GARA
LONDRES

Giza hilketa saiakera leporatu diote Westminstergo erasotzaileari

Auto bat erabilita Westminstergo Parlamentuko kanpoaldeko hesia jo eta hiru zauritu eragin zituen Salih Khateri giza hilketa saiakera leporatu diote Britania Handiko segurtasun indarrek. Birmingham hirian bizi den Salih Khaterrek 29 urte ditu, eta, jatorriz, Sudangoa da.

Londresen egin zuen eraso ahalegina, joan den asteartean: hainbat lekukoren arabera, gidariak nahita egin zuen Parlamentuaren inguruan zeuden oinezkoen eta txirrindularien aurka bere zilar-koloreko Ford Fiesta autoarekin. Egun hartan bertan atxilotu zuten gaztea. Londres hiriburuko hegoaldeko polizia etxe batera eraman zuten. Ikertzaileek egindako galderei ez erantzutea erabaki zuen.

Scotland Yard Poliziak eskutitz baten bitartez jakitera eman duenez, Salih Khater gaur bertan eramango dute Westminstergo Auzitegira. «Erasotzaileak erabili zuen metodologiarengatik, erasoa egiteko aukeratu zuen puntua ikono bat delako eta ahaleginaren jomuga zibilak eta poliziak zirelako, Fiskaltzak eraso terrorista moduan hartu du kasua», adierazi du Metropolitar Polizia Zerbitzuak.

Iazko martxoaren 22an ere gizonezko bat britainiar Parlamentura sartzen saiatu zen. Westminstergo zubian hainbat pertsona harrapatu eta horietako bi hil ondoren, Parlamentuko hesia jo eta barrura sartzen saiatu zen. Agente bat labankadaz hil zuen orduan erasotzaileak, eta, ondoren, segurtasun indarrek tiroz hil zuten. Orduko hartan, Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain erasoa.