Ion SALGADO
GASTEIZ

«Ikuskari papera» uzteko eskatu dio EAJk EH Bilduri

EH Bilduk «busti» beharra duela adierazi zuen atzo Joseba Egibar EAJren bozeramaileak. Honen iritziz, subiranistek atzo eginiko hitzartzea «deskriptiboa» da. Maddalen Iriartek egindako diskurtsoa «ikuskaritza batetik egiten den diskurtso bat» zela adierazi zuen. Eta EH Bildu alderdi politiko bat dela gogorarazi zuen, «ez da ikuskaritza bat».

Bilkuran azaldu zuenez, hurrengo hilabeteetan zenbait erronkari aurre egin beharko die Gasteizko Gobernuak; esaterako, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren egokitzapena, eta desafio horri heldu behar zaiola ohartarazi zien EH Bilduko legebiltzarkideei. «Sartuko zarete eta bustiko zarete, edo bertan geldituko zarete eta ikuskaritza papera asumituko duzue», bota zien jelkideak.

DSBEren erreforma erronka politiko-soziala dela gaineratu zuen Joseba Egibarrek, eta gizarte laguntzak bermatzeko, aurrekontuak onartu behar direla oroitarazi zuen. «Erakundeek aurrekontuak onartuta badituzte, herri honek aurrerapauso sendoagoak emango ditu. Hori argi dago», gaineratu zuen autogobernuari buruz hitz egin baino lehen.

Estatus berria

Gai honi buruz, estatus berri bat onartu beharra dagoela esan zuen. Izan ere, indarrean den Estatutua «ez da sendoa», eta ez du segurtasuna bermatzen. Hortaz, Gasteizko Legebiltzarrean adostutako hitzarmen berri bat eztabaidatu behar dela aldarrikatu zuen, eta «muga bakarra, euskal herritarrek euskal instituzioen eskutik erabakitzen dutena» dela azpimarratu zuen. «Gero negoziatuko da, negoziatu behar den guztia».

Zentzu horretan, gaur egun Legebiltzarrak 1979ko Estatutua ez lukeela onartuko adierazi zuen: «Gaur tramitatzen hasiko bagina, hemengo posizioak kontuan izanda gaurko Estatutua ez genuke aterako». 18. artikulua aipatu zuen adibide gisa, Gizarte Segurantzaren eskumenak jasotzen direla azalduz, hau gaineratzeko: «Alderdi politiko batzuek dauzkaten posizioak ikusita ez genuke aterako».

«Zer esanik ez, izaera nazionalari dagokionez eta antzeko kontzeptuez», esan zuen, eta duela 40 urte Estatutuaren idazketan parte hartu zutenek Euskal Herria errealitate «nazional» bezala ikusten zutela gogoratu zuen.

Halako definizioak aintzat hartuta, Egibarrek uztarketa bat egin daitekeela azaldu zuen, «eta estatus politiko berri horrek bidea eduki dezakeela; bide politikoa, bide demokratikoa eta baita arauen eskutik bide legala ere». «Hortik aurrera erabakitzeko eskubidearen debatea eta kontzeptua luzatu daiteke nahi den punturaino, baina garbi dagoena da herritarrengan dagoela eta egongo dela erabakitzeko eskubidea».

Estatus berriaren oinarriak Gasteizko Legebiltzarreko bi talde handienek adostu dituztela nabarmendu zuen, eta hirugarren indarrak eskubide sozialen kapitulua babesten duela.