Haritz LARRAÑAGA
Surf

Caraïbos Lacanau Pro 2018: Boukhiam eta Kelly txapeldun

Atzo Amaitu zen Landetako hondartza famatuan egiten den munduko QS 1.500 txapelketa. Ramzi Boukhiam marokoarra gailendu damutiletan. Nesken kategorian, berriz, 14 urte baino ez dituen Zahli Kelly australiarra. Parte hartzea zabala eta olatuak onak izan dira.

Lacanaun aspalditik egiten den txapelketak ez ditu puntu asko eskaintzen (1.500 puntu, Zarauzkoak bezala), baina, uda sasoia izanda, eta Europan abuztu eta urri artean egiten diren txapelketa andanak erakarrita, mundu osoko surflariak gerturatzen dira bertara parte hartzera. Horren adierazle garbia izan da nesken zein mutilen kategorietan finalerdietara iritsitako lehiakideen naziotasuna, lehiakide bakoitza herrialde desberdin batekoa izan baita.

Puntu gutxi eskaintzen dituen QS txapelketa batean parte hartzeko mundua alderik alde zeharkatzeak ez du zentzu handirik, baina, europarren maila oso altua ez dela kontuan hartuta, badira ahalik eta puntu gehien eskuratzeko Australia eta Hawaii bezalako lurralde urrunetatik etortzen direnak. Ez da berdina puntu berberak eskaintzen dituen txapelketa bat Australian edo Europan, australiarren maila altuagoa baita oro har. Aldiz, batean edo bestean txapelketa bat irabaziz gero eskuratzen den puntu kopurua berbera da, eta, horregatik. lehiakide batzuek bidaia luzeak egitea hautatzen dute.

Angelu eta Pantin

Guztira QS mailako 67 txapelketek osatzen dute aurtengo itzulia mutilen kasuan. Neskenean, ostera, gutxiago dira, 53 txapelketa zehazki. Nesken lehiaketek ez dute puntu askorik eskaintzen, eta mutilen kasuan dauden 10.000 puntuko txapelketarik ez dago gainera –gehienez 6.000 puntu lor daitezke–.

Hori bai, Pantinen (Galizia) datorren abuztuaren 28tik irailaren 2ra bitartean egingo den QS txapelketa salbuespena izango da. Izan ere, mutilen lehiaketak 3.000 puntu eskainiko ditu eta nesken lehiaketak, ostera, 6.000 puntu.

Aurrez, ordea, QS mailako beste txapelketa bat izango da Europan, Angelun zehazki. Hala, abuztuaren 21etik 26ra Euskal Herrian izango dira Lacanaun egunotan izandako lehiakide asko, nesken zein mutilen kasuan 1.500 puntu eskainiko dituen beste lehiaketa bat izango baita. Angeluko lehiaketako iazko gizonezko irabazlea, gainera, aurten Lacanauko txapela eskuratu duen Boukhiam bera da.

Ramzi Boukhiam

Lacaunaun bi australiar, marokoar bat eta frantses bat iritsi ziren finalerdietara mutiletan. Metro beteko olatu ederrak izan ziren Lacanaun eta lehia izugarria izan zen. Andy Criere edo Jorgan Couzinet bezalako surflari ezagunak kaleratu egin zituzten txandek aurrera egin ahala, eta, ondorioz, gero eta zailagoa zen finalean zeintzuk izango ziren asmatzea. Hori bai, izen bat behin eta berriz errepikatzen zen: Ramzi Boukhiam. Finalerdietan Jacob Wilkox izan zuen arerio. Australiarrak aireko ikusgarriak egin zituen azken txandetan, baina finalerdietan ezin izan zuen marokoarraren surf indartsua gailendu.

Mutilen finalerdietako beste txanda parekatuagoa izan zen. Nomme Mignot frantsesa zen lehian jarraitzen zuen europar bakarra, beraz, faborito bilakatu zen, baina Kalani Ball australiarrak ez zion utzi finalera iristen. Hala ere, txanda oso parekatua izan zen, australiarrak 14,50 puntu bildu baitzituen, eta, frantsesak, ostera, 14,30 puntu.

Finalean ere lehia izugarri estua izan zen. Ramzi Boukhiamek 14,20 puntu lortu zituen (9,00+5’20), eta, Kalani Ballek, berriz, 13,76 puntu (6,83+6,93). «Emaitza hau 10.000 puntuko lehiaketa batean eskuratzea gustatuko litzaidake, baina, beno, garaipen hau ere gustura hartuko dut», aitortu zuen txapeldun marokoarrak oholtzan.

Zahli Kelly

Nesken kategorian ere, mundu osotik etorritako lehiakideek erakutsitako maila altua izan zen Lacanauko txapelketako ezaugarri nagusia. Finalerdietan, Canelle Moulard Reunion uharteko surflariak eta Mahina Maeda surflari japoniarrak osatu zuten lehen txanda. Bigaren txandan, ostera, Lucia Indurain argentinarra eta Zahli Kelly australiarra aritu ziren buruz buru.

Finalerako pasea eskuratu zuten bi lehiakideek alde handiz irabazi zituzten finalerdietako txandak, hortaz, finalean lehia gogorra espero zen, eta horrela izan zen. Canelle Moulard zein Zahli Kellyk olatu aukeraketa oso zorrotza egin zuten. Kellyk bost olatu baino ez zituen hartu finalak iraun zituen 30 minutuetan. Moullardek bi olatu gehiago hartu zituen, baina, aldiz, gehienak utzi egin zituen olatu egokiak ez izateagatik.

Amaiera iragartzen duen klaxon hotsa entzun zenean, surflari australiarrak 12 puntu zituen (4,67+7’33), eta, Reunion uharteko lehiakideak, berriz, 11,33 puntu (6,00+5’33). Txapela, beraz, 14 urte baino ez dituen Zahli Kellyk eraman zuen. «Pare bat junior txapelketa irabazi ditut, baina QS lehiaketa bat irabazten dudan lehendabiziko aldia da. Sinestezina da niretzat», adierazi zuen pozarren Lacanauko txapeldunak.

Honi buruzko guztia: Surf