Jon GARMENDIA
Idazlea

Elixabete

Sentimenduekin ez dakit orria pasatzen. Hala erran dit Elixabetek, eta anitz maitatu dut esaldia. Lehen kolpean euskaldun berriak egindako itzulpen akatsa sumatu dut, pentsatu baitut morfosintaxiak izanen duela irizpideren bat orria pasatzeari buruz, baina, juzku gramatikalak bazter utzita, ulertu diodala supituan ulertu du berak ere, badela arantza zenbait Elixabeten maitasunaren kutxan, iraganaren memoria beti orainaldiko sentipena den toki horretan. Sakonki eragin dizun gertakariari buruzko pentsamendua egunero baldin baduzu alferrik baita urteak pasa direla erratea, pasatzen den bakarra egun bat da, eta egun hori beti da gaur.

Udak ahanzten laguntzen du behintzat, edo hala iradoki diot lagunari, azala beltzatzen duen eguzki pean distraitzeko modu anitz dagoela sinistuta. Zorrotzegiak bihurtzen ari gara ordea, bai; bai Elixabete eta baita ni ere, gauza guztiei logika bat aurkitu nahian, burua estutzeko joera daukagu, errealismoa azterketek eta analisiek emango digutela usteta. Eta itsu-itsuan jarraitzen dugun itsasargi horrek begibakarra iduri du gauaren erdian, orratza zurrunegia duen iparrorratza. Sentimenduen munduan dena baita ilunargi eta mugikor, koloretsu eta aldakor, eta gertatzen uztea da kontua, ezeren xerka joan gabe itxaroten jakitea, soa ezeri beha galdu gabe ibiltzen jarraitzea, pasa behar duena pasako baita beti, eta orria pasa gabe orrian idatzitako maitasunak beti han jarraituko duela jakingo duzu horrela.