GARA
donostia

Metroko pasantearen kontrako «paseoa» Kontxako pasealekuan

Guardasol horiak banatu zituzten atzo Donostiako Satorralaia bizilagunen mugimenduko kideek Perlan eta Antiguako tunelean, metroaren pasantearen obren aurkako aldarri gisa. Hiritarrek “Stop Metro” leloa idatzita zuten aterkiak hartu eta Kontxa pasealekuan gora eta behera aritu ziren egitasmoa beharrezkoa ez dela adierazteko.

Metroaren pasantearen obrak dagoeneko martxan dira Donostian, zulo handiak egiten ari direlarik hirian barna. Kontxako hondartza bera ere zulatzeko asmoa dagoela salatu zuen Satorralaiak. «Espainiako Ekologistak Martxan elkarteak plazaratu berri duen ‘Banderas Negras 2018’ txostenean Donostiako metroa bandera beltzarekin ‘saritua’ izan da, kostaldeari eragiten dioten astakeria handienen eta ingurumen-kudeaketa txarreko kasu gatazkatsuenen artean sailkatu baitute», gogoratu zuen Satorralaiak.

«Gainera, egitasmoa hau sustatzen duten administrazioek, bai Eusko Jaurlaritzak bai Donostiako Udalak, gutxienez 200 milioi euro gastatu beharko dituzte garraioaren eta mugikortasunaren hobekuntzaren ikuspegitik justifikatzeko gai izan ez diren eta inolaz ere beharrezkoa ez den obra bat egiteko», gaineratu zuen Satorralaiak. Horren erakusle, metroa martxan jartzean Ibaeta eta Antiguan bus zerbitzua urriagoa izango dela dioten txostenak daude.