GARA
GASTEIZ

1.080 eurora iristen ez diren pentsiodunei zerga jaistea proposatu du EH Bilduk

Gasteizko EH Bilduk proposatutako fiskalitateak baliabide gutxien dituztenentzako hobariak ditu. 1.080 eurotik beherako sarrerak dituzten pentsiodunek 100 euro baino gutxiagoko zerga ordainduko lukete.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak «ezkerrera begiratzen duenean familientzako onak diren akordioak eta adostasun zabalak erdiesten dira, baina bere zilborrera besterik begiratzen ez duenean, hiria da kaltetua ateratzen dena». Hala azaldu zuen atzo Miren Larrion bozeramaileak EH Bilduk hiribururako proposatzen duen fiskalitatearen aurkezpenean.

Agertu zuenez, eskua luzatua dute, «beste behin ere, fiskalitate justuagoa lortzeko helburuarekin. Urtaranek gasteiztar guztioi mahai gainean jarri digun tasa eta prezio publikoen %2ko igoeraren aurrean, EH Bilduk tasa eta prezio publiko hauek ez igotzea (izoztea) proposatzen du, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kasuan izan ezik», erantsi zuen.

Koalizio subiranistaren planteamenduaren irizpide orokorra herritarren oinarrizko eskubide sozial eta ekonomikoak bermatzea da. Horretarako, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin behar dutela defendatzen du.

«Gasteizeko esperientziak esaten digu EH Bildurekin adostu diren zergak onuragarriak direla familientzat. Ondasun higiezinen zerga da horren adibide. Duela bi urte onartutako proposamena justua da familientzat (...) Kontrako aldean dago ibilgailuen zerga, PP eta EAJk iaz adostua», adierazi zuen Larrionek. «Guk familientzako fiskalitate bat proposatzen dugu, baliabide gutxien duten pertsonentzako hobariekin, tartean alargunak eta pentsiodunak».

Azken horiek 1.080 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte, ondasun higiezinen zergan 100 eurotik behera ordaintzea proposatzen du EH Bilduk. Antolakunde erlijiosoen mendeko ondasun eta aktibitateei, irabazi asmoa duten kasuan, zerga kobratzea ere beharrezkotzat jotzen du. Aldiz, etxerako laguntza publikoaren prezioa jaistea eta zerbitzuaren denbora handitzea proposatzen du.

EH Bildu eta PSEren bilera

Bestalde, pentsiodunen inguruko bilera egin zuten atzo EH Bilduko eta PSEko ordezkaritzek, azken honen Bilboko egoitzan. Alde batean Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Ainhoa Beola eta Nerea Kortajarena izan ziren; bestean, Idoia Mendia, Jose Antonio Pastor eta Sonia Perez, hedabide grafikoei soilik irekitako deialdian.