Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
Elkarrizketa
MARITXU PAULUS BASURCO
ABOKATUA

«Hemengo errealitatetik urrun sortu zen tresnak ondorio larriak ditu»

Baionako Abokatuen Elkargoko bederatzi kidek lantaldea osatu dute Fijait fitxategiak ezarritako neurriak betetzeari uko egiteagatik Euskal Herrian zabaldu den lehenengo auziari erantzuteko. Ahalegin berezi horrekin, Peio Irigoien preso ohiaren kasu zehatzetik harago, polizia artxibo horren barruan izateak dakartzan ondorioen gainean eztabaida soziala piztea dute xede.

“Charlie Hebdo” astekariaren aurkako erasoak eragin zuen samin eta nahasmenaren testuinguruan sortu zen polizia artxiboen unibertso zabala hornitzera etorri zen Fijait fitxategia. Terrorismo islamistari aurre egiteko premia argudiatuz sortu zen tresnak, ordea, Euskal Herrian eta Korsikan berehalako eragina izan zuen. Atzo Baionan abiatu zen auziak Fijaiten «erabilera maltzurrak» euskal preso ohien bizitzan egunero sortzen dituen trabak agerian uzteko balio behar lukeela uste du Maritxu Paulus-Basurco abokatuak.

Fijaiten aurkako borroka judizialean abagune berria markatu dezake Irigoienen kasuak?

Peio Irigoienen kasuak berezitasun bikoitza du. Berak ez du onartu fitxategian sartzeko agindua. Ez du sinatu notifikazioa. Jarrera kontzientea izan du eta erabakiaren arrazoiak entzunaraztea izan da bere hautua. Bigarren berezitasuna da urrats horren aurrean prozedura judiziala zabaldu diotela. Beste hainbat kasutan hori ez da gertatu. 2012tik libre izan arren auzia ireki diote, fitxategiak aurreikusten dituen betebeharrak ez betetzeagatik. Lehen aldia da Euskal Herrian auzi bat dela afera honengatik. Korsikan bost bat prozesu izan direnez, hori da dugun erreferentzia bakarra. Bertan, Giza Eskubideen Ligak eta beste hainbat erakundek, hala nola Korsikako Asanbleak, posizioa hartu zuten.

Beste fitxategiekin alderatuta berezitasunak baditu Fijaitek.

Fitxategi anitz badira eta herritar andana horietan sartuak dira, askotan beraiek ere jakin gabe. Hala ere, fitxategi horiek ez dute eguneroko bizitzan ageriko eraginik. Fijait diferentea da, betebehar batzuk ezartzen dituelako. 20 urtez fitxaturik zaude eta 10 urtean obligazioak dituzu. Notifikazioaren momentutik landa zure helbidea eman behar diozu Poliziari, baita atzerrira bazoaz ere. Bestalde, jendeak ezin du deus egin fitxategian sartua ez izateko. Behin barruan sartuta, hori bai, hortik ateratzea galdetu dezake. Batzuetan helegiteen bidez lortu dugu hori gertatzea, ez beti.

Neurriak betetzen ez dituztenek, kasu honetan bezala, arriskuak hartzen dituzte.

Legeak 2 urte arteko kartzela zigorra eta 30.000 euro arteko isuna aurreikusten ditu.

Korsikako militanteen kasuan, epaileek isun apalagoak erabaki dituzte.

Batez beste 500 euroko isunak deliberatu dituzte. Izan ere, auzitegi bakoitzak hartzen du bere erabakia, eta jurisprudentzia argirik ez dagoenez, zigor mehatxua hor dago beti.

Legeak atzeraeraginezko izaera du. Defentsa bermearen ikuspegitik, horrek zer eragozpen sortzen ditu?

Legea indarrean sartu zenean jujeek beren gain hartu zituzten kartzelan zirenen kasuak. Kasu horietan, kondenari loturiko neurria da Fijaiten sartzea. Baina kontua da legeak aurreikusten duela Fijait existitzen ez zenean ere terrorismoagatik kondenatuak izan ziren pertsonak fitxatzea, nahiz eta aspalditik zigorra beteta izan. Kasu horietan fiskalak erabakitzen du. Guk bi prozedura horien artean diferentzia bat ikusten dugu, nonbait, batean auzitegiaren bermea dagoelako, nahiz eta erabaki hori onargarria ez izan guretzat. Beste kasuetan, fiskalak hartzen du erabakia, eta figura horrek ez du independentzia berdina.

Legearen arabera, derrigorrezkoa da preso ohi guztiak fitxategi horretan sartzea?

Fiskalak ahal du pertsona bat sartu fitxategian, berak erabaki dezake nor sartu eta nor ez. Jarduera errepikatzeko arriskua eta pertsonaren lokalizazioa dira legearen ardatz. Bi irizpide horiek ez dira arazo euskaldunen kasuan. Helbide finko bat dute euskal preso ohi gehienek. Agerikoa da, bestalde, testuinguru politikoa aldatu egin dela eta arriskuaren irizpidea ere defendaezina dela gurean. Edonola ere, legea irakurriz gero berehala konturatzen zara jatorriz, mamiaz eta helburuz, Fijait ez zutela korsikar edo euskaldunentzat asmatu. Baina horrek ez du ekidin, bistan da, euskal preso ohiei aldiro polizia etxera joateko obligazioa ezartzea. Horrek estigmatizazioa ekartzen du. Are, Fijaiten bidez zigorraren efektua luzatzen da, hala, ibilbide berria hartzeko prozesu pertsonala trabatuz. Garaia da hori guztia azaleratzeko.

 

«Ordezkari politikoek gogoeta egin behar dute»

Legeak ondorio ezberdinak ditu bi estatuen artean banaturik dagoen gurea bezalako herrialde batean?

Hasiera batean, jatorriaren araberako hautua egongo zela pentsatu genuen, hain zuzen, frantziar nazionalitatea zuten islamiar erradikalek Siriara egiten zituzten joan-jinak ekiditeko sortu zelako Fijait artxiboa. Harriduraz hartu genuen, beraz, Hegoaldeko preso ohiak fitxategian sartzea. Horretan ere inkoherentzia handia dago, frantziar lurraldean egoteko debekua ezarri zieten preso horiei Fijait dela medio Frantzian sartzeko baimena eskatzeko agintzen zaie orain!

Mugaren faktoreak nola eragiten die zehatz-mehatz Fijaiten barruan dauden herritarrei?

Fijaiten dauden pertsonen datuak automatikoki poliziak bilatzen duen jendearen artxiboan sartzen dituzte. Hala, euskal preso ohi bat polizia kontrol batean gelditzen badute –mugan oso ohikoa da hori– arazoak izango ditu, Fijaiten obligazioak bete ala ez. Begirada zabalduz, 2016ko legea klima berezi batean idatzi zela behar da aintzat hartu. Denbora pasa da eta perspektibaz jokatuz, politikariek, erakundeek, behar lituzkete galderak egin. Zein zen legearen helburua? Bete al da? Zer efikazia maila du Fijaitek? Eta guregana bueltatuz, zergatik jarraitzen dute legea euskal herritarrei aplikatuz nahiz eta legearen helburua ez izan? Auzi honen bidez nahi ditugu galderak pausatu, baina, egoera honekin amaitzeko, eztabaida auzitegitik at ere sortu behar da.M.U.