Gontzal Mendibil
KOLABORAZIOA

«Urak dakarrena...»

Duela 35 urte, orain bezalatsu, Bilboko Aste Nagusian geunden eta Euskal herriko hainbat zonaldetan ahaztu ezinezko euri jasak eta uriolak izan genituen. Gogoan iltzatuta dut abuztuaren 26ko goiz iluna; Bilbon goizak gaba zirudien. Nerbioi-Ibaizabal ibaia urez gainezka zetorren eta Bilboko hainbat auzotatik, kalez kale, hiri erdirantz zetozenek ere errekak ziruditen.

Bilbok ez ezik, Laudiok, Etxebarrik, Galdakaok, Gernikak, Bermeok… eta beste hainbat herrik ere jasan zuten inoiz ahaztuko ez duten uriola haren zigorrada eta triskantza. Laster etorri ziren albiste latzenak, 34 hildako eta bost desagertu. Halako zorigaitzetan, guztion laguntzeko premia eta gizakiaren elkarkidetasuna nabaritzen dira, halaxe, ehunka herritar boluntario gogorik onenez prestatu zen lanerako, urak utzitako lokatza eta zaborra garbitu asmoz.

35 urte ondoren, arazoak arazo eta krisiaren sarraskia bistan izanik denda itxiak nahinon ikusten direlarik ere, gure hiriak eta herriak eraldatu egin dira eta gehienak distiratsuago agertzen zaizkigu. Guztion ahotan da Bilbok egin duen izugarrizko aldaketa hori. 1983. urtean, apenas ikusten zen Bilbon turistarik eta kanpoko norbait guganatzen bazen arrarotzat hartzen genuen; gaur Bilbo beste Bilbo bat dugu, bai hirigunean eta bai auzoetan ere. Bilboko alde zaharrean, kanpoko ehunka turista ikusteak poza ematen du, hiri bizia dugulakoan.

Bilboko aurtengo Aste Nagusiaren kartelaren irudiak, jatearen premia nabaritzen du: platera, tenedorea eta koilara. Basque Country-Welcome to the Culinary Nation. Gure gastronomiaz gozatzea ez dago gaizki, baina ez gara ogiz eta edariz bakarrik bizi eta nago beste gauza asko ere baditugula zer garen eta nor garen kanpokoek jakin dezaten. Bilboko mapamundia, planeta guztien epizentro izanik, janarietatik at beste gauza askotan ere izan daiteke erakusgarri. Geure kultura eta euskara hedatzeko ere aukerak zabal ditzagun, beraz.

Ur laster eta hitz umel hauen ostean, Bilboko jaien zaparradarekin gauza onak esan eta tartean hobe daitezkeenak ere agerian jarri nahi ditut. Horrela ba, espero dut 35 urte hauetan egindakoak bere martxa segi dezala eta uriolak zaintzeko urak itsasorantz modurik onenean joateko neurriak hartzea.

Agian, Bilboren suspertzea, urak gainezka egin eta sarraski haren ostean etorri zen. Izan ere, ordura arte ibaiari bizkarra ematen eraikitako eraikuntza asko eta asko ibaira begira jarri ziren, eta Bilboko biztanleei eta kanpotik zetozenei ibaiaren garrantzia bistaratu zitzaien. Bilboren eraberritzea ibaiaren ondoan egin behar zela konturatu ziren.

Hatsa zerion ibai zikin hark, itxura ederragoa hartuz, gaur xarma erakargarriago bat hartu du hiriaren ekarpen onenetarikoa bihurtuz. Ibaiaren ondoko pasealdiak eraldaketa berri baten historia ekarri du.

Bilboko itsasadarra eta bere inguruan eraikitako proiektuak, Bartzelonako Ramblak edota Erromako Fontana de Treviren antzera, sustatu beharreko ikur bihurtu zaizkigu. Egokia benetan, Thomas Krens, Guggenheim fundazioaren zuzendariaren irudipena. Leku horretan eraiki zitekeenik inork ez zukeen sinetsiko, baina iluntze batean Salveko zubi gainetik footing egiten ari zela, halako epifania bat bailitzan, senak eman zion hantxe, orain agertzen den lekua bertan eraiki behar zela Guggenheim museoa.

Thomas Krensen orduko euskal solaskideek ez zioten sinesgarritasunik eman. Nola izan zitekeen ibai zikin haren ondoan, apenas ezelako egiturarik agertzen ez zen gune hartan, halako ikono esanguratsu bat, erakusgarri bihurtu behar zen zerbait eraikitzea?

Thomas Krensek han iragarritakoak ehunka urte atzera garamatza, etxetik kanpo hainbat hilabete pasatzen zuten marinelak eta itsasgizonak Bilbora itsasadarretik sartzen ziren garaira; urak bihurgunea hartzen duen gune hartatik, Salveko zubi azpitik, Artagan mendatea ikustatzen da –Begoñako basilika dagoen lekua, orduan baseliza–. Thomas Krensek bere epifania izan zuen leku hartaz, iraganeko kronikek zera diote: marinelek, etxera bizirik eta osasunez itzuli izanaren esker onez, Begoñako baselizara begira, salbea errezatzen eta kantatzen zutela. Eta sinbologia harengatik bataiatu zutela gune hori Salve izenarekin.

Urak desbideratzen diren lekuak berebiziko energia dutela eta, “Urak dakarrena urak daroa” euskal esaera zaharra geroan kantu bihurturik bizitzaren ikasgai dugu; eta urak bere bidean dariona bueltan datorkigunaren esanahia. Bizitza ur bizizko ibaia den eta ezustean bere norabidea alda dezakeen seinale bezala.

Gaur jakin badakigu Guggenheim museoa, itsasadarren ondoan kokatua izateak, bitxitasuna eta garrantzia eman diola. Bultza dezagun beraz, Bilboko itsasadarra eta bere ondoan duguna. Mundu osoan ezaguna egin zaigun Aste Nagusia onik eta alai igaro dezagula. Gora Marijaia eta gora Bilboko ura!