GARA
DONOSTIA

Barrikotea eginez plazaratu dute pentsiodunek protesta

Donostiako Aste Nagusian ere euren borrokarekin jarraitu dute pentsiodunek, baina jai giroa eman diote mobilizazioari. Hala, Saguesen elkartu eta «txorizoa sagardotan» banatu zuten atzo.

Donostiar guztiei egindako deialdia izan zen, baina batez ere erretiroa hartuta dutenei zein pentsiodunei zuzendua. Sagardoa eta ura banatu zituzten, txorizoarekin eta gaztarekin batera, «gaur egungo zein etorkizuneko pentsiodunentzako pentsio duinak defenditzeko» asmoz, urtarrilean abiatu zuten protesta sortarekin bat eginez.

Bestalde, iragarri zuten datorren astelehenean, 12.30ean Loiolako Erriberan Gizarte Segurantzak duen egoitzaren aurrean elkarretaratzea egingo dutela. KPIaren araberako birbalorazioa, jasangarritasun faktore delakoa bertan behera uztea, gutxieneko 1.200 euroko soldata eta 1.080 euroko pentsioa eskatuko dituzte.