Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ilusio pilulak

Lau urterako kontratua eta Elgoibarko Torneoan jokatzeko aukera eskainidizkio Asegarcek Aretxabaletari eta honek konfiantza hori itzultzea du xede.

Arazoak arazo, zaila da Andoni Aretxabaletaren aurpegian irribarrerik ez topatzea. Azkenaldian, joko puntua hartu duen bakoitzean arazo fisikoren batek horren beharrezkoa den jarraikortasuna izatea galarazi dio Markina-Xemeingo atzelariari, eta uda honetan bertan ere izan du sustorik, uztailaren 22an Etxebarrin jokatutako partidaren ostean mareatu eta aldagelan lurrera zerraldo erori baitzen. Hala ere, ostean egindako proba guztiek ezer larririk ez duela berretsi ostean, berriz ere pilotaz gozatzeko moduan da.

Gainera, azkenaldian ilusioa berpizteko pilula berezi batzuk jaso ditu enpresaren aldetik Aretxabaletak: alde batetik, kontratua lau urterako berritu du, eta, bestetik, Elgoibarko Torneoan jokatzeko programatu dute, Jokin Altuna modako pilotariaren atzelari gisa.

«Gustura nago oso. Herritik gertu da eta Elgoibarkoa frontoi berezi eta polita da gainera, baina, batez ere, udako torneotan ez dudalako aukera askorik izaten nago gustura. Horiek denak batuta, oso pozik nago», aitortu dio GARAri Asegarcekoak.

«Etxean egoteaz aspertuta»

Bere egoera fisikoaz galdetuta, altuegi ez hitz egiteko eskatu digu, «besteren bat etorriko da eta agian», baina zorte txarra atzean utzi izana espero du, «bateko eta besteko etxean egoteaz aspertuta nago eta».

Binakakoan dortsalean lesio larri xamarra izan eta gero berriro kantxan disfrutatzen ari zela heldu zen Etxebarriko zorabioa, baina «azkeneko honek ez dit buruko minik eman, susto bat baino ez da izan. Ni lasai egon naiz, nire inguruko denak bai egon direla urduri xamar, baina ni neu lasai egon naiz».

Profesionalki ere orain arte izan ez duen egonkortasuna lortu berri du Aretxabaletak, Asegarcerekin lau urterako luzatu baitu kontratua. Aurreko kontratua bi urterako sinatu ostean, azkenaldian izarrei baino egiten ez dizkieten moduko kontratu luze bat sinatu berri du bizkaitarrak. «Horixe dela berezia! Nik ez nuen espero horren luzea izango zenik, baina ez da inolako arazorik egon ez ekonomikoki ez eta luzeraren inguruan. Eurek lehen unetik erakutsi zuten euren apustua nik berritzea zela eta nik espero dut konfiantza hori itzuli ahal izatea».

Jakina da goi mailako atzelariak ez dituela soberan uneotan Bilboko enpresak, eta, hala, jasotako konfiantza itzuli ahal izatea «erronka» moduan hartzen du 2014 Binakako Txapelketan Aimar Olaizolarekin bikote eginda txapeldunorde izan zen Andoni Aretxabaletak. Horretarako, oso argi du bidea. «Lesioek errespetatzen zaituztenean eta jarraikortasun bat lortzen duzuenean, jokoa etorri egiten da. Aspalditxo honetan nahikoa jarraikortasun izan dut eta momentuz ondo sentitzen naiz». Elgoibarko zitarako ia bi aste geratzen zaizkio eta «puntu-puntuan» egon nahi luke.