2018/09/14

«Aski da» dio Jaizkibelek, erakundeak utzikeria baztertzera eta lanera deituz

«Ez dira festa bizitzeko bi modu; egoera bere horretan uzteko aitzakia baino ez da hori». Plastiko beltzen itzalpean jasandako erasoak salatuz, Jaizkibel konpainia ez dago prest larunbatean bizitakoa berriro bizitzeko. Erakundeak konpromiso zehatzak hartzera deitu ditu.

GARA|HONDARRIBIA
0914_eh_jaizkibel

Lagun, bizilagun eta ezezagunen babesean, Jaizkibel konpainiak «aski da» ozen bat igorri zuen atzo Hondarribian, agerraldi jendetsuan. Larunbatean Kale Nagusian jazotakoa ez da alardea, festa, «bi modutara» bizi daitekeela. Jazarpena, irainak eta indarkeria ikusi ziren, gorrotoa. Beste aldean, maldan gora, parekidetasunaren aldeko aldarria. «Emakumeon parte hartzea aldarrikatzen duen konpainia batek Kale Nagusiko ibilbidea egin zuen, eta beste aldean, plastiko beltzen itzalpean, guri eraso egin zigun jendea egon zen». «Aski da jaia bizitzeko bi era daudela aitzakiatzat erabiltzeaz», eskatu zuten.

Erakundeei ere irmo zuzendu zitzaizkien kideak. Horien «utzikeria» eta urte luzez «beste alde batera» begiratzeko joera salatu zuten. «Aurtengoa bereziki gogorra izan bada ere, ezin dugu ahaztu urteak daramatzagula Kale Nagusia plastiko beltzez josita dagoela igotzen. Urteak dira gure kontrako erasoak eten ez direla, eta urteak dira ‘normaltasuna’ omen dagoela dioten instituzioen urteroko mezuak irakurri behar ditugula. Ez, hemen Hondarribian gertatzen dena ez da normala».

Lakuako Gobernuak, Gipuzkoako Aldundiak eta Udalak berak izandako jarrerak ez direla neutralak adierazi zuten. Egiten uzte horrek erasotzailea babestu eta hauspotu baitu. Irudiak eta gertakariak dira froga; ikustea baino ez dago.

«Horregatik diogu gaur aski dela. Edo irtenbide eta normalizazioaren bidean urratsak egiteko lanketa bat ezartzen dugu edo berdin jarraituko dugu. Guk beti esan dugun moduan, prest gaude hitz egiteko, baina ez gaude prest berriz ere larunbatekoa bizitzeko. Aski da. Ez dugu onartuko inpunitate hau».

Aipatutako erakundeetako ordezkari nagusiei eskaera zehatza egin die Jaizkibel konpainiak: «Gurekin bildu eta mahai gainean proposamen zehatzak jartzea».

«Bada garaia posizionatu, konponbidearen alde lan egin, eta behingoz alarde bakar bat, publikoa eta parekidea, lortzeko, larunbateko irudiak iraganean utziz».

Ohartarazi zuten ez diotela “Titibiliti”-a jotzeari utziko eta ez dutela Kale Nagusia galduko. Hala, bide batez eskerrik beroenak eman zizkieten egunotan modu publiko zein pribatuan beren sostengua eta berotasuna agertu dieten herritar zein ordezkariei. «Askok esan digute aski dela. Eskerrik asko Hondarribia, denon artean lortuko dugu denontzako alardea».

LOTSA


«Kale Nagusian gu ikustera datozen hondarribiarrak daude, Kale Nagusian gertatutakoaz lotsatzen diren herritarrak. Askok eta askok esan digute aski dela».