Asier AIESTARAN
Arrauna

Iritsi da Zarauzko bidegurutzea

Urtero legez, Zarauzko jardunaldi bikoitza erabakigarria izango da EuskoLabel Ligaren amaierak zenbateko emozioa izango duen jakiteko.

Zarauzko estropadak izaten dira traineru denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetako bat, eta aurten ere ez da desberdin izango. Gaur eta bihar ipiniko dira jokoan gizonezkoen 41. ikurrina eta emakumezkoen hamargarrena. Kopuruak desberdinak izan arren, mutiletan zein nesketan estima berezia duen bandera izaten da Zarauzkoa.

Gizonezkoen Eusko Label Ligari dagokionez, denboraldiko 14. eta 15. estropada puntuagarriak izango dira gaurkoa eta biharkoa. Urdaibai da liderra 144 punturekin –osteguneko aurkezpenean Joseba Fernandez entrenatzaileak jaso zuen lorpen hori saritzen duen oroigarria–, eta Hondarribia dago bigarren 135ekin. Zirt ala zart, gipuzkoarrek Liga irabazteko aukeraren bat izan nahi badute tarte hori murriztu beharko dute asteburu honetan.

Baina deigarria da aurreko asteburuan jokatutako bi estropadetan ez batak ez besteak ez zuela garaipenik lortu: Zierbena izan zen nagusi larunbatean Ondarroan eta Cabo igandean Hondarribian. Horrek argi erakusten du lehiaketan dagoen parekotasuna, eta Zierbena jada bigarren postutik lau puntura baino ez dago (131).

Eta laugarren postuan ageri da Orio, hain zuzen ere, iaz Zarautzen irabazle izan zen ontzia. Denboraldi nahiko apala egiten ari dira aurten gipuzkoarrak, baina ez litzateke harritzekoa izango gaurtik aurrera koxka bat gora egitea. Itsaso zabaleko estropadak, Kontxa gerturatzen, Salsamendiren taldeek azken urteetan egindako denboraldi amaiera onak... badaude elementu batzuk hori pentsatzera eraman dezaketenak. Zaleen bultzada behintzat ez zaie faltako aurtengoan ere.

Itsasoari dagokionez, metro inguruko olatuak daude aurreikusita, nahikoa ikuskizuna ziurtatzeko, eta haizearen aldaketekin ere adi ibili beharko da, batez ere bihar eguerdian. Ez dira baldintza bereziki gogorrak, baina kostako zaie traineruei Castrok 2008an bi jardunalditara ezarri zuen errekor aparta apurtzea: 38:56:72.

Azken postuko borroka, gori-gori

Baina goiko postuetan bezainbeste emozio dago aurten behekoetan, bai behintzat azken postua eta jaitsiera zuzena ekiditeko borroka horretan. Une honetan Tiran da azkena 27 punturekin, baina Pasai Donibanek, 29rekin, bi puntuko aldea besterik ez du. Eta azken jardunaldietan galiziarrek aurre hartu diete gipuzkoarrei. Lehen txandan irtengo dira biak, Kaiku eta San Pedrorekin batera. Ziur azken bi horiek jada Kontxako sailkapen estropadan pentsatzen hasiak direla.

Ondoren, bigarren txandan, Ondarroa, Donostiarra, Cabo eta Santurtzi irtengo dira. Lau traineru horiek ere nahiko finkatuta daude sailkapenaren erdialdean, eta beste motibazio batzuk aurkitu beharko dituzte. Hori bai, aurreko igandean Cabok egin zuen bezalaxe, baldintzen edozein aldaketa baliatu dezakete bandera bat irabazteko, eta hori baino pizgarri handiagorik nekez egon liteke lau talde horientzat.

Kontuan izan behar da, gainera, gaur hasi eta denboraldia amaitu arteko estropada guztietan txandak sailkapen nagusiaren arabera osatuko direla. Horrek bere garrantzia du: Tiran eta Pasai Donibane, adibidez, txanda berean arituko dira azken lau estropadetan.

Ospakizuna banderarekin bada, hobe

Emakumezkoen Euskotren Liga asteburu honetan iritsiko da bere amaierara, eta gauza bat ziurra da: Liga Pasai Donibanek irabaziko du bosgarren aldiz jarraian. Horregatik, ikusmina beste gertaera batzuetan egongo da: lortuko al dute arrosek garaipen hori ikurrinarekin ospatzea? Bandera ez bada ere, lortuko al dute aurkariek San Juan atzean uztea bi egunetakoren batean, Arraun Lagunak-ek Ondarroan egin bezala? Horrenbeste aldiz bigarren izan ostean, lortuko al du Oriok estropadaren bat irabaztea?

Gaurko jardunaldia 18.00etan hasiko da, eta biharkoa 11.45ean, biak ETB1ek eskainiak, eta biharko estropada amaitzen denean, bandera emateaz gain, Pasai Donibanek Euskotren Ligako txapeldunari dagozkion sariak jasoko ditu uretan. Beste postuetan ere ez dago emozio handirik, eta Hondarribiari tokatuko zaio aurten lehen aldiz egingo den ETE Ligako traineruekin igoera-jaitsiera play-offa jokatzea. Eta beheko ligan emozio gehiago dagoenez, aurkariak ezagutzeko itxaron egin beharko du oraindik.A.A.