Haritz LARRAÑAGA
BAIONA
Surf

Lapurdiko Surf Eskolak:Udalen eskumenak eta araudiak

Bisitariak erakarri eta diru sarrera handiak sortzen ditu surfak Lapurdin. Herriko etxeek surf eskola eta surf eremu kopurua mugatu behar izaten dute. Araudia ez da denen gustukoa, ordea, eta ereduaren inguruko eztabaida behin eta berriz mahaigaineratzen da.

Biarritz Europako surfaren hiriburu dela aski gauza ezaguna da. Surfaren industriak indar handia du Lapurdiko kostaldean, besteak beste, mundu mailako surf marka ezagun askok Europako egoitza nagusia bertan dutelako. Horrez gain, Angelu eta Hendaia artean diren urautsi anitzek eta olatuen kalitateak maila guztietako surflariak erakartzen ditu eta bertako ekonomian eragin esanguratsua du surfak.

Testuinguru horretan kokatzen dira surf eskolak eta berauek sorrarazten dituzten irabaziak. Duela lau urte Hendaia, Bidarte, Biarritz eta Angeluko udalek bat egin zuten guztien artean araudi bateratu bat zehaztu eta «norabide berean arraun egiteko».

Herriko etxe bakoitzak errealitate desberdin bat du, surf eremuak eta berauek erabili nahi dituzten eskolak ez baitira beti berdinak, baina badira guztiek jarraitzen dituzten kontsigna eta arauak, eta batez ere, surf eskolak arautzeko metodologia berdina erabiltzen dute.

Lizentziak eta debekuak

Lapurdiko kostaldea osatzen duten 23 kilometroetan 23 bainu leku daude, baina surf egiteko urautsiak gehiago dira. Surf eremu asko arroketan aurkitzen direnez, bainularientzat arriskutsuak izan arren surflarientzako egokiak dira. Lapurdiko udalek ordea, beren eskumenen arabera mugatu dituzten eremuak 32 dira eta eremu horietan ikastaroak eskaintzeko eskumena duten surf eskolak, berriz, 51 dira. Hendaian 8, Bidarten 9, Biarritzen 18 eta Angelun 16.

Eskola horiez gain, ordea, asko dira baimenik ez izan arren ordutegi ofizialetatik kanpo edo zaintza gabeko eremuetan ikastaroak eskaintzen dituztenak. Horren aurrean, bere jarduna justifikatzeko alde bakoitzak argudio propioak erabiltzen ditu. Lizentziarik ez dutenek, esaterako, itsasoko eskumenetan udalek zeresanik ez dutela argudiatzen dute, eta 1986ko kostetako legeari helduta, «hondartzen erabilera libre eta doakoa izan behar dela» dioen artikulua oroitarazten dute.

Bestalde, udalek, segurtasunagatik baldin bada eskolei ikastaroak eskaintzea debeka diezaieketela erantzuten dute. Segurtasunaren izenean, beraz, herriko etxeek surf eskola kopurua mugatu eta baimenik ez dutenei isunak jar diezazkiekete, eta ordena publikoko indarren laguntza izan dezakete horretarako, gainera.

Ordea, debekuak ezin du iraunkorra izan, itsasoko baldintzak egunero aldatzen baitira, edo ondorioz, arrisku egoera ez da beti justifikatua, horregatik debeku lege iraunkor bat ezartzeko zailtasunak dituzte.

Hendaian araudi berezia

Arazo gehienak Hendaiako Hondarraitz hondartzan sortzen dira; izan ere, guztien artean surf egiten ikasteko baldintza egokienak eskaintzen dituen hondartza da. Horrez gain, itsaskiak indartsuak direnean gainerako hondartzetan baino olatu txikiagoak izaten dira eta dozenaka surf eskolak eramaten dituzte beren ikasleak Hendaiako uretara.

Inguruko herrietatik eskola ugari joaten dira Hendaiara, haietako asko Gipuzkoatik edo Landetatik gerturatzen dira, eta ondorioz, 40 eskola desberdinetako ikasleak pilatu daitezke Hondarraitzeko hegian une berean. Haietako batzuek beste hondartza batzuetan aritzeko lizentzia dute, baina Hendaiara joaten dira baldintza hobeak direlako. Adibidez, olatuak apur bat indartsuak badira, Angeluko hondartzak arriskutsuak dira hasiberrientzat. Gainera, itsasgoran baldintzak zinez desegokiak izaten dira Angelun.

