Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Hizkuntza eskubideak bermatuko dituen legearen aldeko jardunaldia, Iruñean

«Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean» jardunaldia antolatu du Iruñean UEUk, Kontseiluaren laguntza eta Euskarabidearen babesarekin. Nafarroan pairatzen den zonifikazioaren ondorioak alderdi juridiko, historiko, administratibo eta soziolinguistikotik aztertuko dituzte bertan. Euskararen garapenak izan dituen oztopoek ere lekua dute hilaren 29an izanen den jardunaldi honen egitarauan. Izen-ematea doakoa da eta www.ueu.eus helbidean egin daiteke.

Jardunaldi honek bat egiten du Nafarroan zonifikazioa gaindituko duen lege berri baten beharraren gainean sortu den eztabaidarekin. Horren inguruan batzorde berezi bat antolatu da Parlamentuan. Emaitzak agintaldi honetan emateko asmoa dago, eta zonifikazioa gainditu eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatuko duen legea sortzeko aukerak badirela nabarmendu dute hainbat eragilek.

Ildo honetan, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok atzoko aurkezpenean gogorarazi zuenez, 2016an Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuen erakunde honek eta euskara herrialde osoan ofiziala izateko ekimena gauzatu zuten. «Orduan agerian geratu zen gaur egun ezinezkoa dela Nafarroan euskaraz osotasunean bizitzea», esan zuen.

2017an Parlamentuan batzordea antolatu ondoren, Kontseiluak gaia herrietara eraman zuen lan-saioak antolatuz, lege berria herritarrekin idazteko asmoz. Bertan jasotako ondorioak kontuan hartu dira legearen inguruko proposamenak aurkezteko orduan. Hala, urriaren 3an Parlamentura itzuliko da Kontseilua.

«Lege berriak, herritar guztien arteko berdintasuna bermatu beharko du. Horregatik, ezinbestekoa izango da zonifikazioa gainditzea. Justizia eta erreparazioa behar da urteetan euskaldunok jasandako egoera iraultzeko eta horrek lege babesa behar du», esan zuen Bilbaok.

Roldan Jimeno historialariak aipatu zuenez 2015 urtean Nafarroan izandako aldaketa politikoak 1986ko legea gainditzeko itxaropen handia sortu zuen euskaldunen artean .