Ariane KAMIO
DONOSTIA

Canonizatuak

Harkaitz Canoren narraziogintzan urpekaritzan aritu da Irati Jimenez, idazle lasartearrak 1994an sortu zituen lehenengo ipuinen zurrunbiloetan sartu eta «Beti oporretan» azken bilduman porturatu arte. Ez da ur horietan ito. Aise atera da ur azalera, «Mecanografiak» antologia flotagailu gisa baliatuta. Jimenezek egindakoa ez da tesi akademiko bat, Harkaitz Canoren ipuin ibilbidetik egindako hautaketa zabal eta atsegin bat baizik. Publiko guztientzat irensgarri.

Ez dute aldareetara igo, ez eta soineko estranbotikorik jantzi ere. Ez dauka egur-urrez egindako estatuarik, baina egin izan ditu bidaiak Erromara, literaturan behintzat. Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975) berezkoa du ipuinaren generoa. Askotan aitortu izan du autoreak hori duela literatur olgeta. 1995ean argitaratu zuen bere lehen ipuin bilduma. Ordutik, hamarnaka dira liburuetan zein beste euskarri batzuetan utzi dituen lanak, “Radiobiografiak” aitzindari hartatik, “Neguko zirkua” gogoangarrira, azken “Beti oporretan” obrara iritsi arte.

Irati Jimenezek hartu du konpilazioa –eta konplikazioa– egiteko ardura. Aspalditik zerabilen Txalaparta argitaletxeak halako antologia egiteko asmoa. Mikel Soto editore ohiak –berriki utzi du argitaletxeko editore postua– azaldu zuenez, argitaletxeetan ideiak ugariak izaten badira ere, zaila izaten da lana burutuko duen pertsona egokia bilatzea, ikuspegi akademikotik egin nahi ez bada behintzat.

Irati Jimenezek uko egin zion ertz horri eta Canoren ipuingintza ibilbidean urpean lanean ibili ondoren, aukeraketa zabala egin du. «Azkenean, intuizioari jarraitzea erabaki nuen, jakinik helburua ez zela ikuspegi akademikotik egitea; gehiago zen bere narraziogintzaren ikuspuntu zabala ematea», esan zuen Jimenezek atzo, Donostian egindako prentsaurrekoan.

Hasiera haietatik

Bere ibilbide osoan idatzitako ipuinak batu dira “Mecanografiak” bilduman, “Radiobiografiak” deskatalogatutakoak, adibidez. Jaime Otamendik eta Arantxa Iturbek Euskadi Irratian gidatzen zuten “Goizean behin” saiorako egindako kolaborazioetatik sortutako lana izan zen hura. «Astean behin joaten nintzen irratira eta ipuin bat irakurtzen nuen. Gehienetan bezperan idatzitakoa. Batzuk ametsak ziren, beste batzuk pertsonaia jakinen biografien gainean egindako ipuinak, baita sekula bisitatu ez nituen hiriei buruzkoak ere», aitortu zuen Canok.

“Bizkarrean tatuaturiko mapak”, “Neguko Zirkua” eta beste argitalpen batzuetatik edan du Jimenezek. Baita literaturaren eremutik kanpo publikatutakoetatik ere; GARArako egindako ipuin sail batekoak, adibidez, edo Athletic Fundazioarentzat egindako narrazioa, esaterako.

Garrantzia kentzen saiatu zen Cano berari eskainitako antologiaren aurkezpenean. «Oso sentsazio arraroa da lan gutxi eginda liburu bat aurkeztea», bota zuen broman. Bere hitzetan, idazle batek maiz berrirakurri beharko lituzke bere lanak argitaratu aurretik, eta sekula ez argitaratu ondoren. «Baina hori teoria besterik ez da».

Mende laurdenean idatzitako lan batzuk berrirakurri dituenean, sentipen desberdinak piztu dizkiote berak idatzitakoek. Esaten duenez, batzuk behe-laino artean gogoratzen ditu; «badakit zertaz doazen, baina ez ditut oso ondo gogoratzen». Eta beste batzuk, erabat ahaztuak ditu: «Bizpahiru ipuinekin gertatu zait halakorik. Zure autobiografiak berak suspensea sortzen du», jarraitu zuen umorearen lerroari eutsiz.

«Ipuin bat begi ertzetik ikusten den zerbait da. Eta antologia bat egiten denean, zeure burua ertz desberdinetatik begiratzea bezalakoxea da. Askotan sentitu naiz ‘Memento’ filmeko protagonista bezala».

Berrirakurketak ere badu ondorio positiborik, Canoren aburuz. «Berrirakurketetan zeure buruarekiko eta lanarekiko perspektiba ez da zurruna. Gaur iraganeko ipuin batzuk gehiago gustatzeak ez du esan nahi bihar rankingean leku berean egongo direnik. Nork bere biografiarekiko duen perspektiba likidoa da. Zeure burua kategorikoegiki ez epaitzeko sintoma da, eta hori zure bizitzan ere errepikatzen da», gaineratu zuen. Jimenezen arabera, Canoren jarraitzaileek ipuin ezagun eta ez hain ezagunak aurkituko dituzte eta, ezagutzen ez dutenek, denetarik emango dien antologia izango dute esku artean.