GARA
OÑATI

Errefuxiatuentzako lehen harrerako aterpetxe bat zabalduko dute Oñatin

Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzako lehen harrerako aterpetxe bat irekiko du Lakuak hil honen bigarren hamabostaldian. CEAR Euskadik kudeatuko du Oñatin kokatuko den zentro hau.

Iraileko bigarren hamabostaldian, Lakuak nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzako lehen harrerako aterpea zabalduko du Oñatin. 100 lagunentzako edukiera izango du eta CEAR Euskadik kudeatuko du.

Gasteizko Gobernuak atzo ohar batean azaldu zuenez, aterpetxearen helburu nagusia izango da «egoera argitzeko zain dauden eta nazioarteko edo aberrigabeentzako babesa eskatu duten pertsonei eta familiei ostatua, orientabidea eta desbideratzea eskaintzea».

«Salbuespen gisa, premia bereziko egoerak sortzen direnean, zentroak zaurgarritasun-egoeran edo igarotze egoeran dauden edo Euskadira iritsi berriak diren migratzaileak hartu ahal izango ditu», gaineratu zuen.

Aterpetxeak 100 pertsonarentzako tokia du, baina beharra sortuz gero, kopuru hori handitzea egongo litzatekeela nabarmendu zuen Gasteizko Gobernuak. Eta pertsona batek hiru hilabete igaro baditzake ere, irizpide teknikoen arabera, epe hori laburtu edo luzatu ahal izango dela azpimarratu zuen Lakuak oharrean.

Kudeaketari dagokionez, CEAR Euskadi eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusia arduratuko dira zentroaren kudeaketaren zuzendaritzaz, EAEko Gobernuko Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin harremanetan.

Halaber, zentroaren kudeaketa-proiektua aurrera eramango da, alde batetik, Oñatiko Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta, bestetik, pertsona errefuxiatuei eta migratzaileei laguntzen diharduten bertako erakunde eta plataformekin elkarlanean jardunez.

«Aterpetxe hau zabalduz, kolektibo horietako pertsonek bizi duten babesgabetasun-egoerari erantzun nahi zaio, euren oinarrizko beharrei babesa eskainiz, pertsona horien egoerarekin eta interesekin bat datozen hautabide bideragarriak eta egonkorrak bilatzen diren bitartean», adierazi zuen Lakuako Gobernuak.

Berrizeko aterpetxea

Oñatiko aterpetxeaz gain, Lakuak pertsona migratzaileak artatzeko zentro berria irekiko du Berrizen. Gehienez 20 eguneko egonaldia egin ahal izango dute migratzaileek aterpe berrian. Egonaldian zehar pertsona horiek laguntzen ari diren elkarteek migratzaileen beharrizanak aztertu eta, beharrezkoa balitz, nora bidali erabakiko dute.

Lide Amilibia Lakuako Gizarte Politiketarako sailburuordeak duela pare bat aste iragarri zuenez, seme-alabak dituzten emakumeek, bakarrik bidaiatzen ari diren emakumeek eta eriondo dauden pertsonek lehentasuna izango dute aterpetxe berrian.

Berrizeko Udalak adierazi zuenez, Olakuetako aterpetxean kokatuko da migratzaileak hartzeko zentroa.