M.U.
BAIONA

Baterak Euskal Elkargoari buruz herritar ikuskaritza antolatu du

Batera plataformak Euskal Hirigune Elkargoaren eskutik Ipar Euskal Herrian indarrean jarri den lurraldearen gobernantza ereduari buruzko herritar ikuskaritza antolatu du.

Sentsibilitate ezberdinetako eragileak elkartzen dituen taldeak agerraldia egin zuen atzo, Baionan, urte bukaera bitartean gauzatuko duen ekimenari buruzko xehetasunak emateko.

Prentsaurrekoan azaldu zutenez, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bere baitan hartzen duen erakundeak bere sorreratik eginiko hautu politikoak epaitu baino, gizarte zibilaren iritziak nahi dituzte bildu, «orain arte egindakoari buruz gogoetatzeko eta aitzina begira gobernantza ereduak lurraldeak dituen beharrak hobeki har ditzan».

Hiru fase

Euskal Elkargoaren sorreraren aurka jardun zuten sektoreen «jokoan erori gabe», aspalditik erakundetzearen alde lan egin duen Batera plataformak hiru fasetan banatutako prozedura asmatu du.

Irail erditsutik eta urrira bitartean, tokiko bilkurak bultzatuko ditu historikoki euskara, unibertsitatea, laborantza ganbera eta elkargo berezituaren alde lan egin duen taldeak. Horren ondotik, jurista, unibertsitate irakasle eta hautetsien laguntzaz galdetegia osatu eta iritzi bilketa eginen dute. «Herritar guztiek baina eragileek ere aukera izanen dute ikuskaritza honetan parte hartzeko».

Azkenik, abenduan jardunaldiak antolatuko ditu plataformak gobernantza berriaren erronketan sakontzeko. Baterako ordezkariek nabarmendu dutenez, ekimenaren bidez gizarte zibilaren papera aldarrikatu nahi dute, «lehen eta orain euskal gobernantza eredu demokratikoa izateko berme nagusia delako».