Ane URKIRI ANSOLA
IRRIKITALDIAK DONOSTIA «SALBATU» DU

GASCOK IRABAZI DU SANSEVISION, HERRITAR «ZINTZOEN» MAITASUNARI ESKER

PADILLA TOREATZAILEA IZAN ZEN SALTSAKO PEREJILA ETA, BEHINGOZ, OSORIK BUKATU ZUEN ZEZENKETA. ERNESTO GASCO ETA ODON ELORZAGATIK DUEN MIRESMENA AGERIAN UTZITA, SANSEVISION AURKEZTU ETA IRRIKITALDIARI HASIERA EMAN ZION. KALEAK, BERRIZ, DONOSTIAR «ZINTZOEK» HARTU ZITUZTEN.

«Orain bai, orain denok gaude», esan zuen Guardia Zibilak behin Bulebarra hartu zuenean, Polizia espainoleko kideak lagun eta Kataluniako erreferendumeko hautetsontzietako bat «bahituta». Botoak beharrean, baina, Keler garagardoa atzeman zuten poliziek, 1999etik herrialde katalanetan eta Madrilen ekoizten den «euskal garagardoa». Publizitate itzela eman zioten garagardoari bai XX. mendeko 20k0 hamarkadako donostiarrek bai aristokratek. «Jende zintzoa», alajaina. Hain zintzoak, ezen zezenketen itzulera eta piraten kanporatzea eskatzen aritu zirela kaleetatik.

Munilla gotzain jauna, bere aldetik, «Sodoma eta Gomorraren» hauspotzaileak kanporatu izanagatik harro agertu zen Santa Maria elizaren eskaileratan, festetako azken egunean izanagatik ere. «Infernua hor dago, feminista, homosexual eta abortistez lepo. Hiria guk salbatu dugu, egunero borrokatuz. Por San Sebastian!», adierazi zuen, kementsu.

«Herritar zintzoen» txaloak jaso zituen SanSevision ekitaldia bedeinkatu zuenean, baina, ordura arte –ingurukoek badakite– «mafia feministarekin» dantzan aritu zen. Kazetaritza horia egiten duten egunkariek egunotan zehaztasun gehiago argitaratuko dituzte.

Primiziaren zain egon baino, ordea, hobe da atzoko Irrikitaldiko ekitaldi nagusiaz mintzatzea, izan ere, Covitek «merezitako saria» eraman zuen. “Goia” sarien bigarren edizioa ospatu zen Bulebarrean eta Gascok «gizarteari begiak ireki dizkion elkarteari» eman zion garaikurra. «Altsasun gorrotozko ekosistema da nagusi, erradikalak dira nagusi», adierazi zuen Coviteko bozeramaileak Donostian –«San Sebastian, bella ciudad»–. Horregatik, hain zuzen, «Guardia Zibila Pais Vascora» ekartzeko aldarrikapena luzatu zuen.

«¡Vaya farra!»

Oraindik Eurovisioneko parrandako biharamunarekin, Gascok gogoz hartu zuen SanseVision musika jaialdia. Donostiak har lezakeen ekitalditik onena. Badakizue, «¡Vaya farra!». Padilla aurkezleak programa ofizialeko zezenketetan baino jende gehiago erakartzea lortu zuen behintzat. Zoritxarrez –edo zorionez, pentsatuko du berak– behingoagatik osorik bukatu zuen faena SanseVision aurkezteko atrebentzia izan zuen toreatzaileak.

Hiru protagonista izan zituen ekitaldiak, eta, aurkezleak Gascori erakutsitako miresmena ikusita, aurreikusteko modukoa zen irabazlea. Alkateordea Pipper bere txakur kutuna alboan zuela igo zen agertokira, eta Zalagüeta anderearen “Txin-txin diruaren hotsa” eta Goia alkatearen “Itsasontzi baten” abestiek ez zuten “Pintxo Pintxo” kantarekin lehiatzerik izan. Gaskok herriari eta herritarrei –«zintzoei», betiere, «eta ez errefuxiatu edo piratei»– erakusten dien maitasunak saria izan zuen, eta, primizia gisa, hauteskundeak buruan eta botoak irabazteko, Txantxarreka bota eta «txakurrentzako hotela» eraikiko dutela jakinarazi zuen.

Irrikatialdiak badaki bai nola girotu Donostia. Hala, atzo turista eta herritarren begiradak elkartzea lortu zuen, festetako garagardo eta alkohol usaina egun batez luzatuz. Bejondeiela!