2018/09/12

«Bizitzako gauzen» inguruko ipuin liburua idatzi du Zalduak

Familia, zientzia fikzioa edota euskal gatazka dira «Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak» liburuan jorratzen diren gaietako batzuk. Azken lau urteetan idatzitako ipuinen aukeraketa bat da, non testu luzeagoak eta laburragoak biltzen diren. Liburua aurkezteko Ana Malagon idazlea eta Aitor Arregi zuzendaria izan zituen alboan Iban Zalduak.

Nagore BELASTEGI|DONOSTIA
0912_kul_zaldua

“Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak” liburua eman du argitara Iban Zalduak. Azken lau urteotan idatzitako ipuinen aukeraketa bat da honakoa. Gaiak askotarikoak dira, baina zientzia fikzioa eta euskal gatazka nabarmentzekoak dira.

Donostiako Elkar aretoan egin zuen aurkezpena, Ana Malagon idazlearen eta Aitor Arregi zinema zuzendariaren laguntzarekin. Haiek gonbidatu zituen, nolabaiteko harremana duelako beraiekin. «Ana literalki oso gertu sentitzen dut. Azken urteetan zerbaitek idaztera animatu banau haren lanak izan dira», esan zuen bere lagunari buruz. Arregi, berriz, haren lana miresten duelako eta idazleen gremiotik kanpoko norbait gonbidatu nahi zuelako hautatu zuen.

Malagonek hartu zuen lehenik hitza. «Ipuin liburu bat zeri buruzkoa den erantzutea oso zaila da. Tentazioa daukat esateko bizitzari buruzkoa dela; izenburuari eutsiz, gauzei buruzkoa da, beren izenez izendatzea kosta egiten zaigun gauzak, tabuak, sekretuak, rebelazioak eta horiek ekartzen dituzten damuak», azpimarratu zuen.

Familia da jorratzen duen gaietako bat, eta familiartean gertatzen diren harremanak dira istorioari forma ematen diotenak. Zientzia fikzioa ere aipatu zuen Malagonek. «Esaten da etorkizuna islatzeko ez duela balio, baina bai orainaldiaren kezka eta irudi kolektiboa islatzeko», esan zuen ipuin batzuei “Black mirror” telesailaren tankera hartzen diela onartuz.

Euskal gatazkak ere bere espazioa du ipuin bilduma honetan (Zalduak berak egindako kontaketaren arabera, heren bat). «‘Gauza’ espresioa erabiltzen du euskal gatazka izendatzeko –argitu zuen gonbidatuak–. Oso onuragarria da Ibanek ikuspegi desberdinak jorratzeko hartu duen hautua. Gatazkaren beraren absurdoa destakatzea oso apustu arriskatua iruditzen zait, oso posizionamendu potentea, eta ez beste idazle batzuk bezala, alde batera edo bestera kokatu eta topikoez nobela osatzen dutela», bota zuen Malagonek inor izendatu gabe.

Autore «zinematografikoa»

Aitor Arregik beste ikuspuntu bat gehitu zion aurkezpenari. «Idazle singularra da, kode eta genero nahasketa manejatzen ditu. Haren ipuinak irakurtzean ez dakizu nondik joango diren; bat fantasiazkoa da eta hurrengoa lurtarragoa. Niri ezinegon hori asko gustatzen zait», aitortu zuen zuzendariak.

Ipuinei buruz gehiegi kontatu nahi izan ez zuten arren, jakin-mina pizteko «spoiler» txiki bat egin zuen: «Esplotatu gabeko esparruak aztertzen ditu, adibidez, etakide bat eta superbotereak nahasten ditu», adierazi zuen.

Bitxikeria horiei ipuin bakoitzean egoera deserosoak gehitzen zaizkiela ere aipatu zuen. «Beti dago zerbait ezohikoa ohikoak diren eszenetan. Donostiako kaleak, familia bat... eta bat-batean zerbait arraroa sartzen du», egin zuen gogoeta.

Era berean, Zaldua idazle zinematografiko bat dela azpimarratu zuen. «Askotan konfunditzen da bisuala izatea eta zinematografikoa izatea. Iban ez da ona irudiak ondo deskribatzen dituelako, gaiak eta istorioa ondo osatuta daudelako baizik», zabaldu zuen. Izan ere, Arregi eta Moriarti Produkzioak-eko lankideak film labur bat egiten ari dira Zalduaren “Inon ez, inoiz ez” liburuan argitaratu zen “Ama” ipuina oinarri dutela. «Zineman gaudenak batzuetan ehizan ibiltzen gara ea nondik atera daitekeen istorio bat, imajinazioa falta zaigulako edo. Ibanek liburu bat ateratzen duenean esploratzera joaten naiz ikusteko ea zer egin duen», esan zuen.

Zentzu horretan, Zalduak berak idazle zinematografikoa zer den azaltzea eskertu zion beste noizbait esan baitiote baina ez zuen ulertzen. Bestalde, aipatu zuen berarentzat fikzioa egunerokotasunean esaten ez ditugun gauzak esateko bidea dela, eta liburu honetan hori egin du ipuin labur, ertain eta luzeen bitartez.

Malagonek euskal gatazkaren gaiari buruz aipatutakoari ñabardura bat egin zion Zalduak esanez ez dela «‘gauzari’ buruzko liburua», gailentzen den gaietako bat hori den arren. Izan ere, iragarri zuen azaroan gatazkari buruzko ipuinak biltzen dituen liburu bat argitaratuko duela, gaztelaniaz.