GARA
TRAPAGARAN

37 urteko langile bat hil da Trapagaranen pieza batek buruan kolpekatuta

Langile bat hil zen atzo goizean lan istripu baten ondorioz. Aurreneko informazioek zehaztu zutenez, pieza batek buruan jota hil zen. Ezbeharra Trapagaran udalerriko Salcedillo industriagunean gertatu zen 11.10 inguruan.

Barakaldoko bizilaguna zen eta 37 urte zituen langileak. Cable Recicling Industries enpresan egiten zuen lan, kobrearen birziklapenean.

Barakaldoko Udalak dolu eguna dekretatu du gaurko egunerako eta, gainera, Bozeramaileen Batzordea iragarri dute biktimaren familiari babesa emango dion adierazpen instituzionala onartzeko eta 2015ean hitzartu zen protokoloa martxan jartzeko.

LABen datuen arabera, aurten lan istripuan hildako 43. pertsona da Trapagaranen zendutakoa, eta 21.a Bizkaian. Hala, sindikatuak albistearen berri izan orduko gaitzetsi zuen istripua eta prebentzioan lan gehiago egin behar dela nabarmendu zuen. Gainera, ELA, LAB, ESK eta Barakaldoko kolektibo sozialek deituta, astelehenean 19.30ean elkarretaratzea egingo da Bide Onera plazan.

UGTk, berriz, jakinarazi zuen Cable Recicling Industries enpresa salatu zuela honek prebentzioaren dokumentazioa erakusteari uko egiteagatik.

ELAk lan istripuen aurkako berehalako plan bat egiteko eta makina eta altuerako lanetan segurtasun ikerketak gauzatzeko exijitu zien Osalan eta Lan Ikuskaritzari.

LABek, bestalde, lan istripuengatik arduradunek «ordain dezaten» legeak alda ditzatela eskatu zien administrazioei, Osalani zein Fiskaltzari.

Bi istripu Iruñean

Atzo bertan ere 51 eta 55 urteko bi langile zauritu ziren Iruñean, beren lantokietan. Ezbeharretako bat Vidangoz kalean gertatu zen; langileak oin batean zauri odoltsua egin zuen obretan lanean ari zela.

Bestea Dominicas ikastetxean jazo zen, altuera batean lanean ari zela oreka galdu eta sorbaldan hartu zuen min langileak.