Ion SALGADO
GASTEIZ

Presoek Euskal Herrian egon beharko luketela dio Sarek, ez Zueran, ez Logroñon

Marta Igarriz eta Kepa Arronategi presoen lekualdaketa kritikatu zuen atzo Joseba Azkarragak. Argi esan zuen urrunketa amaitzeko euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara ekarri behar dituztela.

Sareko eledun Joseba Azkarragak Marta Igarriz eta Kepa Arronategi presoen lekualdaketa kritikatu zuen atzo. Azaldu zuenez, Igarriz Castelloko espetxetik Logroñora lekualdatu dute espetxe-zaintzako epaileak lehen gradutik bigarrenera aldatzeko eskaera onartu zuelako, Gobernuaren irizpidearen aurka; eta Arronategik, larriki gaixo egonik, etxean egon beharko lukeela gogorarazi zuen, ez Zueran.

Presoak sendiengandik 250 kilometrora dauden espetxeetara eramateak ez duela urrunketa amaitzeko balio nabarmendu zuen Azkarragak, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusiarekin bildu zela baliatuz. «Urrunketa amaitzeko Euskal Herriko espetxeetara lekualdatu beharko lituzkete», adierazi zuen, Gobernu espainolaren «konpromiso falta» salatuz.

Ostiralero bezala, presoen eskubideen aldeko mobilizazioak egin ziren atzo: Añorgan 24 lagun, Berrizen 26, Lekeition 85, Bergaran 40, Antzuolan 15, Oñatin 65, Deban 48, Lizarran 43, Agurainen 45, Gasteizen 350, Lazkaon 77, Ondarroan 71, Ugaon 60, Andoainen eta Amurrion 50na, Gatikan 8, Barañainen eta Arbizun 37na, Beran 17, Durangon 78, Iruñeko Alde Zaharrean 137, Oreretan 147, Hernanin 140, Zornotzan 69 eta Oiartzunen 53. Ostegunean, berriz, Burlatan 63, Antsoainen 45, Eibarren 75 eta Iruñean: Alde Zaharrean eta Arrosadian 11na, Iturraman 27, Donibanen 42 eta Txantrean 45. Asteazkenean 46 Santurtzin; astelehenean 43 Gernikan, 40 Iurretan, 12 Zaldibian, 38 Ondarroan, 41 Laudion eta 11 Altzan; eta igandean, 39 Altsasun.

Bestalde, Maite Aranalde irailaren 19an Espainiaratuko dute bi euroagindu onartu ostean, eta biharamunean epailearengana eramango dute.