Haritz Larrañaga Altuna
ANGELU
Surf

Euskara eta euskal kultura Glissseguna surf txapelketan

Euskara eta surfa uztartzen dituen Glisseguna lehiaketa arrakastatsua izan zen. Aurtengoan gainera, txalapartariek, aizkolariek eta trikitilariek ere parte hartu zuten. Giro aparta eta olatu onak izan ziren. Euskarak arnasa hartu zuen desagertzear den eremu batean.

Iaz eguraldiagatik bertan behera geratu ostean, indar handiz itzuli zen larunbatean Glisseguna Angeluko Club hondartzara. Hamabosgarren edizioa arrakastatsua izan zen, parte hartze zabala, eguraldi eta olatu onak, giro ezin hobea eta berrikuntzak izan ziren.

Goizean 14 eta 18 urte bitarteko gaztetxoen zein nesken kategoriak egin zituzten, eta arratsaldean, kategoria irekian, taldekako lehiari ekin zioten. Lau lagunez osatutako taldeek, mozorrotuta, surfa, espartin jaurtiketa eta sokatira egin behar zituzten. Artean, euskarazko abestiak bakarrik zabaltzen zituzten bozgorailuetatik, hondartzan edo uretan gertatzen ari zenaren berri ematen zuten, euskaraz eta frantsesez.

Glissegun arrakastatsuak

Ipar Euskal Herriko ikastolak sostengatzeko Seaskak antolatzen duen Glisseguna egitasmoak bi ekimen nagusi ditu.

Angeluko Barra hondartzan eta bertan dagoen skate pistan egiten den besta handia, batetik. Hor denetik izaten da, animazioak, lerra kirol eta itsas kirol anitzetako ikastaro eta lehiaketak, kontzertuak, haurrentzako jolasak, eta abar. Hori guztia atzo egin zuten, data zehatza baitu eta beti igandean izaten baita. Bestetik, Glisseguna surf txapelketa dago, itsaskien eta itsasoko baldintzen arabera egiten denez, data zehatzik ez duena. Horregatik, bi ekimenek filosofia bera eta helburu berberak izan arren, ez dira egun berean egiten, baina aurten asteburu berean suertatu ziren eta biak arrakastaz burutu ziren.

Surf txapelketa larunbat goizean hasi zen 18 urtetik beherako lehiakideen kategoriarekin. Metro eta erdiko olatu ederrak zeuden, haize leunarekin eta indartsuak. Jarraian, 14 urtetik beherako lehiakideak itsasoratu ziren, eta azkenik nesken kategoriako txandak egin zituzten. Goiz osoan lehiatu behar izan zuten hiru kategorietako surflariek arratsaldeko ordu bata aitzin amaitzeko, baina olatuei dagokienez, baldintza onenak haiek izan zituzten.

Gazteak olatu artean lehian ari ziren bitartean, Iñigo Landa aizkolari eta surflariak, erakustaldia egin zuen Angeluko Club hondartza bitan banatzen duen barraren gainean. Trikitilari eta ikusleen oihuek lagunduta lau kana-erdiko moztu zituen zarauztarrak. Landak gainera, arratsaldeko surf txapelketan ere parte hartu zuen

Nesken eta gaztetxoen txapelketak amaitu eta sari banaketak egin ostean hasi zen Glisseguna ezagun bilakatu duen txapelketa, alegia, Tag Team edo taldekako lehiaketa.

Eredu parte-hartzailea

Taldekako lehiak duen ezaugarri nagusia parte hartzea da. Lehiakideak talde giroan lehiatzen dira eta ikusleentzat ere erakargarria da, banakako eredua baino dinamikoagoa baita. Gainera, taldeetan adin, sexu eta maila desberdinetako jendea izaten da eta aniztasun horrek kolorea ematen dio lehiari.

Talde bakoitzak izen bat hautatu behar du, baina euskarazko izena behar du. Mozorrotua egoteak ere puntuatzen du, beraz izena eta mozorroa bat baldin badatoz puntu gehiago lor daitezke. Amaieran, mozorro onenaren saria ere izaten da.

Izena eta mozorroa erabaki ostean, lehia hasten da. Aurtengoan 14 talde ziren, beraz, bi txandatan egin zuten lehiaketa. Lehen txandan erdiak kaleratuak izan ziren eta horren ostean finala izan zen.

Ordu bat dute lehiakideek irteera eremutik banaka abiatu eta denbora amaitzen denerako guztiak abiapuntuan bilduta egoteko. Lehiakide bakoitzaren bi olatu onenak hartzen dituzte kontuan epaileek, eta talde bakoitzak taldeburu bat du. Taldeburuak olatu bikoitz bat egiteko ahalmena du, baldin eta erori baino lehen bi besoak jasotzen baditu. Lehiakideak txandaka itsasoratzen dira eta ezin dute itsasoratu uretatik irten den lagunak eskua eman arte.

Uretatik atera ostean, lehenik sokatiran egin behar dute beste taldeen aurka eta jarraian espartin jaurtiketa egin behar dute. Hau da, oin batean Baionan edo Maulen egindako abarketa bat jarri eta ostiko bat emanez bezala, ahalik eta urrutien bota behar da oinetakoa.

Lehenik zazpi talde itsasoratu ziren, jarraian beste zazpi taldeen txanda izan zen eta atsedenik hartzeko betarik gabe, finala egiteari ekin zioten. Surflariak irteera abisuaren zain zirela, bozgorailuetako musika isildu eta barraren gainean zeuden bi txalapartari zurezko taulei kolpeka hasi ziren. Lehiakideek beraz, luxuzko musika entzun ahal izan zuten.

“Txapela” izeneko taldeak irabazi zuen taldekako lehia, eta txapela kentzekoa izan zen lehiakideen zein ikusleen parte hartzea. Horrela, Angeluko eremu frantsesena izan daitekeen lekuetako batean, euskarak eta euskal kulturak arnasa pixka bat hartu ahal izan zuten pasa den larunbatean.

Honi buruzko guztia: Surf