeak emandako pausoak «hendaiarrek euskoari atxikimendua adieraztea» erraztuko du.

Euskoaren sarea handituz doa hiru lurraldeetan

Lapurdiko hiriburuak tokiko monetarekin harturiko konpromisoak bide berria zabaldu zuen, beste hainbat udalerrik tokiko ekonomia berpiztea xede duen moneta sozial eta ekologikoa aintzat hartzeko. Ildo beretik, Euskal Elkargoak harturiko lehenengo ebazpenak euskoa lurraldeko proiektuarekin lotzen du geroari begira.

Baionako Herriko Etxeak ekain hasieran egokitu zuen euskotan ordaintzea ahalbidetzen duen hitzarmena, eta hil bukaeran Hendaiakoak beste hainbeste egin zuen. Joan den astean, berriz, Bastidako Udalak kostako hiriak harturiko bide bera hautatu zuen hurbileko zerbitzu bat euskoaren sarean txertatuz. Hartara, Bastidako herritarrek trinketean euskotan ordaindu ahalko dute.

Baiona, Hendaia eta Bastidaren ondotik, Euskal Moneta elkarteko kide diren beste hamabi udaletako tokiko zerbitzuak sartuko dira ondoko hilabeteetan euskoaren sarean: Uztaritze, Lekorne, Hazparne, Aiherra, Sara, Izura, Anhauze, Azkaine, Aintzila, Gabadi, Gamarte eta Ozaze-Zühara». M.U.