2018/09/11

GuraSOSek Europan jasotako babes berriak nabarmendu ditu

Oraindik erraustegia gelditzeko aukerak badaudela eta plataforma bakarrik ez dagoela ondorioztatu dute. Babes politikoa zabaltzen ari dela ziurtatu dute, eta gero eta zabalagoa dela gainera. Europako Parlamentuan laguntzeko prest dauden harremanak egin dituzte.

GARA|DONOSTIA
0912_eh_pigrug

GuraSOS plataformako hainbat kide Europako Parlamentuan izan dira euren egoera azaltzen eta baikor itzuli dira bertan lortutako babesagatik. Atzo prentsaurrekoa eskaini zuten balorazioa egiteko.

Hala, «gurasoek beren seme-alabak defendatzeko duten indarra» ez gutxiesteko eskatu zuten, egon badirelako kasuak gizartearen indarrak erraustegiak gelditu dituena. Adibidez, Florentziako Mamen No Inceneritore taldeak lortu zuen garaipena eraikina jada eraikita zegoela.

Era berean, aipatu zuten gero eta babes zabalagoa dutela. «Gero eta atxikipen gehiago eta anitzagoa ari gara jasotzen. Bruselan hartu gaituztenek, seriotasun, errespetu eta miresmen handiarekin jaso baitute gure ibilbidea. Gure arrazoiak eta argudioak oso sendoak direla garbi adierazi izan digute bilera gehienetan. Eta elkarlanean aritzeko Europan aliatu berriak lortu ditugu. Indartuta etorri gara handik», ziurtatu zuten.

ELA eta LAB sindikatuen babesarekin joan ziren Parlamentura eta bertan Europako gehiengo sindikalaren babesa eskuratu zuten. ETUC-ek (Europako Sindikatuen Elkargoa) agerraldia egin zuen GuraSOSekin batera bere «miresmena» islatuz.

Babes politikoei dagokienez, azaldu zuten Podemos eta EH Bildu alderdiez gain, bestelako alderdiekin ere elkarrizketak izan zituztela. Horien artean, PSOErekin izandakoa azpimarratu zuten, honek hondakinen inguruan jarrera desberdina duelako Estatuko lurraldearen arabera; esaterako, Gipuzkoan erraustegiaren alde dago Madrilen errausketa baztertu eta atez ateko hondakin bilketa babesten duen bitartean.

Hondakinen Plana

Etxean egin ezin izan dituzten bilerak Bruselan egin ahal izan dituztenez, pozik eta indarberrituta agertu da GuraSOS, lanean jarraitzeko prest. Bitartean Diputazioa bere bidea egiten ari da eta atzo Hondakinen Plan berriaren partaidetzazko deliberazio prozesua aurkeztu zuen. Bi hilabeteko iraupena izango du eta gizarte eragile zein herritarrek parte hartzeko aukera izango dutela iragarri zuten.

Zabalgarbi Gipuzkoako hondakinak jasotzen hasi da

Goizeko 7.30ean iritsi ziren atzo Zabalgarbira Gipuzkoako hondakinak garraiatzen zituzten lehen kamioiak. Aurrerantzean, egunero hamar kamioik zaborra eramango dute Bizkaiko errauste plantara. Bi aldundien akordioa 2019ra artekoa da, ordurako baitago aurreikusia Zubietako erraustegiaren irekiera. Epe horretan Gipuzkoak 20.000 eta 25.000 tona artean bidaliko ditu Bizkaira, astean 1.200-1.300 tona. 2019an bigarren epea hasiko da, eta orduan 25.000 eta 60.000 tona artean bidali beharko ditu. Prezioak ere desberdinak izango dira epe bakoitzean; 2018a amaitu bitartean, Gipuzkoak hondakinak tratatu gabe bidaliko dituenez, tona bakoitzeko 119 euroko prezioari 15,54 euroko gainkostua gehitu beharko zaio. 2019rako Zubietako plantaren tratamendu mekaniko-biologikoko planta martxan egotea espero dute, eta horrekin kostua murriztea.GARA