Amalur ARTOLA

Hogei urtez euskal zinemagintzako «kimuen» bozgorailutza lanetan

Zinemagile batek film baterako ideia bikain bat du, finantziazioa lortu du, baliabideak, filmatu du lana eta... orain zer? Promozioaren eta banaketaren bidegurutzeetan trebatu gabeko egile berriak hauspotzeko sortu zen Kimuak programa. Hogei urte bete ditu.

Euskal Herrian ekoitzitako film laburrek nazioarteko oihartzuna izan zezaten sortu zen, orain hogei urte, Kimuak programa. 1998. urtea zen eta, azken hamarkadan zehar film laburren kalitatean gorakada izan bazen ere, zinemagileek hainbat ataka gainditu behar zituzten euren sorkuntzak jendaurrean erakutsiak izan zitezen. «Ni hasi nintzenean zeluloidean filmatzen genuen, pentsa. Kopia bakoitzak dirutza balio zuen eta agian bidali behar zenuen bat Teherango jaialdira eta handik egin behar zenuen koordinazioa kopia hori gero Indiako Keralako jaialdira irits zedin... sekulako eromena zen», ekarri du gogora Koldo Almandozek (Donostia, 1973). Horri, nazioarteko jaialdietan izena emateko tramitazioa edota garraioetan pelikula jasotzen zuen lata galtzeko arriskua ere batzen zitzaion, besteak beste.

Amaitutako lanaren banaketa eta promozioan zinemagileen lagungarri izateko sortu zen Kimuak, Donostia Kulturaren sostenguz lehenik, eta Euskadiko Filmategiak kudeatutako programa gisa egun. Urtero, bere katalogoan euskal laburmetraigintzako alerik interesgarrienak bildu eta nazioarteko erakusleihoan paratzea du xede eta, bide horretan, hainbat zinemagile hartu ditu bere abaroan: Asier Altuna, Pablo Malo, Borja Cobeaga, Jose Mari Goenaga, Bego Vicario, Telmo Esnal, Ramon Barea, Izibene Oñederra, Jon Garaño, Raul de la Fuente, Aitor Arregi, Mikel Rueda... Datuek euren kabuz hitz egiten dute: hogei urteotan, 150 laburrei erraztu die Niger, Taiwan, Iran, Australia, AEB, Brasil edota Hego Korea bezalako herrialdeetako hainbat jaialditan parte hartzea eta, Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariak “Euskal zinema: zinegileen hiru belaunaldi” (Euskadiko Filmategia, 2015) argitalpenean bildutako datuen arabera, Kimuak-ek hauspotu dituen laburrak mila aldiz baino gehiago izan dira hautatuak nazioarteko jaialdietan eta, orotara, 1.934 sari lortu dituzte (2015era arteko datuak dira). Sari guztietan aipagarriena, Nacho Vigalondoren “7:35 de la mañana” (2003) filmak lortutako Oscar sarirako izendapena. «Baina Kimuak-ek ez zukeen arrakastarik izango osagaiak onak izan ez balira; hor egon da talentu handia, jende oso interesgarria gauza onak egiten, eta horren jarraipenak ahalbidetu du gerora profesional horiek gauza handiagoak egitea», ziurtatu du Almandozek.

Film laburren duintzea

Isabel Herguerak (Donostia, 1961) zinema egiten zuen Kimuak aurretik, eta zinema egiten jarraitzen du egun ere. Animazioaren munduan erreferente, eskolak ematen dabil nazioartean eta, Kimuak-en, azken parte-hartzea 2017an izan zuen, Atxur animazio taldearen “Areka” lanarekin. Programako atea, baina, 2005ean jo zuen lehen aldiz, “La gallina ciega”-rekin. Esperientzia hark zinemagintza ulertzeko zuen eran eragina izan zuela kontatu digu: «Katalogoan egoteak animazioa egiteaz nuen ideia goitik behera aldatu zuen, labur batek banaketa ona izatea pelikulak egiten jarraitzeko oinarrizkoa zela ulertu nuen. Garrantzitsua izan zen baita ere jaialdietan parte hartzea eta, ni bezala, aurrera egiten ahalegintzen ari den jendea ezagutzea: sareak osatzea, elkarlanean lan egitea eta motibazioa mantentzen lagungarri diren dinamikak finkatzea».

Baina, Kimuak-ek zerbait lortu badu, laburmetraia formatu gisa duintzea dela nabarmendu du Almandozek. Bere ustetan, jendartearen %99k zinema film luze konbentzionalarekin lotzen du eta hortik harago dagoena, izan generoan, formatuan zein luzeran ezberdin delako, «paja mentaltzat» hartu ohi dela. Ondo baino hobeto daki hori zinemagile donostiarrak, bere ibilbidearen zati handiena formatu laburretan eta esperimentazioa landuz osatu baitu –aurtengo Zinemaldian aurkeztuko du “Oreina”, bere fikziozko lehen luzea– eta Kimuak-ek film laburrak duintze aldera egindako lana jarri du balioan: «Kimuak-ek ikusgarritasuna eman dio, gizartean presentzia. Jendeak ezagutu egiten du programa eta askotan analogia zuzena egiten da Kimuak eta laburmetraiaren artean eta jendeak katalogoa ikusi egin nahi du, berdin zaio zer dagoen barruan. Orduan, bai, nik uste ezagutzera eman duela eta dignifikatu ere egin duela».