Edonola ere, udalaren baimena izan edo ez, guztiek gutxieneko arauak bete behar dituzte. Edozein eskolak gutxieneko betebeharrak ditu, hots, erantzun zibileko asegurua, enpresa erregistratua izatea eta abar. Eskola batek beste edozein enpresak bete beharreko arauak jarraitzen ez baditu, zigortua izaten da. Horrez gain, Frantziako federazioak ezartzen duen araudi orokorra ere bete behar dute (gehienez 8 ikasle irakasleko, ikasleak bereizteko koloredun likrak eramatea, eta abar...). Eskolek arau hauek guztiak betetzen dituztela ziurtatzeko ikuskatzaileak izaten dira hondartzetan eta oso zorrotzak dira.

Pasa den apirilaren 30ean, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak sinatutako arauak honela dio: «Baimenik gabeko egiturek ezingo dute beren aktibitatea egin Hendaiako hondartzan zein itsasoan». Idatziak dioenez, araudi hau errespetatzen ez dutenek isuna jasotzeko arriskua dute eta arau bera birritan hausten dutenek epaitegietan amai dezakete.

Uda sasoian, 3 polizia edo CRS ibiltzen dira sorosleekin batera Hendaiako hondartza zaintzen eta haien eginbeharretako bat da goizeko 9.30ean, ikastaroak emateko ordutegia ezartzen den unean, lizentziarik gabeko eskolarik ez dagoela ziurtatzea.

Segurtasuna eta legeak eskutik doaz. «Botere polizialak uretako jarduerak arautzeko eskumena ematen dio udalari, segurtasuna eta osasuna bermatzeko baldin bada».

Surfzale asko

Surf eskolez gain, hondartza batzuetan surf elkarteek ere ikastaroak eskaintzeko baimena izaten dute, urte osoan zehar udalarekin elkarlanean aritzen baitira. Elkarteek lehentasuna izaten dute, zeren nahiz eta enpresa desberdinetako marken laguntza jaso, elkarteen arduradun nagusiak udaletxeak dira. Guztira 20 elkarte edo klub daude Lapurdin eta indartsuenak Biarritz eta Angelukoak dira. Lehenak 724 bazkide ditu eta bigarrenak 645 kide.

Lapurdiko kostaldean den surflari kopurua zehaztea berriz, ez da batere erraza, baina TNS enpresak egindako ikerketa baten arabera guztira 29.000 surflari daude Ipar Euskal Herrian. Kopuru horren erdia turistek eta inguruetako bisitariek osatzen dute. Hala ere, soilik Lapurdin 15.000 surflari izatea datu esanguratsua da.

Ipar Euskal Herrian 2.631 federatu daude, alegia, Frantziako Surf Federazioko kide kopuru orokorraren %15,5. Haietatik %66 mutilak dira, eta %64k 25 urte baino gutxiago dute.

Surf eskolen fakturazioa

Mediabask astekariak berriki argitaratu duen erreportaje baten arabera, Lapurdiko eta Landetako kostaldean 2.000 milioi euroko irabaziak sorrarazten ditu surfaren industriak. Hau da, surf eskola eta surf taulez harago, surf denda, arropa marka edo surfari lotutako beste edozein produkturi esker eskuratutako diru kopurua da.

Lapurdira surf egitera datozen bisitariek 16 milioiko ekarpena egiten dute. Bisitari bakoitzak batez beste egunero 74 euroko gastua egiten duela kalkulatzen da. Soilik surf ikastaro eta surf taulen alokairuarekin 5 milioi euroko fakturazioa egiten da apirila eta urria artean.

Prezioei dagokienez, berriz, ordu bateko surf ikastaro batentzako batez besteko salneurria 35 eurokoa da Ipar Euskal Herriko surf eskoletan, eta 150 eurokoa bost eguneko ikastaroen kasuan. Biarritzen, ordea, prezio guztiak bikoiztu egiten dira, beraz, ez da harritzekoa surfaren Europako hiriburuan ordu bateko ikastaro bategatik 100 euro ordaindu behar izatea.

Mota guztietako surf eskolak daude, batzuk txikiak dira eta jende gutxirekin lan egiten dute, beste batzuk ostera, jende kopuru handiak biltzeko gai dira eta ikasle kopuru handiak izaten dituzte. Edonola ere, batzuek ikasle gehiago izan arren eta besteek gutxiago, surf eskola bakoitzeko batez besteko ikasle kopurua 400 ikaslekoa da.

Ikasle gehienak gazteak dira, 24 urtetik beherakoak (%75), eta horien artean erdiek 10 eta 17 urte bitartean dute. Sasoiz kanpoko denboraldietan eskola kirolari esker astean behin itsas kirolez gozatzeko aukera eskaintzen dute ikastetxe askok, hortaz, gehienak haurrak dira.

Honi buruzko guztia: Surf