Jon GARMENDIA
Idazlea

Akatsak

Ez dakit zenbat denbora pasa den nire lehen lerroak idatzi nituenetik. Ez naiz egun, hil edo urteez ari, baizik ez dakidala denbora anitz, gutti, edo gehiegi ote den. Baina batzuetan, idatzi horietan ez dut ene burua ezagutzen, eta aringarri zait hori, edo beste batzuetan hainbeste ezagutzen dut ezen ikaratu egiten naizela; zalantza izaten baitut hitzak ez ote nituen atzoko mozkorraldian idatzi. Edo duda ukaiten dut bihar goizerako ahantziko ez ote ditudan, edo sinpleki, okerreko kaiera ireki dudala pentsatzen dut. Baina argi dut gertatzen ari zitzaidana ulertzeko ezarri nituela testuak paperean, eta negarrez idatzi nituela batzuk, irri karkailaz bestetzuk, eta beste zenbaitzu beldurrari aurre egiteko. Eta orain, idatzi horietara itzultzean, ezin dut ulertu zergatik hain garrantzitsua zen hura guztia, eta zergatik eragiten zidan hainbeste. Beraz, nahi nuena lortu nuela sinetsi nahi nuke, errealitatea ulertzea, eta ni ulertzea. Nire barnean korapilatutako sentimenduak askatzea.

Ez naiz idatzitakoaz damu, hobe baita damuaz lehenbailehen eranztea, edo bestela, gurutze zamadun hori santuentzako uztea. Ispilu batean ikusten zarela uste dut aspaldiko idatziak irakurtzen dituzunean, eta han agertzen diren akatsak zimurrek estali dituztela ulertzen duzu, zaildutako azala dela orduko arazoen konponbide. Orain akats berriak idazten ditut halere, eta bihar akats berri gehiago idatzi nahi nituzke, testu zaharrak berrirakurriz zauri anitz sendatu dudala ohartzen bainaiz, oraino sendatzeke ditudanez ohartzen naizen legez. Hargatik jarraitu nahi dut idazten, urrun dudan hori hurbil sentitzeko modu bat delako, eta gertutik urrundu nahi dudana urruntzeko ere bai. Korapiloak askatzea eta korapilo berriak sortzea baita bizitza.