GARA
ALTSASU

Orain Presoak Tour, gogoz beteta azken txanparako

Orain Presoak Tourrak hirugarren etapa, denetan gogorrena, gainditu zuen atzo, eta ilusioz eta gogoz gainezka dago gaur azken txanpa bete eta Zaballara iristeko. Otzaurte igo eta Altsasura iritsi ziren. Bertakoen erantzuna nahiko luketela adierazi zuten, presoen egoera aldatzeko.

Orain Presoak Tourraren hirugarren etapa, Donostia eta Altsasu artekoa, ez zen makala baina ederki joan zen. 09.30 aldera abiatu ziren 30 bat txirrindulari Zuloaga plazatik eta Lasarte-Orian barna igaro ziren. Tolosaldeko eta Goierriko herrietan jende gehiago elkartu zitzaien eta dezenteko tropela osatu zuten.

Joan den ostiralean Mont de Marsanetik atera zen martxak euskal presoen urruntzea eta dispertsioa bukatzeko garaia dela aldarrikatu zuen, Orain Presoak dinamikaren bandera urdinak eta Sareren txaleko horiak lagun. Bidean suertatu zen edozein arazo elkar lagunduz konpondu zuten. Txakalaldiak batak bertzea bultzatuz gainditu eta aitzinera egin zuten.

Ordiziako jaietan

Ordizian merezitako atsedena eta bultzada hartu zuten. Bezperan Errenterian bezala, jaietan sartu ziren bete-betean eta herritarrekin batera bazkaldu zuten. Zegaman bertze geldialdi bat eta Otzaurteko mendatea igotzeari ekin zioten arratsaldean. «652 metro» markatzen duen kartelaren ondoan atera zuen tropelak argazkia, kontent eta harrotasunez.

18.30ak aldera Altsasura ailegatu ziren. Herritarrek harrera egin zieten herriko sarreran eta Foruen plazan abesbatzak kantuz eman zien ongi etorria. Sareren izenean, Inaxio Oiarzabalek hartu zuen hitza eta tour honen xedea jendartea aktibatzea dela oroitu zuen, euskal preso politikoen egoera hobetzeko. Altsasuk herri bezala injustiziaren alderik gordinena jasan duela eta horri herri bezala erantzuteko izugarrizko gaitasuna erakutsi duela nabarmendu zuen. Eta erantsi zuen erantzun hori bera zabaldu nahiko luketela Euskal Herri osoan, espetxe politika aldatzea lortzeko.

Partaide guztiak kioskora igo ziren eta Altsasuko gazteei eskainitako abestia herritarrei kantatuz amaitu zuten. Etaparik gogorrena gaindituta, prest daude gaurko azken txanparako.