2018/09/13

Hondarribiko saregileek duinago lan eginen dute gaurtik, eraikin berrian

Hondarribiko 19 emakume saregileak ezinbestekoak dira arrantzaleak itsasora ateratzeko. Batzuetan ez dituzte baloratzen, ordea. Azken urteetan arrain lonjaren zati batean ibili dira sareak konpontzen, «hotza pasatzen, odol artean. Ez zen guretzako lekua». Astelehenean beren eraikina estreinatuko dute eta behar duten goxotasuna eta erosotasuna aurkituko dute. Urrats bat da merezi duten duintasuna lortzeko langileok aurrera daramaten borrokan.

Maider IANTZI|HONDARRIBIA
0913_eko_saregileak2

Ezustean eta hagitz hunkituta, Pilar Goikoetxea Hondarribiko saregileen ordezkari bihurtu zen, eurentzat eraiki dituzten instalazio berrien inaugurazioko protagonista. Babes portuan, hegoaldeko kaiaren kontradikean kokatutako eraikinak ia 700 metro ditu; horietako gehienak sareak biltegiratu eta konpontzeko dira eta gainerakoak zerbitzu komunetarako. 1.179.286 euroko aurrekontua izan du.

Hondarribiko sektore nagusietako bat da arrantza, eta honek funtsezkoa du saregileen lana. 19 emakume dira. Datorren hilabetean 65 urte bete eta erretiroa hartuko du Goikoetxeak. «16-17 urterekin hasi nintzen eta 48 urte egin ditut lanean. Orain penarekin nago, baina kontent ere bai, bizi behar da-eta pixka bat».

Beste langile bat ere jubilatuko da, baina «bada erreleboa». Aurten hiru saregile berri hartu dituzte. Beteranoengandik ikasten ari dira. «Pazientzia eta urteak behar dira ikasteko. Gauza asko dira», dio Goikoetxeak. Bera hasi zenean dozena bat emakume ziren lanean, edadekoak, lurrean. «Ez oraingo arropekin, Ternua eta abar, baizik eta tokillekin. Elurretan eta euritan, hotza pasatzen, egurrezko karro baten azpian. Oroitzen naiz egun batean oinazez negarrez aritu nintzela sarea konpontzen. Gero artrosia, erreuma... denak agertzen dira».

Azken urteetan arrain lonjaren zati batean egin dute lan, baina hori ere ez zen eurentzat. Arraina ateratzen, odol tartean, euria, hotza... Barrenean ez dago berogailurik eta neguan haziz betetako zakuekin berotu izan dituzte izterrak. Hotz handia bazen etxera bidaltzen zituzten saregileak. «Egon egin behar da han, baina hala ere pozik ibili gara».

Gustuko tokia

Bestalde, arrantza teknikak ere berritzen ari dira eta gero eta arrantza sare handiagoak erabiltzen dira. Lantokia txiki gelditu zaie eta horrek ere bultzatu ditu Lakuako Gobernua eta Hondarribiko Udala eta Kofradia eraikin berria egitera. Atzoko inaugurazioan makinak baino ez zeuden espazio hutsa mugimenduz, ahotsez eta biziz beteko duten saregileek gustuko dute lekua. «Hemen goxo egongo gara. Orain argi gehiago behar dugun ikusi behar dugu, zer falta den... Pixkanaka joango gara gunea egokitzen».

Bere lanegun bat nolakoa den galdetuta, hala azaldu zuen Pilar Goikoetxeak: «Goizeko bostetatik telefonoarekin erne egoten naiz. Patroiek deitzen didate itsasontzien sareak puskatzen badira. Hiru edo lau itsasontzi izaten ahal dira. Edo bakarra. Whatsappez abisatzen diet saregileei eguneko lana zein izango den: gaur barku hauek etorriko dira eta ekarri bazkaria, 22.00ak arteko lana izango baitugu. Edo goizeko lana izango dugu bakarrik. Goizeko zortzietarako hasten gara lanean eta askotan ez dugu bazkaltzen».

Iskanbilarik ez sortzeko, «umeak bezalakoak baitira», zozketa egiten dute itsasontzien artean zein hartu lehenago erabakitzeko. «Aberiak daudenean (hala deitzen diegu guk sareen puskatzeari), sartu ahala joaten gara konpontzen, ordena horretan. Galiziarrek eta kanpoko beste tokietako arrantzaleek ere deitzen dute eta hartzen ditugu, baina lehendabizi etxekoak konpontzen ditugu», esplikatu zigun Pilarrek, eta Maria alabak baietz egiten zuen buruaz.

Federazioa sortu nahian

Maria ere saregilea da. Gazterik hasi zen ofizioan, 18 urterekin, eta 26 daramatza dagoeneko. Beren lanaz eta egoeraz mintzatzeko gogotsu dago alaba, amari eman dioten lore sorta eusten duela.

Bizkaian eta Gipuzkoan saregileen, neskatilen eta paketatzaileen artean ehun bat emakumek arrantzarako ezinbestekoa den kolektiboa osatzen dute. Itsasoko Emakume Langileen Euskadiko Federazioa eratu zuten 2014an, bi xederekin: alde batetik, beren eritasunak –aipatutako erreuma eta artrosia, adibidez– profesionaltzat jotzea, koefiziente murriztaileak aplikatzea, kotizazioa hobetzea eta emakumeak arrantza sektoreko egitura guztietan sartzea. Bestetik, hainbat saretan parte hartzea eta integratzea eta antzeko beste erakunde batzuekin batera sarean lan egitea, bai Estatu mailan eta bai Europa mailan.

Mariak agertu zuenez, orain beraien lesioak ez dira lan lesio gisa hartzen, eta estatu mailan laneko arazoak direla ikusteko borrokan ari dira. Inaugurazioan sarri aipatu zen zein garrantzitsuak diren saregileak, baina baloratuak sentitzen diren galdetuta, «batzuetan, ez» erantzun zuen Mariak argi. «Hiru aldiz izan gara Kongresuan eta denbora-pasa ari bagina bezala hartu gaituzte. Baina gu gabe arrantzaleak ezin dira atera».

KONGRESUAN


«Hiru aldiz izan gara Kongresuan eta denbora pasa ari bagina bezala hartu gaituzte. Baina gu gabe arrantzaleak ezin dira atera», adierazi dute saregileek.