Ariane KAMIO
Elkarrizketa
IZASKUN GRACIA
IDAZLEA

«Ohe hutsetan egotea zaila izan daiteke, baina polita ere bada»

Alemanian bizi da Izaskun Gracia (Bilbo, 1977) azken urteetan. Atzerriak badu eraginik bere literaturan eta horretaz jakitun da idazlea. Ohe huts batean sartu da orain, erantzunik gabeko galderen mihise azpian. Mundua, bizitza, ditu burko. Ez da amets bat, poema liburu bat baino («Ohe hutsetan», Balea Zuria).

Atzerrian bizi zara. Ze eragin du Euskal Herritik kanpo bizitzeak zure literaturan? Eraginik badu, noski.

Atzerrian bizitzeak bi motatako eragina izan du nire literaturan. Alde batetik, hizkuntzan. Alemana oso hizkuntza zehatza da eta konturatu naiz zehaztasun hori nire azken testuetan agertzen dela, nire estiloa apur bat aldatu egin dela azken urteotan. Era berean, kontu handiagoz idazten dut orain, alemanaren egitura gramatikalak testua «ez kutsatzeko».

Beste alde batetik, kontuan hartu behar dugu atzerrian bizitzeak nire errealitate osoa aldatu duela. Nire harremanak, nire ohiturak, nire portaera, nire ordutegiak, mundua ikusten dudan era…

Esan dezaket material itzela eman didala idazten jarraitzeko. Eta ikasten jarraitzeko, batez ere.

Zer aurkitu du Izaskun Graciak ohe hutsetan?

Erantzunik gabeko galdera asko. Baina ohe hutsei esker neure buruari buruz ez nekizkien zenbait gauza ere ikasi ditut. Eta beldurrak gainditzeko indarra eta gure inguruan gertatzen dena erlatibizatzeko gaitasuna lortu dut. Ohe hutsetan egotea zaila izan daiteke batzuetan, baina polita ere bada.

Gizakia jarri duzu liburuaren erdigunean. Bere kezkak, ziurtasunik eza. Zeri erantzun nahi diote zure poemek?

Nik idazten dut mundua ulertzeko. Hori egin baino lehen, gizakia –hots, neure burua– ulertu behar dut. Hori dela eta, nire poemak airera botatako galderak dira; era batean, kezkatzen nauten gertaerak, egoerak edo sentimenduak ordenatzen saiatzen naiz. Bizi dudanak niregan sortzen duen jakin-minean datza idazten dudan guztia, azken finean.

Ahots propio bat bilatu duzu poeta gisa erantzun horien bilaketan?

Nire ustez, poeta (edo idazle) bakoitzak bere ahots propioa du, agian idazten hasi baino lehenagotik ere bai. Zaila izan ohi da ahots hori zuk nahi duzun bezala erakustea. Zure ahotsarekin bat datorren estiloa bilatu behar duzu eta estilo hori aurkitzean dago zailtasuna.

Esan nahiko nuke ez dudala ahots berezirik bilatu, baina agian esan behar dut liburu edo poema bakoitzarekin ahots propio hori etengabe lantzen ari naizela.

Gaztelaniaz argitaratu izan duzu gehientsuenean orain arte. Zergatik orain euskaraz?

Egia da gaztelaniaz gehiago idazten dudala (nire ama hizkuntza da, azken finean), baina euskaraz ere asko idazten dut (orain arte hiru poema bilduma argitaratu ditut euskaraz eta lau gaztelaniaz). Dena den, ez dut erabakitzen zein hizkuntzatan idatzi. Testu batzuk euskaraz eta beste batzuk gaztelaniaz sortzen dira… eta argitaratzen dira posiblea denean. Horregatik, batzuetan ematen du hizkuntza jakin batean idazten edo genero bat lantzen dugula batez ere.

Izenbururik gabeko poemak, letra larririk gabeak. Zergatik horrela?

Izenburuek, puntuazioak, letra larriak… izugarri mugatzen dutelako poema, nik uste. Puntuaziorik ezak, adibidez, poemak nahi duen bezala irakurtzeko aukera ematen dio irakurleari. Eta irakurleak ulertzen duenean eragin handia izango du horrek. Eta hori poema berriro idaztea bezalakoa da, sortzeko prozesua luzatzen da eta.

Beste alde batetik, gure bizitzan obra bakar eta oso bat idazten dugula pentsatzea gustatzen zait, eta puntuaziorik eta letra larririk ezak jarraitutasun hori erakusten du, nolabait esan.