GARA
IRUÑEA

Batman eta Corto Maltese hartuko ditu Iruñeko Komiki Azokak

Batman eta Corto Maltese izango dira Nafarroako Komiki Azokaren aurtengo gonbidatu bereziak. Bederatzigarren edizioa irailaren 6an hasi eta urriaren 7ra arte ospatuko da Iruñean eta, iaz bezala, hainbat jarduera paralelo hartuko dituzte Kondestablearen jauregiak eta Civicanek: bisitaldi gidatuak, bi erakusketa, haur zein helduentzako tailerrak, sinatze ekitaldiak eta autoreekin solasaldi irekiak izango dira, besteak beste.

Batman eta Corto Maltese pertsonaia mitikoak izango dira irailaren 6an hasi eta urriaren 7ra arte Iruñeak hartuko duen Nafarroako Komiki Azokaren 9. edizioko gonbidatu nagusiak. Ohi bezala, hainbat jarduera paralelo ere izango ditu azokak, tartean bi erakusketa, tailerrak, bisitaldiak eta aurten ere Kondestablearen jauregian eta Civicanen egingo diren topaketak. Iazko edizio «arrakastatsuaren» ostean, aurten ere espazio horiek erabili nahi izan dituztela azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, orotara 22.360 bisitari hartu zituzten, horietatik mila inguru bisitaldi gidatuetan parte hartu zuten ikasleak.

Azokaren kartelean bederatzi autore nabarmentzen dira. Batetik, Ruben Pellejero (aurrez aipaturiko Corto Malteseren egungo abenturen arduraduna), Miguel Angel Martin (Subterfugeko ilustratzailea), Mikel Santos Belatz (Txalapartaren “El tesoro de Lucio”-ren autorea), Natacha Bustos (Marvel-en “Moon Girl” e “Devil Dinosaur”-en marrazkilaria), Santiago Sequeiros (17 urteren ostean amaitu duen “Romeo Muerto” aurkeztuko du azokan), Mamen Moreu (“El Jueves”-en argitaratzen den Marcela pertsonaiaren sortzailea), Alvaro Ortiz (Nafarroako Komiki Azokaren aurtengo kartelaren diseinatzailea), Alvaro Martinez Bueno (DCrako “Batman” eta “The Justice League Dark”-en marrazkilaria) eta Ana Galvañ (Graffica saria 2016).

Erakusketak

Azokan bi erakusketa kolektibo izango dira. Batetik, Munduko Medikuak erakundearen erabiltzaileei Belatzek eta Pedro Osesek eman zieten tailer bateko emaitza erakutsiko duen “Aquí estamos-Hemen gaude” erakusketa: zaurgarritasun egoera ezberdinetan dauden pertsonen bizimodua eta pentsamoldeak ikusaraztea du helburu erakusketa honek, tartean pertsona migranteena, errefuxiatuena edo mutilazio genitala pairatu duten emakumeena.

Bigarrenak Nafarroan argitaratu zen lehen komikietako bati egin nahi dio omenaldia, zehazki 1978 San Fermin jaietan jazorikoa salatzeko orain 40 urte argitaratu zen “Viva San Fermín” komikiari. Besteak beste, David Oses, Araitz Urbeltz, Irati Fernandez Gabarain, Ernesto Murillo Simonides, Jose Javier Aos Garralda, Idoia Iribertegui, Agustin Ferrer-Casas, Monica Logar eta Silvia Echandi artista nafarrek hartuko dute parte “SF (1978-2018)” izena eramango duen erakusketa honetan.

Erakusketez gainera hainbat jarduera paralelo ere izango dira azokak irauten duen artean. Horrela, ostegun eta ostiralean topaketa ezberdinak egingo dira azokara gonbidatutako artista guztiekin. Iruñeko liburu-denda ezberdinetan euren sorlanen aleak sinatzen egongo dira eta Kondestablearen jauregian publikoarekin solasaldietan ere hartuko dute parte, antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Civicanen, bere aldetik, tailer ezberdinak izango dira larunbat goizetan: Flavia Alvarez “Flavita Banana”-ren sortzaileak bineta tailerra eskainiko du irailaren 15ean; Itxaso Razquin pertsonaien sorkuntzaz ariko da “Super héroes 3D” tailerrean irailaren 22an; bere aldetik, pulp enkoadernatze tailerra eskainiko du La Guillotina taldeak irailaren 29an; eta, azkenik, 6-10 urteko haurrentzat eta hauen gurasoentzat “Comiqueando” tailerra emango du Roberto Floresek urriaren 6an.