Jon ORMAZABAL
PILOTA

Neguan ereindako haziaren fruituak jasotzeko garaia heldu zaio Julen Martijari

Etxeberriko pilotariak estelarista estatusa irabazi du eta bost partida jokatuko ditu sei egunetan, horietako hirutan Jokin Altunaren atzelari bezala jokatuz.

Txapelketetatik at, udako partiden kopurua eta lehia horien zailtasuna izaten da pilotari bakoitzak enpresan duen estatusa neurtzeko termometrorik egokiena. Bada, horri begiratuta, argi esan daiteke Julen Martijak gora egin duela nabarmen Aspeko atzelarien artean. Zalantzarik ez dago Rezusta eta Zabaleta, edo Zabaleta eta Rezusta, direla Eibarko enpresako bi erreferentzia nagusiak koadro luzeetan, baina hirugarren postuan Julen Martijak aurrea hartu dio aspaldian joko maila onik aurkitu ezinda dabilen David Merinori.

Debutatu eta bi urtera, 21 urte eskasekin, Sakanako atzelaria erabat egonkortu da onenen artean eta aurtengoa izango du lehen uda estelarista bezala. Iazkoan pixkanaka sartu nahi izan zuen enpresak goi mailako partidetan, Binakako Txapelketan Abel Barriolaren lekua har zezan. Orain, berriz, negu partean Jokin Altunarekin egindako lan bikainaren ordaina jasotzea tokatuko zaio hurrengo egunetan.

Altunaren agenda

Pentsa, aste honetan Jokin Altuna Amezketako txapeldun handiaren agenda bera izango du Sakanako atzelariak, gaurtik hasita ostiralera sei egunetan bost partida jokatuz. Atsedenerako betarik gabe Barakaldon, Errenterian, Gasteizen, Ordizian eta Amezketan ariko da, horietako lautan Altunaren atzelari gisa. Bihar Errenteriako Agustina Otaola pilotalekuan jokatuko duen partida izango da partida horietatik guztietatik estelarra izango ez den bakarra, baina Retegi lagun Artola eta Imazen aurka jokatu beharrekoak ere ez du mailarik falta.

Asteazkenean Gasteizen ere Eratsungoarekin osatuko du bikotea Martijak. Bada, lehia horretan Jokin Altunaren atzelaria David Merino izateak argi uzten du Aspeko teknikarien begietara Julen Martijak azkenaldian enpresan hartu duen pisua.

Lehen aldia izango da Etxeberrikoarentzat horren denbora gutxian hainbeste goi mailako partida jokatzea tokatuko zaiona, eta, alde horretatik ere, proba interesgarria izango da zinez oraindik zailtzeko dagoen gaztearentzat. Lehen azterketa zaila gaur bertan izango du Barakaldon, Irribarria-Rezusta 2017ko binakako txapeldunen aurka. Oro har hartuta ere, Gorbeia taldeko Martijaren kideek ere ez dute lan errazik izango, kantxa osoan Peio Etxeberriak Darioren aurka jokatu beharko duelako, eta, kaiolan, Aitor Mendizabalek Ezkurdiaren kontra.

Asegarceri dagokionez, Etxebarrin Oiz eta Anboto taldeak lehiatuko dira, ostiralean lehenek Arrigorriagan lortutako garaipenari esker. Lasok kaiolan Arteaga erraz xamar gainditu bazuen ere, Olaizola II.a-Aretxabaletak eta Bakaikoak euren partidak aurrera atera zituzten eta, gaur, Victor, lau eta erdian, Artola-Albisu eta Erasun izango dituzte parez pare.

Azpeitia-Amurrio, Euskal Herriko Herriartekoan

Azpeitiak eta Amurriok jokatuko dute gaur Zornotzan, 11:00etatik aurrera, Euskal Herriko Herriartekoaren finala, aurreko astean Iruñea Oberena eta Markina Xemein kanporatu ostean. Urolakoek hiru aldiz irabazi dute txapelketa eta iazko txapela defendatzen saiatuko dira gaurkoan arabarren aurka.

Alberdi aurrelari seniorra eta Elosegi kadetea osatuta, azpeitiarrek talderik onena aurkeztuko dute. Arabarrek Larrazabal kadetearengan dituzte jarrita esperantzak, seniorretan ere irabaz dezaketela sinetsita. J.O.