Jose Angel ORIA

Palestinako Estatua ezagutu gabe zendu da Uri Avnery bakezale judua

Hitler Alemaniako agintera iritsi aurretik jaio zen Uri Avnery, haurtzaroan Palestinara ihes egin behar izan zuen familia judu bateko umea. Arafat palestinar presidentearen lagun izatera iritsiko zen, gaztaroan dozenaka zibil hil zituen Irgun taldeko kide izan ondoren.

Israelgo gizartearen bilakaera ezagutzeko eta ulertzeko ezinbesteko testuak dira Uri Avneryk idatzitakoak. Bere herrialdeko agintariek zutitu zuten Estatua ez zen egokia, bere iritziz, eta garbi asko adierazi zien bere posizioa, beldurrik gabe. Jarrera horri eutsi dio 94 urte zituela garuneko hodietako istripu baten eraginez igandean Tel Aviven hil zen arte.

Garai haiek eskatzen zuten moduan, oso gazte zela sartu zen politikan. Hamabost urterekin Irgun eskuineko talde armatuan sartu zen, Zeev Jabotinskyren ideiak defenditzen aritu eta gero. «Nire bizitzako arorik ilunena izan zen hura», onartuko zuen aurrerago. Haifa eta Yafako merkatuen aurkako bonbak jarri zituen Irgunek, dozenaka zibilen heriotza eraginez.

Palestinan Estatu bakarra eratzearen aldekoa zen orduan Avnery: israeldarrentzat zein palestinarrentzat Estatu bera. Horregatik, Nazio Batuek bi Estatu eratzea erabaki zutenean, bera aurka egon zen.

Israelgo Estatua sortu ondoren (1948) gerra hasi zenean, Armadan sartu zen. Zauritu egin zuten. Ordura arte goraipatzen zuen «herriaren Armada», «okupazioak ustelduta» ikusi zuen. A ze desengainua! Garai hartan erosi zuen, beste lagun batzuekin batera, “Haolam Haze” astekaria, berrogei urtez zuzenduko zuena. Ezkerreko hedabide bat, palestinarren eskubideak defenditzen zituena.

1965ean diputatu bihurtu zen eta 1994an Gush Shalom erakunde bakezalea sortu zuen. Israelen ziren beste taldeek egiten ez zutena egin zuten Avneryk eta lagunek: Israelek 1948an kanporatu zituen palestinarren itzulera exijitu zuten.

Arafatekin 1982an elkartu zen lehen aldiz, Beiruten. «Traizioa» leporatu zioten askok.

PROFILA

[ Uri AVNERY ]

Sorterria: Hannoverren jaio zen, 1923an. > Errefuxiatua: Hitlerrek agintera iristea lortu zuenean, bere familiak Palestinara egin zuen ihes. > Bakezalea: Gaztaroan Irgun talde judu armatuko kide izan zen; Armadakoa gero; eta bakezalea azkenean.&discReturn;

Helmut Ostermann izenarekin jaio zen igandean zendutako idazlea. 1950ean “Haolam Haze” (Mundu Hau) astekaria sortu zuen, Israelgo instituzioekiko oso kritiko zena. Gobernuaren zentsura jasan behar izan zuen. Baita eraso pertsonalak ere. 1955ean lehergailu bat jarri zuten erredakzioan, garai hartan alderdi politikoren baten babesik ez zuen bakarrean. Estatu palestinarra eratzearen aldeko jarrerari eutsi zion astekariak.