Gertukotasuna da zinemagileek azpimarratu duten beste bertuteetako bat. Programaren kudeatzaileak, Txema Muñoz eta Esther Cabero, zuzenean zinemagileekin harremanetan daudenak, «benetan eskuzabalak dira, zinema eta munduan zehar mugitzen dituzten laburrak gustatzeaz gainera, gure pelikulak munduko onenak direla sinetsarazten digute. Zer gehiago eska daiteke?», galdegin du Herguerak. Maria Elorza (Gasteiz, 1988) zinemagile gazteak ere estimatzen du horien profesionaltasuna, eta babesa: «Ez da etekin ekonomikoen bila dabilen banatzaile bat; konfiantzazko bi pertsona dira, zure kortoarentzat benetan onena nahi dutenak eta zintzo lan egiten dutenak. Eskertzekoa da».

Kimu berriak, erronka berriak

Kimuak 2018 katalogoa ekainean ezagutarazi zen. Filmategitik zehaztu zutenez, 78 lan aurkeztu ziren programara, inoizko kopuru handiena. Katalogorako hautatu dituzten lanen artean dago Elorzaren “Ancora lucciole”. Programan parte hartzen duen bigarren aldia da, Maria Fernandezekin batera eta Las chicas de Pasaik izenpean, “Gure hormek” aurkeztu baitzuen 2016an. Orain hogei urteko panoramarekin alderatuta, egun pelikula bat ekoiztea eta jaialdietan aurkeztea «errazagoa» dela uste du Elorzak, ez, baina, zinearen inguruko industrian nabigatzea. «Teknologikoki erraztasun gehiago dago zure kabuz ekoizteko eta, alde praktikotik ere, munduko beste puntan dagoen jaialdi batera lan bat bidaltzea egun ez da zaila, baina iruditzen zait orain produkzio handia dagoela, agian konpetitiboagoa da mundua eta errazagoa da galtzea. Uste dut mare magnum digital horretan gaudela eta, bai, zure kortoa ekoitzi eta Interneten zintzilikatu dezakezu, baina igual ez du inork ikusiko, zurea bezalako milaka daudelako sarean».

Garaiak aldatzearekin, beraz, erronka berria du Kimuak-ek: formatu eta plataforma berrien itsasoan itsasargi izatea. Ari ote da bidea argitzen? «Nik uste dut baietz –azaldu du, ziurtasunez, Elorzak–. Kimuak-en egoteak ez du esan nahi jaialdietarako hautatuko zaituztenik, baina badakizu gutxienez zure kortoa iritsiko dela iritsi behar duen mahaira eta, gainera, arretaz begiratuko dutela. Hautatuko zaituzten edo ez, hori beste kontu bat da». Iritzi berekoa da Almandoz ere. «Gaur egun dauden plataformekin, izen-ematea ordenagailu batetik egin dezakezu. Egun arazoa ez da festibaletara iristea; horrenbeste pelikula daudenez, galbahea pasatzea da arazoa, eta askotan beharrezkoa izaten da kontaktu zuzena izatea. Mangoneoaren mundu honetan, lehen diruak eta baliabideek galarazten zizutena egun galarazten dizute gaitasun sozialak ez izateak, lagunak edo kontaktuak ez izateak».

Bere aldetik, etorkizunera begira jarri da Herguera, eta baikor agertu da plataforma eta formatu berriei egokitzeko Kimuak-ek izango duen gaitasunarekiko: «Ikus-entzunezkoek, eta bereziki animazioak, forma hibrido edo esperientzia barneratzaileen bidea ari dira hartzen eta horrek panorama aldatuko du, ekoizpen moldeei zein banaketari dagokionez». Elorzaren iritziz, labur baten banaketa «beti izango da zailagoa, ez duelako lekurik zinema komertzialetan», eta zentzu horretan Internetek duen eragina nabarmendu du: «Gero eta tendentzia gehiago dago Interneten gauzak ikusteko, gero eta presentzia handiagoa du ikus-entzunezkoen munduak, eta kortoek hor aukera gehiago izango dituztela uste dut». «Ziur naiz Kimuak-ek orain bezain beste zainduko duela ikus-entzunezkoak ulertzeko era berri hau», amaitu du Herguerak.

 

Baliabide izatetik helburu izatera

Kimuak zinemagileentzat heldulekua izan denik ezin uka, ezta, programara aurkeztu diren lanen kalitatea tarteko, sektorean izena eta sona eskuratu dituenik ere. «Ikus-entzunezkoetan gabiltzan guztiek ezagutzen dugu, eta kalean ere jendeak lotu egiten ditu film laburra eta Kimuak, badaki zer den», argudiatu du Maria Elorza zinemagileak.

Koldo Almandozen iritzian, hain justu, arrakasta da Kimuak-ek egun duen «arazo» nagusia: «Lortu ditu halako hito batzuk, Oscarretarako izendapenak, Goyak... eta politikariak edo goiko arduradunak erratu egingo lirateke beti emaitza horiek ematea eskatuz, zinema mundua asko aldatu delako».

Bere ustetan, nazioartera iristeko «baliabide» baino, Kimuak «helburu» bilakatu da: «Badirudi Kimuak-en katalogoan egotea sari bat dela, eta ez luke hala izan behar. Gaizki dago nik esatea, askotan lortu dudalako katalogoan egotea, baina lehiaketa modukoa bilakatu da, eta uste dut hor badagoela hausnarketa bat».A.A.