GARA
DONOSTIA

Txinak eta AEBek berrabiatu egingo dituzte etendako negoziazioak

Txinako Merkataritza ministrordea AEBetako Ogasuneko idazkariarekin bilduko da, herrialde amerikarrak gonbidatuta. Hala, maiatzean eta ekainean azken bilerak egin zituztenetik etenda zegoen harremana berrartuko dute elkarri muga zergak ezarri dizkioten bi herriek.

Gerra komertzial bete-betean dauden Pekinek eta Washingtonek berriro ekingo diote asteetan zehar bertan behera utzita izan duten negoziazioari. Txinako Merkataritza Ministerioak komunikatu batean atzo iragarri zuenez, Wang Shouwen ministrordea AEBetako Ogasun Saileko idazkariorde David Malpassekin bilduko da, herrialde amerikarrak gonbidatuta. «Aldebakartasunaren eta protekzionismo komertzialeko praktiken aurka dagoela berresten du Txinak», azaldu zuen Asiako herrialde erraldoiko Merkataritza Ministerioak. Txinak elkarrizketari eta komunikazioari harrera egiten diela ere gaineratu zuen, «elkarrekikotasuna, berdintasuna eta zintzotasuna oinarri».

Azken goi bilera egin zutenetik, bi potentziek muga zergak ezarri dizkiote elkarri, eta horrek munduko ekonomian ondorio larriak eragingo dituen beldurra agerikoa da ordutik. AEBetako Merkataritza idazkari Wilbur Ross ekainean bildu zen Txinako lehen ministrorde Liu Herekin, kontu komertzialak eztabaidatzeko xedez. Lehenago, maiatzean, Liu He bera AEBetako Ogasun idazkariarekin, Steven Mnuchinekin, bildu zen Washingtonen. Halere, bi bilerok ez zuten bi herrialdeen arteko tentsioa murriztea lortu.

Ez da harritzekoa, lehenik eta behin 34.000 milioi dolarrean baloratutako txinatar ondasunei %25eko muga zergak ezarri eta gero (etxetresna elektrikoak, eguzki panelak, altzairua eta aluminioa), orain, abuztuaren 23tik aurrera, Washingtonek 16.000 milioi dolarrean baloratutako beste produktu batzuk ere zergapetuko baititu. Ildo berean, Txinako agintariek uztailaren 6an ezagutarazi zutenez, AEBetatik heldutako eta 34.000 milioi dolarrean baloratutako inportazioen aurkako neurriak hartuko dituzte. AEBek 200.000 milioi dolarrean aduana eskubideak ezarriko zituela ere adierazi zuen. Txinatar arduradunek eskubide hauek Txinako ekonomian oraindik ez dutela eraginik izan uste dute, esportazioak handitu baitira. Hala ere, hainbat analistak diote gerra komertzialaren eragina abuztuan nabarituko dela. Donald Trumpek halako gerra komertzialak «erraz» irabazten direla adierazi zuen eta mehatxu argia egin zion Pekini: inportazio ia guztiei muga zergak ezarriko die, Txinak AEBekin duen defizit komertziala murrizteko neurririk hartzen ez badu.

Orain elkarrizketei ekin diete berriro. «Zaila da bilera hauetatik aterako diren ondorioak aurreikustea, baina bi herrialdeek konpromiso formal bat hartu dute eta hori seinale ona da», azaldu zuen Makoto Sengokuk, Tokai Tokyo Research Instituteko analistak. Larry Huk (Macquarie bankuko analista), ordea, bi potentziek «izotzaldia urtu» nahi dutela dio, «batak besteari neurria hartu eta noraino irits daitekeen» ikusi ahal izateko.