GARA
DONOSTIA

Teknologia berriek ikus-entzunezkoetan duten eragina aztergai, Zinemaldian

Zinemaldiak, Tecnalia korporazio teknologikoak eta Petronor konpainiak elkarrekin aztertuko dute zer eragin duten teknologia berriek ikus-entzunezko sektorean, “Zinemaldia & Technology” jardunaldian. Topaketa 66. Zinemaldiaren baitan egingo da, Tabakalerako patioan, irailaren 23an, eta teknologo, zinemagile eta industria zinematografikoko profesionalei zuzenduta dago. Sorkuntzari zein negozioari dagokienez sortzen ari diren azken aurrerapen teknologikoen eta aukeren berri emango dute bertan.

Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek, Tecnaliako IKTen zuzendari Joseba Lakak eta Petronorreko presidente Emiliano Lopez Atxurrak sinatu zuten, atzo, ekimena bultzatzeko lankidetza hitzarmena. Agerraldian azaldu zutenez, aurrerapen teknologiko berriak, haien aplikazio posibleak eta sorkuntzan zein negozioan agertzen diren aukerak bertatik bertara ezagutzeko, Zinemaldiak, Tecnaliak eta Petronorrek bat egin dute, eta zinemaren eta IKTetako berrikuntzaren arteko topagune bat eraikitzea xede duen jardunaldi berri hau jarri dute martxan.

Harreman sareak

Hilaren 23an, 10.00etatik 14.00etara iraungo du jardunaldiak, eta Juan Antonio Bayona zinema zuzendariak egingo du inaugurazio ekitaldiko hitzaldia. Zenbait aurkezpen eta erakustaldi egingo dira, eta puntako teknologien inguruan harreman sareak lantzeko gune bat ere egongo da.

Jardunaldiaren osagarri, erakunde publikoetako eta enpresa pribatuetako zenbait ordezkari ariko dira bi ekitalditan, eta alor publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaz eta teknologiak zinemaren sektoreari dakarzkion aukera berriez mintzatuko dira. Sarrera doakoa izango da, baina Zinemaldiaren akreditazioa beharko da jardunaldian parte hartzeko, edo, bestela, Tecnaliaren webgunean izena ematea (www.tecnalia.com).

Horrez gain, hilaren 25ean, Europaren eta Latinoamerikaren arteko Koprodukzio Foroan, “Film Industry & Blockchain” mahai-ingurua egingo dute. Ivan Gutierrez (Tecnalia) eta Covadonga Fernandez (Blockchain Media) izango dira hizlariak, eta blockchain edo bloke kateak zinemaren industriara dakarren «iraultzaz» mintzatuko dira: filmak kontsumitzeko era aldatzeaz gain, jabetza intelektuala babesten lagunduko du eta onura banaketa zuzenago eta gardenagoa ekarriko du.