2018/09/01

Rebeka Ubera Aranzeta
EH Bilduko legebiltzarkidea
Hezkuntza: Estatu baten inbertsiorik onena

Gure ikastetxeetako ateak irekitzear dauden honetan, gai izango al gara beste ikasturte bati aurre egin ez ezik, etorkizunari begiratu eta garai berriek eskatzen dituzten hezkuntza politikak erdiesteko? Gai izango al da Cristina Uriarte jendarte honen mesedetan herritar guztien aukera berdintasuna bermatzeko politikak erdiesteko? Orain arteko bideari jarraituz ez, behintzat.

Hezkuntza denon onerako tresna da. Herri batentzat ezinbesteko orubea da. Jendarte aurreratua eraikitzeko eta pertsona askeak hezteko. Herritar orok txikitatik etorkizunari aukera berdintasunean aurre egiteko mekanismoa da hezkuntza, bakoitzak bere eremutik ekarpena eginez, izan pentsalari, sortzaile, kazetari, irakasle, musikari, iturgin, garraiolari edota dena delarik bere bokazioa. Gure herria eraikitzeko den-denak dira beharrezkoak.

Baina, azkenaldian, gutxi batzuen mesedetan eta zerbitzura garatu dira hezkuntza politikak; Lomce-k oso argi agintzen duen bezala, eskulan merkea sortu eta abiadura ezberdinetako hezkuntza sistema betikotzen. Horretarako Jaurlaritzak botere ekonomiko eta elite zehatzekin etengabeko elkarlana garatzea erabaki zuen aspaldi; gero eta ohikoago da Jaurlaritzaren politikak Confebask-ek berak markatzea. Eta hor kokatzen da egungo hezkuntza ere. Poliki-poliki oinarrizko eskubideak pribilegio bilakatu dituzte eta, aldi berean, karitatean oinarrituriko zenbait politika osagarrirekin hau guztia mozorrotu.

Horren guztiaren erakusle nagusietakoa Lomce izaten ari da. Lomce edota euskal Lomce den Heziberri 2020. Gure ikastetxeetan erabat aplikatua dago jada eta, adibidez, indarrean den ebaluazio sistema erabat segregatzaile eta baztertzailea da. Ikasle gehienak ibilbide teknikotik bideratu nahi dira. Ikastetxeen arteko lehia eta sailkapena areagotu egin da… Horrela lehen mailako eta bigarren mailako ikastetxeak, ikasleak eta, finean, herritarrak erdietsiz. Gure jendartearen kohesioaren aurka, pobrezian sakonduz baina, batez ere, herritarron gehiengoaren bizitza gutxi batzuen menpeko bilakatuz. Herri gisa garatzeko ditugun aukerak ahultzearekin batera, gure kultura, hizkuntza eta etorkizuna bide bazterrean uzten ari dira hezkuntza politika hauekin.

Hezkuntza Sailaren helburu konkretuez gain, momentu hauetan denok garai berriek eskatzen duten hezkuntza politika egokitzearen beharraz ari garenean, ez gara gai bide berriak irekitzeko, eztabaidetan sakondu eta iraganeko eta gaur egungo inertziak gainditzeko. Ez gara gai izaten ari, esaterako, ez sozialki, ez ekonomikoki ezta Estatu kohesionatu baten ikuspegitik ere dagoeneko bideragarriak ez diren hezkuntza sare desberdinen sistema gainditu eta berrantolatzeko. Alde guztiek nahi dute beren sarea mantendu, kosta ahala kosta.

Kosta ahala kosta, nirea mantendu. Baina, kohesioaren gainetik? Egon daiteke bidea bestelako antolakuntza baterako, eskubide eta erantzukizun publikoetan oinarrituta, baina bidezidorrik gabe eta benetan ikasleak eta etorkizuneko herri proiektua erdigunean izanda. Funtzionatzen ez duela guztiz argi dagoen egungo sistema gainditzerik badago. Gai izan beharko ginateke bide berriei ekiteko denon artean, jakitun aldaketak ez direla inoiz errazak. Baina jendarte juxtuago batek ez al du merezi saiakerarik?

Beka eta laguntza sistema ere ez da eraginkorra jada, ez du bete beharko lukeen funtzioa. Ez du eraginkortasunik. Zergatik ez bestelako politika estruktural batzuetara jauzi egin? Irakasleen prestakuntza, ibilbide eta egonkortasunerako ere bestelako beharrak daudela agerikoa da. Ikasleen mesedetan auzo eta herrietako hezkuntza proiektuen mesedetan jardun beharra dago. Artikulu batean ezin aipatu ireki daitezkeen bide konplexu guztiak, baina argi luzeekin, borondate eta eskuzabaltasunarekin gainditzeko moduak badaude. Batez ere, herri honetan ditugun iraganeko motxilek duten pisua husten joan behar gara, posible delako aurrera egitea.

Iragan ikasturtea oso gogorra izan zen hezkuntza alorrean modu batean edo bestean ari garenontzat eta makina bat borroka, hamaika mobilizazio, lan mordoa… izan genuen. Ikusiko dugu ereindako horrek ikasturte honetan fruiturik ematen duen. Baina oraindik ere, arestian esandako guztian mentalitate aldaketan, eta funtsean hezkuntza politikan ere, asko dago ereiteko. Nahiz eta bidea luzea izan hezkuntza epe luzeko erronka baita.

Baldin eta hezkuntza ikastetxearen lau paretetatik haragoko kontzeptu mugatutik bezala ulertzen badugu, matrikula banaketa soil batetik harago ulertzen badugu, enpresa kontzeptua baztertzen badugu, bazterketa ez dela konpontzen ez dakit zer ezaugarritako ikasleak zenbakiak balira bezala banatuta ulertzen badugu… aurrera egingo dugu.

Zoritxarrez, ikasleen segregazioari aurre egiteko Hezkuntza Saila zein parametro mugatu erabiltzen ari den ikusita, ez doa norabide egokian. Hezkuntza jendarte baten oinarria bada, hezkuntza ezin da ikastetxeen zutabeetan soilik eraiki, ezin da modako pedagogia edota merkatuaren beharretara mugatu.

Eta gainera, balizko Hezkuntza Lege berri baterako erdietsi den prozesu eskasak eta horrek emandako ustezko emaitzek ez dute inolako oinarri sendorik bermatu gure jendarteak behar duen hezkuntza marko berri bat egikaritzeko.

Beraz, ate joka dugun ikasturte berrian trantsizio batera eramango gaituen eztabaidari gordinki heldu beharko genioke, zintzotasunez eztabaidatzeko eta bakoitzaren lubakietatik ateratzeko. Gai izango gara edo berriz ere beste belaunaldi bat pasa behar da iraganeko motxilak hainbeste pisu izan ez dezan? Eta bitartean, zer gertatuko da gure ikasleekin? Gure hizkuntza eta kulturarekin? Finean, gure herriarekin? Izango dugu ausardia aukera berdintasuna oinarri, jendarte honetako parte izan eta sentitzeko, ekarpena egin eta guztion artean komunitate bat eraikiz hezkuntza sistema propio baten alde urratsak emateko? Gu prest gaude.